ELKARRIZKETA

«Beharrezkoa da zeinu hizkuntza gor komunitatearentzat»

Imanol Garcia Landa 2023ko uzt. 8a, 07:59

Julian Rodriguez Gainditzen elkarteko kidea. I.G.L.

Hogei urte baino gehiago daramatza Julian Rodriguezek Gainditzen elkartea koordinatzen, eta hainbat proiektu martxan jartzen. Aurten ordea, geldi daude hainbat proiektu, tartean Zeinu Hizkuntzako Nazioarteko Zinema Jaialdia. Ekimenak aurrera eramateko, langile bat eta boluntarioak behar dituztela dio.

Julian Rodriguez (Donostia, 1963) orain 31 urte etorri zen Tolosara bizitzera. Pilar Insausti tolosarrarekin ezkondu zen, eta bertan jarri ziren bizitzen. Hamar urte beranduago, 2002an, sortu zen Gainditzen, Tolosaldeko eta Goierriko pertsona gorren elkartea. Rodriguez elkartea koordinatzen aritu da urte hauetan guztietan, besteak beste, sentsibilizazio lana eginez eta pertsona gorren egoeraren berri emanez. Horrez gain, zazpi urtez aritu zen Tolosan zeinu hizkuntzen ikastaroa emanez entzuleei. Ospatu berri diren Tolosako San Joan jaietan txupinazoa bota zuen Rodriguezek, Gainditzeneko kideez inguratuta.

Jaiotzez gorra zara?

Jaio nintzenean entzun egiten nuen. Bi urte eta erdi nituenean, hazizurriak izan nituen, eta esan zidatenez, horren ondorioz, gorra geratu nintzen.

Nola duzu gogoan haurtzaroa?

Jaio eta ondoren ez naiz ezertaz gogoratzen, baina bi urte eta gero, pila bat gogoratzen naiz. Familia, lehengusuak... Nire oroitzapen gehienak bisualak dira, ia denaz gogoratzen naiz. Baina ez naiz gogoratzen entzule jaio nintzela, musika edo beste zerbait entzuten nuela, ez dut horrelako oroitzapenik. Bi urte eta erdi nituenetik ditut oroitzapenak. Donostian jaio nintzen, Sagues auzoan. Gogoan dut eskolan hasi nintzenean ingurukoak nolakoak ziren. Asko gogoratzen naiz ikasleez, beraien nortasunaz...

Donostian ez zegoen gorrentzako eskola, Bilbon bakarrik zegoen, baina hara bakarrik barneko ikasle bezala joan zitekeen. Nire gurasoek ez zuten ondo ikusten egoera hori, eta Bartzelonara joan nintzen nire ama eta nire anaiekin, urtebetez. Aita Donostian geratu zen lanean. Hiru urte inguru nituen orduan. Ez nuen entzuten ezer, dena modu bisualean jasotzen nuen. Gero Donostiara itzuli ginen, eta nire gurasoek Aransgi elkartea [Gipuzkoako Pertsona Gorren Familien Elkartea] sortu zuten.


Gainditzen elkarteko kideak Pilar Insausti, Alberto Etxeberria, Julian Rodriguez eta Pablo Rapado. I.G.L.


Zein zen Aransgi elkartearen helburua?

Nire ustez Aransgi ahozko komunikazioaren aldekoa zen, hau da, audifonoak erabiltzea, ahotsa erabiltzea, hitz egitea ziren helburuak, haur gorrek beraien garapenean hobetzeko. Gor gehienak sakonak dira, eta garai horretan zeinu hizkuntza debekatuta zegoen. Denek ezberdin ikasten zuten. Nik kontzeptu batzuk ez nituen ulertzen, gor sakona nintzelako. Zeinu hizkuntza erakutsi izan balute, egoera hobea izango zitekeen. Sortu eta 25 urte ingurura, 1993an, Aransgin konturatu ziren zeinu hizkuntza erakustea beharrezkoa zela.

Zergatik zegoen debekatuta zeinu hizkuntza, garai horretan?

Ez zen familiaren erabakia izan. Medikuek edo profesionalek gomendatzen zuten zerbait izan zen, entzumena garatzeko, eta gurasoek onartu egiten zuten. Hori Europa mailan zabaldu zen zerbait izan zen. Kongresu bat izan zen Milanen (Italia), 1880an, eta zeinu hizkuntza debekatzeari buruzko akordio bat adostu zuten eta hori toki guztietara hedatu zen. Asko eragin zuen, eta gu haurrak ginenean, oraindik, indarrean zegoen. Kontuan izan behar da pertsona gorrei asko kostatzen zaigula irakurtzea, eta idatzi ere ez dugula guztiz ondo egiten.

Nola moldatu zineten zeinu hizkuntza ikasteko?

Gure eskolan debekatuta zegoen zeinu hizkuntzan hitz egitea, baina patioan eta jolas garaian, bazkaltzerakoan, zeinu hizkuntza erabiltzen genuen. Gu baino zaharragoak zirenek erakusten ziguten. Beraiek pertsona gorren elkarte batera joaten ziren futbolean jokatzera edota kartetan jolastera, eta hor ikasten joaten ziren, eta gero guk beraiengandik ikasten genuen. Ni oraindik txikia nintzen. Gero, hamalau urte ingururekin edo, kuadrillarekin eta lagunartean erabiltzen genuen zeinu hizkuntza gure artean.

Zertan aldatu da zeinu hizkuntzarekiko dagoen jarrera zu txikia zinenetik?

