Hiru finalista postu 18 urtez azpiko Espainiako Atletismo Txapelketan

Ataria 2023ko uzt. 12a, 17:00

Tolosa CF-ko zazpi atleta eta lau entrenatzaile izan ziren Gijonen (Asturias) pasa den asteburuan.

Klubetik azaldu dutenez, «emaitza aipagarriak» lortu zituzten, guztira hiru finalista postu eskuratuz. Unax Armendariz bosgarren izan zen 3.000 metrotan, 8.38,11rekin marka pertsonala eginaz. Nesken 4x100 erreleboan Iraide Tejeria, Laia Azpilgain, Kira Pascual eta June Lopetegi atletek parte hartu zuten eta seigarren izan ziren, bosgarren postukoen marka berdina eginaz, 48,95rekin. Hori ere marka pertsonala izan da laukote urdinarentzat. Bestalde, Kira Pascual berastegiarra zortzigarren izan zen 200 metrotan 25,46 eginez eta marka pertsonala lortuz.
 
Saioa Carranzak luzera jauzian parte hartu zuen eta 3 zentimetrorengatik ezin izan zuen hobekuntza fasera pasa eta proba bederatzigarren amaitu zuen 5,27 metro markarekin. Idoia Arrospidek ere marka pertsonala egin zuen 800 metrotan 2.16,25rekin eta 11. postua lortu zuen.
 

9 DOMINA 16 URTE AZPIKOAN

Tolosa CF-ko 40 atleta baino gehiago izan ziren uztaila hasieran 16 urtez azpiko Euskadiko Txapelketan, Gasteizen, eta guztira 9 domina lortu zituzten. «Bertan izandako talde giro bikaina azpimarratu behar dugu. Belaunaldi berriak gogor datozkigu ate joka», esan dute klubetik.

Urrezko domina bat lortu zen txapelketa horretan, Eneko Zubiak pisuan eskuratutakoa (13,20 metro). Zilarrezkoak hiru izan ziren: Eneko Zubiak diskoan (33,53 metro), Maddi Zubia diskoan (26,79 metro) eta Ekhi Civico 1.500 metro oztopoetan (4.55). Brontzezkoak bost lortu zituzten; Xabat Goenagak pisuan (11,25 metro), Maddi Zubiak pisuan (8,94 metro), Maier Etxabek 300 metro hesietan (47,11), Jon Urkizarrek 1.000 metrotan (2.47) eta Eider Berazak jauzi hirukoitzean (10,52 metro). Klubetik zehaztu dutenez, gainontzeko atletek ere parte hartze aipagarria izan zuten marka pertsonal ugarirekin.

 

IZEN EMATEA ZABALIK

Tolosa CF Atletismok jakinarazi dutenez, 2023/2024 atletismo eskolako izena emateko aukera zabalik dago. Benjaminek (2014 eta 2015 urteetan jaiotakoak) astearte eta ostiraletan izango dituzte saioak, 17:30etik 18:30era. Alebinek (2012 eta 2013 urteetan jaiotakoek) astelehen eta asteazkenetan izango dituzte saioak, 17:30etik 18:30era. Infantilek (2011 eta 2010 urteetan jaiotakoek), astelehen, asteazken eta ostiraletan izango dituzte saioak, 17:20etik 18:35era.

Informazio gehiago jasotzeko interesa duenak, 676 487 222 zenbakira deitu, atletismo.tolosacf@gmail.com helbidera idatzi edo https://labur.eus/p9xSi helbidean sartu daiteke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!