Irati Lakunza eta Haizea Izagirre, Espainiako txapeldun

Ataria 2023ko uzt. 11a, 10:00

Torreviejan (Valentzia) jokatu dira hegats igeriketako Espainiako Txapelketak. Igarondo Urpekoak taldeko 12 igerilarik parte hartu dute; Lakunzak eta Izagirrek urrezko bina domina irabazi dituzte.

Irati Lakunzak 4 domina lortu ditu Torreviejan (Valentzia) jokatu diren hegats igeriketako Espainiako Txapelketetan. Horietatik 2 urrezkoak, ur gaineko eta eskafandra modalitatetako 400 metrotako probetan, eta beste bi, zilarrezkoak, modalitate berdinetako 100 metroko probetan. «Entrenamendu on bat izan da datorren asteko Europako txapelketa prestatzeko. Bertan dominak irabazteko aukera handiak dauzka, lan handia egin ondoren, ea nahi ditugun emaitzak iristen diren», adierazi dute Igarondo Urpekoak taldeko ordezkariek. Lakunzak 400 metro ur gaineko proban eta 400 metro ur azpiko proban parte hartuko du Europako Txapelketan. Horrez gain, erreleboko probaren batean ere parte hartuko du ziur aski.

Junior mailan, Haizea Izagirrek txapelketa bikaina egin zuen, hiru domina lortuta, urrezko bi eta zilarrezko bat. Ur gaineko 200 eta 400 metrotako probetan txapeldun izan zen, eta 100 metroko proban txapeldunorde. «Txapelketa honetan hautsi ditu bere markak eta espero genuen emaitzak eman dizkigu», nabarmendu dute.

Bi emaitza horiez gain, gainerako igerilariek emaitza onak lortu zituzten. Unai Erasok, esaterako, brontzezko domina irabazi zuen eskafandra modalitateko 400 metroko proban. Maite Gibelalde, berriz, podiumeko postuetatik gertu ibili zen abiadurako probetan; apnea modalitateko 50 metrotako lasterketan bosgarren izan zen.

Senior mailako erreleboetako lasterketan, Jone Gorostidik eta Garazi eta Maddi Goenagak parte hartu zuten. Junior mailakoan, berriz, bi talde izan ziren; nesketan, Sara Goenagak, Nerea Telleriak eta Leire Pradosek parte hartu zuten, eta mutiletan, Mikel Estebanek, Patxi Mongek eta Jon Telleriak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!