Pilotaren festa borobila

Ataria 2023ko uzt. 15a, 14:12

Tolosa-Aurrera klubaren Pilota Festa izan da gaur goizean, Beotibarren. Benjamin eta alebin mailakoen topaketa jokatu dute eta finaletan Eki Altuna-Oihan Artola, eta Xuban Juantorena-Josu Zubelzu aritu dira. 2023-2024 denboraldiko kamiseta berriak aurkeztu dituzte, era berean.

Giro onean eman dute goiza Beotibar frontoian. Tolosa CF eta Aurrera K.E.k Pilota Festa ospatu dute eta zale asko bildu dira bertan. Benjamin eta alebin mailakoen topaketekin hasi dute eguna eta finaletan Eki Altuna-Oihan Artola, eta Xuban Juantorena-Josu Zubelzu aritu dira. Eki Altunak irabazi du partida 12-11ko emaitzarekin, eta Xuban Juantorenak alde handiagoarekin lortu du garaipena, markagailuan 12-5 utziaz.

 

Kamiseta berria

Behin finalak jokatuta kamiseta berriaren aurkezpena egiteko baliatu dute hitzordua. Xabier Yanguas klubeko lehendakariak aurkeztu ditu kamisetak, klubeko beste hainbat kiderekin batera. Eskerrak eman dizkie kluba babesten duten guztiei eta esan du Tolosa Aurrera pilota kluba eskualdeko pilota klub nagusia dela. Tolosa CF klubaren barruan egonagatik, izaera autonomoa eta zuzendaritza talde propioa dituela gogoratu du. Aurrera begira hainbat erronka dituzte klubean, «emakumeen presentzia areagotzea, entrenamenduen kalitatea hobetzen jarraitzea, Tolosan eta eskualdean esku pilotaren inguruko dinamizazioarekin jarraitzea, tolosar guztiengana iristeko ahalegin gehiago egitea edota babesle iraunkorrak aurkitzea, teknikarien profesionalizazioa sustatzeko».

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!