Hiru lan esparru zabaletan antolatuko da udala agintaldi berrian

Ataria 2023ko uzt. 7a, 11:57

Orain arteko eredua jarraituko du udal gobernu berriak. Alkateak eta hiru lan esparruetako koordinatzaileek dedikazio esklusiboa izango dute eta lanaldi erdikoa Kultura eta Berdintasun zinegotziak; EAJko bi zinegotzi ere dedikazio osoz ariko dira, eta dedikazio partziala izango du, berriz, PSE-EEko ordezkariak.

Datozen lau urteetan Tolosako Udalak izango dituen egitura eta lan dinamika definitu ditu udalbatzak agintaldiko lehen osoko bilkuran. Hiru lan esparru zabaletan oinarritutako ereduarekin jarraituko du aurrerantzean ere EH Bilduren udal gobernuak, "fintzen jarraitzeko asmoarekin", osoko bilkuran aipatu duenez. Antolakuntza lan esparruko koordinatzaile izango da Kristina Pelaez; Lurralde lan esparruko koordinatzaile Ander Figerido; eta Herritarren lan esparruko koordinatzaile Aitor Agirresarobe. Lan esparru horiekin lotutako batzorde informatibo iraunkorrak ere eratu dituzte lehen osoko bilkuran eta batzorde horietako bakoitza zazpi zinegotzik osatuko dute: EH Bilduko lauk, EAJko bik eta PSE-EEko ordezkariak.

Lan esparru bakoitzaren barruan udaleko sailak eta azpisailak egongo dira, eta horietako bakoitzak zinegotzi delegatu bana izango du. Zinegotzi delegatu hori arlo hori koordinatzeaz arduratuko da, eskumenak eskuordetuta izango dituzten gainerako zinegotziekin batera.

Honela geratuko dira lan esparruak eta delegazioak banatuta: 

  • Antolakuntza lan esparrua: Kristina Pelaez
    • Idazkaritzako Sailaren delegatuak, azpisailen arabera:
      • Idazkaritza Orokorra, Administrazioaren Modernizazioa, Kontratazioa eta Ondarea: Kristina Pelaez
      • Giza Baliabideak : Josune Sanz
      • Erregistroa eta Informazioa, Herritarren Arreta Zerbitzua (UDATE): Garbiñe Marzol
      • Etxebizitza: Ander Figerido
    • Informatika eta teknologia berrien sailaren delegatua: Kristina Pelaez
    • Kontu-hartzailetza eta Diruzaintza sailaren delegatua: Estitxu Kortejarena
    • Udaltzaingo sailaren titularra, delegaziorik gabe: Andu Martinez de Rituerto
  • Lurralde lan esparrua: Ander Figerido
    • Hirigintza, Obra eta Zerbitzuak, Mugikortasun, Ingurumen eta Trantsizio Energetikoaren sailak ondorengo delegatuak izango ditu, jarraian aipatzen diren azpisailen arabera:
      • Hirigintza eta obrak: Ander Figerido.
      • Jasangarritasun, Ingurumen. Mugikortasun, Trantsizio Energetikoa eta Landa Garapena: Aitor Agirresarobe
      • Obra eta Zerbitzuak: Ander Figerido .
  • Herritarren Lan-Esparrua: Aitor Agirresarobe
    • Gizarte Zerbitzu eta Osasun saila: Kristina Pelaez
    • Garapen Ekonomiko eta Enplegu-Sustapen azpisaila: Estitxu Kortejaren
    • Turismo, Merkataritza eta Azoken azpisaila: Aitor Agirresarobe
    • Euskara eta Euskaltegia azpisaila: Garbiñe Marzol
    • Gazteria eta Hezkuntza Politika azpisailak: Aitor Agirresarobe
    • Kirol Saila: Andu Martinez de Rituerto
    • Kultura azpisaila: Goiuri Ezeiza
    • Festetako azpisaila: Aitzol Gartzia
    • Komunitatea eta Gobernantza saila: Josune Sanz
    • Berdintasun saila: Goiuri Ezeiza

Alkateordeen izendapena, berriz, hurrenkera honetan egin da: Ander Figerido, Kristina Pelaez, Aitor Agirresarobe eta Goiuri Ezeiza. Hain zuzen, lau alkateordeek Tokiko Gobernu Batzarra osatuko dute, alkatearekin eta Estitxu Kortejarena zinegotziarekin batera.

Dedikazioa eta ordainsariak

Agintaldi berrian alkateak eta lan esparruetako koordinatzaileek dedikazio esklusiboa izango dute, eta lanaldi erdikoa, berriz, Kultura azpisaileko eta Berdintasun saileko zinegotzi delegatuak. EAJk bi zinegotzi izango ditu dedikazio esklusiboan, eta dedikazio partziala izango, du aldiz, PSE-EEko ordezkariak.

Eudel udalerrien elkarteak ezarritako irizpideen arabera, gehieneko ordainsaria baino %15 txikiagoa izango du alkateak, eta horren araberakoa gainerako zinegotziek. EAJren udal taldeak zinegotzien ordainsarien inguruko emendakina aurkeztu du lehen osoko bilkuran, esan duenez, etorkizuneko legealdietan korporazioko kideen inguruan egon daitezkeen "desadostasunak eta irizpide desberdinak" ekiditearren. Xabier Balerdi zinegotzi jeltzaleak gogorarazi du Eudelen 2007an gehieneko ordainsariak zehazteko akordioa lortu zela alderdi politiko ezberdinen artean. Akordio hori gehiago zehaztearen alde egin du Balerdik eta ondorengoa proposatu du: "Gai hau behin betiko debate politiko antzuetatik ateratzeko, udalbatzak eska diezaiola Eudeli alkate eta zinegotzien gutxieneko ordainsariak zehazteko, beti ere egokien deritzon irizpideen arabera (biztanle kopurua edota aurrekontuak, esaterako)".

Aldi berean, udalbatzak zehaztu ditu agintaldi berriko lan dinamikak. Osoko bilkurak hilabeteko azken ostegunetan izango dira 18:30ean; jai eguna balitz, bezperan ordu berean egingo dute osoko bilkura. Batzorde informatiboak osoko bilkuren aurreko asteko asteazkenean egingo dira: Herritarrak (08:00 - 09:30), Lurraldea (09:30 - 11:00) eta Antolakuntza (11:00 - 12:30). Tokiko Gobernu Batzarrak, aldiz, asteartero egingo dira, 09:00etan.

Behin behineko pertsonalaren bi lanposturen izendapena ere egin dute: alkatearen idazkariarena eta komunikazio arduradunarena.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!