Auzoetako ordezkariekin aurrez aurreko bilerak egingo ditu Tolosako Udalak

Ataria 2023ko uztailaren 14a

Tolosako auzo elkarteetako ordezkariak

Datorren asteazkeneko lehen bilerara auzo guztietako ordezkariak deitu dituzte, egutegiaren eta antolaketaren proposamenaren berri emateko. Ikasturte berriari begira, berriz, auzo bakoitzarekin bakarkako bilerak egitea da asmoa.

Auzo elkarteekin eta auzotarrekin komunikazio zuzena hobetzea eta beren parte hartzea indartzea da Tolosako udal gobernu berriaren helburu estrategikoetako bat. Horretarako, aurrez aurreko bilerak egiteko proposamena landu dute.

Dinamikaren nondik norakoen berri emateko lehen bilera orokor bat egingo da, auzo guztietako ordezkariekin, datorren asteazkenean, hilaren 19an. Hitzordua 18:00etan izango da, udaletxeko pleno aretoan. 

Udalaren proposamen hori behin behinekoa da, eta ekarpenak egiteko aukera izango dute auzo elkarteek. Behin betiko plana lehen bilerako iritziak entzunda osatuko da, eta irailean jarriko da martxan. Ordutik aurrera, auzo bakoitzarekin bakarkako bilerak egitea da asmoa.

Egitasmo honen helburua komunikazioa hobetzea ez ezik, auzo elkarteen eta, oro har, herritarren parte hartzea indartzea da. Parte hartze hori, gainera, bi norabidetan landu nahi du udalak: batetik, udalari proposamenak egiteko zuzeneko bide bat sortzea da asmoa; bestetik, herritarrei erabakietan parte hartzeko bide eman nahi zaie.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!