Txakurren munduarekin loturiko materiala saltzeaz gain, txakur-heziketaren eta jarrera moldaketaren gaineko entrenamenduak eskaintzen ditu Tolosako Urubi dendak.
Txakurrei heziketa on bat eman ahal izateko edota egunerokotasunean arazoak eman ditzaketen jokabideak zuzendu ahal izateko heziketa zerbitzua emateaz gain, bi laguntza talde ezberdin dituzte antolatuta laguntza gehigarri bezala. Alde batetik, Retriever arrazako txakurrekin osatutako taldea, eta bestetik, usaimena lantzeko taldea.
Xabier Moiua dendako arduradunak txikitatik izan du harreman estua txakurrekin eta 20 urte daramatza Labrador Retriever arrazako txakurrekin Espainiako txapelketetan parte hartzen. 2021. urtean Hungarian jokatu zen Europako Retriever Txapelketan parte hartzeko aukera izan zuen, era berean. Formakuntzari garrantzia handia ematen dio eta hainbat saio jaso ditu mundu mailako hezitzaile profesional hoberenekin, hala nola, Frantziako Daniel Ferrie eta Jean Louis Rechia, Belgikako Stefan Bollen, Italiako Stefano Martinoli edo Irlandako Ivan Lee hezitzaileekin.
Formakuntza horrek zerbitzua pertsonalizatua eskaintzeko aukera ematen dio: «Denda mailan eskaintzen dugun zerbitzua pertsonala da. Bezeroari eskaintzen diogun arreta pertsonalizatua da eta asko inplikatzen gara kasu bakoitzean. Horrez gain, doako etxez etxeko zerbitzua ere badugu».
Lokal berriaren irekiera
Pasa den urteko abenduan lekualdatu zuenKale Nagusira 2007. urtetik martxan dagoen txakur heziketa denda, eta ekaintza areagotzeko aukera eman dio horrek. «Orain lokal zabal eta handiagoa daukagu, eta gure bezeroei zerbitzu hobea eskaintzeko gai gara», gehitu du.
Xabier Moiuak azaldu duenez, dendara gerturatzen diren bezero gehienak txakurrarekiko interpretazio eta komunikazio okerra izan ohi dute: «Gaizki egiten dugun gauzetako bat da txakurra gizakion ikuspuntutik interpretatzea. Kontuan izan behar dugu, txakurra beste izaki bizi bat dela, bere pentsamendu eta emozioekin. Gizakiok txakurrarekiko dugun erlazioan nahastu egiten garela esango nuke nik, eta batzuetan, modu okerrean itzuli nahi izaten diegu eurek musu-truk ematen digutena».
Txakurrak, familiari onura
Txakur bat etxera ekartzen den momentutik, familiari onura handia dakarkiola aipatu du Moiuak, izan ere, familia baten bizitza zentzu onean aldatzeko gai dira. Guztiz aldatzen dute familiaren eguneroko bizitza eta familiako kideak pertsona aktiboagoak izatera bultzarazten dituzte automatikoki. «Txakurrek, gizakiok bezala, gauzak egiteko beharra dute eta beraien egunerokotasuna monotonia bat ez izaten saiatu behar gara. Horregatik da garrantzitsua beraien garapen emozional eta kognitiborako beste pizgarri batzuk izatea». Txakurrari etxe bat, nahi duen janari guztiarekin, eta maitasuna ematearekin nahikoa dela uste dugula dio Moiuak, horrela bere beharrak aseko direlakoan, baina hori ez dela horrela dio.
Kontzientziatzeko hitzaldiak
Moiuak gehitu du irailetik aurrera Urubi dendan hitzaldiak eskaintzeko asmoa duela txakurrak dituzten eta ez dituzten pertsonen artean bizikidetza on bat garatzeko helburuarekin. Horri lotuta gonbita luzatu dio gai horren inguruan interesa duen edonori Kale Nagusian dagoen Urubira gerturatzeko eta informazioa eskatzeko.
Moiuak dioenez, txakur bat etxera ekartzea erabakitzen badugu, kontuan eduki behar dugu erantzukizun handia dela. «Sare sozialek ez dute txakurraren benetako errealitatea erakusten, dena erraza balitz bezala kontatzen dute, eta guztiz kontrakoa izaten da. Txakur bat ekartzen duzun momentutik, lan handia egin behar da», gehitu du.
Urubi denda
- Helbidea. Kale Nagusia, 3 (Tolosa).
- Telefono zenbakia. 943 67 18 66
- Ordutegia. Astelehenetik ostiralera 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:30era, eta larunbatetan 10:00etatik 13:00etara.
- Webgunea. Urubi.company.site
- Emaila. urubi13@gmail.com
- Facebook. Urubitienda
- Instagram. Xabiermoyua
- Zerbitzuak.
- Entrenatzeko materiala
- Doako etxez etxeko zerbitzua
- Heziketa saioak
- Txakurrentzako elikadura