Erlezaintzan sakontzeko

Jon Miranda Labaien 2023ko uzt. 14a, 19:59

Balerdipeko Erleak proiektuko kideek hamabi orduko oinarrizko erlezaintza ikastaro bat eskainiko dute hurrengo bi asteetan: Tolosan egingo dituzte saio teorikoak, eta Bedaion praktikoak.

Urtebete inguru da Mattin Jauregik (Ikaztegieta, 1998) Balerdipeko Erleak proiektua martxan jarri zuela, Inaxio Arin kidearekin batera. Erlezaintza aukeratu dute lanbidetzat, eta euren jardunaren zati handi bat ofizioaren dibulgazioari eskaintzen diote. Aurretik erlategirako bisitak antolatu izan dituzte, edo egun bateko ikastaroak eskaini, baina, aurrerapausoa eman, eta hamabi orduko ikastaro trinko bat antolatu dute orain. Gaur eta datorren ostiralean, saio teorikoak eskainiko dituzte Tolosako Bizziz dendan, eta bihar eta datorren larunbatean, Bedaion duten erlategian egingo dituzte saio praktikoak. Dozena bat lagunek eman dute izena jada.

“Ezagutza trukatzeko asmoz” antolatu dute Jauregik eta Arinek gaur hasiko den ikastaroa. Fruta-arbolak eduki eta haiek polinizatzeko asmoz etxe inguruan erlea mantendu nahi duenarentzat; etxeko kontsumorako eztia, polena edo propolia ekoitzi nahi duenarentzat; edo erlea gustatu eta erlezaintzan hasi nahi duenarentzat egoki ikusten dituzte egunotako saioak. “Modu profesionalean, Gipuzkoan ez gara hamabost erlezain baino gehiago arituko, baina oraindik jende asko dago afizioz erlauntza pare bat edo hiru jarrita dauzkana”. Profesionalek urtean euren erleen %30 galtzen dute. “Eta pentsa dedikazio osoz haiei begira ez daudenek zenbat gal dezaketen. Ikastaroarekin azaldu nahi dugu nola antolatu erlauntza, nola maneiatu erlea eta nola hartu erabaki egokiak, erlategia etsaiengandik babestu eta etekina ateratzeko”.

Liztor asiarraren arriskua

Liztor asiarra da bertako erleak duen arriskurik handienetakoa, eta, Jauregiren iritzian, 2006tik hona ez dute asmatu espezie inbaditzaile horri aurre egiten. “Oso azkar zabaltzen da, eta kalte handia egiten du. Liztor asiar batek egunean hiru erle jan ditzakeela kalkulatzen dugu. Lehen esaten zen 400 metrotik gora ez zutela bizirauten, baina 600 metrotan ere ikusten ditugu gaur egun. Haiek ere gure ingurura egokitu dira”. Jauregiren ustez, ez da erraza arazo hori konpontzea, eta, askotan, erlezainek erlategiak mugitu beste erremediorik ez dute izaten liztor asiarrari iskin egiteko.

Varroa izeneko akaroa da erleak duen beste arazoetako bat. Varroari aurre egiteko tratamenduak egon badaude, baina Jauregik dio ez direla %100 eraginkorrak. Balerdipeko Erleak proiektuko kidearen esanetan, hobekuntza horietan sakontzeko erlezainek inbertsioa egin behar izaten dute eta eurena bezalako “haztegi txikiei” ez diete erakundeetatik behar bezainbesteko arreta jartzen: “Inbertsioak eskatzen dituen ofizioa da gurea. Erlezaintzan hasi nahi duenak aurrena ganadua erosi behar du; erleak ez dira berez etortzen. Gero, lurrak behar ditu, eta gaur egun nekazari gazte batek zailtasun handiak ditu instalatzeko”. Laguntzak “nekazaritza intentsibora” bideratzen dituztela salatu du. “Oso espezifikoak diren ekoizpenetara eta kantitate handietara. Bestelako eredu baten alde egiten dugu guk”.

Erlezaintzaren inguruko kultura desagertzen ari dela uste dute Balerdipeko Erleak proiektuko kideek: “Baserlea galdu egin da dagoeneko. Lehen, edozein arbola ipurditan edo teilatu azpitan bizirauten zuen. Orain, kutsadura geroz eta handiagoa da, gaixotasun gehiago dago, eta, zaintzen ez badugu, nekez biziraungo du”. Erlearen inguruko kultura hori dena galduz joan dela gaineratu du. “Baina duela ehun milioi urte eta gaur egun ere erleak garrantzi berbera du naturan”.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!