Tolosako Usabal kiroldegiko langileen greba

Usabalgo langileek manifestazioan parte hartzera deitu dute

Ataria 2023ko uztailaren 13a

Pasa den maiatzetik greban dauden Usabal kiroldegiko langileek manifestazioa egingo dute gaur, 19:00etan, Tolosako Trianguloa plazatik abiatuta.

Langileek esan dutenez, Tolosako Udalean aldaketa izan ostean, «azken asteetan negoziaketa bilerak bultzatu eta egoera desblokeatzen saiatu arren, ez da gatazkari irtenbidea ematea lortu». BPXport enpresarekin izandako azken bileran «mugimenduak» egin zituztela esan dute, «baina enpresaren jarrera guztiz ezkorra da, apirilak 25tik mugitu gabe baitago». Hala, gatazka konpontzeko egindako saiakerekin irtenbiderik lortu ez denez, Tolosako Udalak «agindutako» esku hartzearen zain daudela esan dute langileek: «udala da instalakuntzaren eta zerbitzu publiko hau ematearen arduradun, eta haien parte hartze aktiboa eskatzen dugu egoera ahalik eta azkarren konpontzeko».

Egoeraren ondorioak herritar guztiei eragiten dietela jakitun direla diote, eta horregatik manifestaziora gonbidatu dituzte.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!