Olatz Peon, EAJko legebiltzarkide berria

Ataria 2023ko uztailaren 11

Duela gutxi arte Tolosako alkate izan denak Maialen Gurrutxagaren lekukoa hartuko du, maiatzeko udal hauteskundeetan Elgoibarko alkatetza lortu ostean.

EAJko talde parlamentarioak lau kide berri ditu, tartean, duela gutxi arte Tolosako alkate izan den Olatz Peon. Beste hirurak Josune Escota, Ainhoa Santisteban eta Markel Aranburu dira.

Gipuzkoako zerrendan, Peonek Maialen Gurrutxagaren lekukoa hartuko du, aurreko udal hauteskundeetan Elgoibarko alkatetza lortu ostean. Aranburuk, berriz, Irune Berasaluze ordezkatuko du. Izan ere, Berasaluzek Eider Mendoza ordezkatu du Gobernantzan eta Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaile izendatu dute.

Escota eta Santisteban EAJk 2020an Bizkaian aurkeztu zuen zerrendan zeuden, eta Itxaso Berrojalbiz (Ogasun eta Finantzetako foru diputatua) eta Leixuri Arrizabalaga (Euskara, Kultura eta Kiroleko foru diputatua) ordezkatu dituzte, hurrenez hurren.

Escota, Santisteban, Aranburu eta Peon euskal parlamentari gisa akreditatu dira dagoeneko, eta Hauteskunde Orokorren ostean jabetuko dira karguaz, Legebiltzarrean egingo duten lehen ohiko osoko bilkuran.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!