Zuzendaritza aldaketa Tolosa CF Eskubaloian

Imanol Garcia Landa 2023ko uzt. 6a, 11:59

Juan Martin Amiano 'Porta', ezkerrean, Gipuzkoako Eskubaloiaren Galan, saria jasotzen. AITOR GARAZI/AGERREMEDIA

Juan Martin Amiano 'Porta'-k ataleko lehendakari izateari utzi dio eta Imanol Esnaolak hartu du lekukoa.

Tolosa CF Eskubaloian zuzendaritza aldaketa egin dute. Juan Martin Amiano Porta-k ataleko lehendakari izateari utzi dio eta Imanol Esnaola jarri da kargu horretan. «Azken 18 urteetan Juan Martin Amiano Porta izan da eskubaloiko gidari eta lekuko aldaketa eskatzen zuen, eta beste talde bat jarri gara eskubaloiaren atala aurrera eramateko asmoz», esan du Esnaolak. «Bada denbora bat aldaketa hori egin nahi zutela, baina azken urte berezi honetan klubeko eta Berazubiko mendeurrena eta eskubaloi atalaren 50. urteurrena ospatu ditugu, eta erabaki genuen azken urte hauetan egon den zuzendaritzak merezi zuela ospakizun hauetan egotea». Zuzendaritza berrian dagoeneko atalean lanean dabilen jendea izango da. Imanol Esnaolaz gain, Iñigo Gorriti, Simon Uranga, Amaia Gil eta Nerea Esnaola daude egun taldean. «Gure asmoa ere bada gizonezkoen lehen taldeko kideren bat egotea», dio Esnaolak.

Zuzendaritza aldaketaz gain, beste berritasun berezi bat izango da kirol zuzendaritzan, Alex Nogues izango baita gizonezkoen lehen taldearen entrenatzaile berria hurrengo denboraldian. «Gure garai onenean entrenatzaile izan zen, bost urtez, eta berriro bueltatu da klubera», esan du Esnaolak. «Gure asmoa da klubak pauso bat aurrera ematea, eta horregatik ekarri dugu berriro gurera».

Hainbat ekitaldi izan dira atalaren 50. urteurrenarengatik, eta azkenetakoa Topic zentroan Gipuzkoako Eskubaloi Federazioak egin zuen gala izan zen. Tolosa CF Eskubaloiari bere mende erdiarengatik zoriontzeaz gain, federazioak Amianori zein atala martxan jarri zuen Javier Lorz Kapu-ri zilarrezko intsignia eman zien. «Ekainean zehar beste ekitaldi garrantzitsu batzuk antolatuta genituen Usabalen, eta zoritzarrez bertan behera geratu dira BPX enpresako langileak greban daudelako», gaineratu du Esnaolak. «Espero dugu denboraldi berria Usabal kiroldegian hasiko dugula».

Javier Lorz 'Kapu', ezkerrean, Gipuzkoako Eskubaloiaren Galan, saria jasotzen. AITOR GARAZI/AGERREMEDIA

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!