Oso ezberdina da egoera, baina oraindik guraso gehienek ez dute onartzen bere seme-alabak gorrak direla. Haur gor askok inplantea dute, eta zerbait entzuten dute, orduan gurasoek pentsatzen dute dagoeneko entzuten dutela. Baina inplantea kentzen dutenean, ez dute entzuten. Batzuk inplantearekin ondo moldatzen dira, baina beste batzuk ez. Bestalde, audifonoetan interferentzia asko izan ohi dira. Haurrek laguntza izaten dute DBH bukatu arte, baina gero Batxilergoan edo unibertsitatean ez dute izaten laguntzarik. Interpreteak badituzte, baina ikasleek zeinu hizkuntza ikasi ez dutenez, ezin dira ondo moldatu. Gainera, interpreteak ez daude denbora guztian haiekin.

 

«Haur gor askok inplantea dute, eta zerbait entzuten dute, orduan gurasoek pentsatzen dute dagoeneko entzuten dutela. Baina inplantea kentzen dutenean, ez dute entzuten»



Zein da zeinu hizkuntzaren errealitatea gaur egun? Beharrezkoa ikusten da gor komunitatean?

Behar-beharrezkoa da zeinu hizkuntza gor komunitatearentzat. Entzuleok sentimenduak adierazteko ahotsa duzue, baina gorrak garenak adierazpen bisuala dugu, eskuekin eta keinuekin komunikatzen gara. Kontuan izan behar da garun guztiek berdin funtzionatzen dutela. Bestalde, idatzi beharrean, guretzat egokiagoa da zeinu hizkuntza erabiltzea.

 

«Entzuleok sentimenduak adierazteko ahotsa duzue, baina gorrak garenak adierazpen bisuala dugu, eskuekin eta keinuekin komunikatzen gara»



Zertan aritzen zara lanean gaur egun?

Zeinu hizkuntzako begiralea naiz Aransgin, Donostian. Eta hainbat eskolatan ere aritzen naiz, tartean Ibarra, Alegia, Andoain, Hernani eta Donostian. Laguntzaile moduan nago, eta ikasle gorrei zeinu hizkuntza erakusten diet. Orain urte batzuk, Ibarran, erakutsi nien entzuleak ziren haurrei zeinu hizkuntza, eta oso esperientzia ona izan zen. Aurretik, Tolosako Inmakulada Ikastetxean lan egin nuen, zeinu hizkuntza erakutsiz integrazio sozialeko eta haur hezkuntzako zikloetan.

Zer oztopo daude, gaur egun, pertsona gorrentzako?

Batez ere zeinu hizkuntzako interpreterik ez izatea. Hortik aurrera, adibidez, alarma bisualik ez izatea; hau da, sute bat baldin badago, ezin dugu alarma entzun, eta beste modu bat behar dugu konturatzeko zer ari den gertatzen. Tinbreak ere ez daude egokituta. Telebistan zeinu hizkuntzen zerbitzua badago, baina ez da nahikoa. Bestalde, aipatzekoa da Tolosako Udalak egokituta duela webgunea, baina beste askotan ez da horrela izaten. Eskertzekoa da Tolosako Udalak egiten duen esfortzua, eta horren adibidea da hainbat ekitaldietarako zeinu hizkuntzetako interpretea jartzen duela: Ostegun Gizeneko txupinazoan, edo orain sanjoanetakoan, Mendi Tour jaialdian, azoka berezietan... Eta hori oso garrantzitsua da.

Zer suposatu du zuretzat Tolosako San Joan jaietako txupinazoa botatzeak?

Ez nuen horrelakorik espero. Azkenean Gainditzenek egiten duen lana ikustarazteko balio du. Urte luzeetako borroka da, eta hori ere erakutsi nahi genuen. Egunean bertan, ondo eta lasai egon nintzen, baina ez zait gustatzen suaren ondoan egotea, eta suziria pizteak bere kezka ere sortzen zidan.

Zenbat pertsona gor daude Tolosaldean?

Tolosan 12 daude, eta Tolosaldean 25 inguru, zeinu hizkuntzan aritzen direnak. Jende gor gehiago badago, baina ez dute zeinu hizkuntza erabiltzen. Badago jende nagusia gor geratzen joaten dena, eta horiek ez dakite zeinu hizkuntza. Zentzu horretan, zeinu hizkuntza dakigunoi beste bide batzuk irekitzen zaizkigu, eta beraiek komunikatzeko arazo gehiago dauzkate. Gainditzeni buruzko informazioa helarazi izan zaie. Bestalde, gaur egun audifonoa asko zabalduta dago, baina oso garestia da eta diru laguntzak eskasak dira.

Zeintzuk dira Gainditzen elkartearen helburuak?

Gainditzen elkartearen helburua da gor komunitatearekiko sentsibilizazioa zabaltzea eta komunikazio oztopoak gainditzea. Bide horretan, zeinu hizkuntzako interpreteak behar dira. Arazoa gaur egun horretan datza; ez dago interpreterik. Orain zortzi urte, goi mailako zikloa desagertu egin zen Bilbon, eta gaur egun, Madrilen bakarrik ikasi daiteke, unibertsitate pribatu batean, eta oso garestia da. Eusko Jaurlaritzari beti eskaera bera egiten diogu: zeinu hizkuntzako interpretearen gradua eskaintzea unibertsitatean. Aurreikusten da, hemendik gutxira, eskainiko direla ikasketak, baina komunikazio bitartekariarena izango da. Ez da, beraz, interpretearena izango.

Nire ustez, oso garrantzitsua da, unibertsitatean, interpretearen gradua eskaintzea. Komunikazio bitartekariaren ikasketak pentsatuta daude pertsona gorrei, pertsona itsuei eta pertsona zaharrei laguntzeko, eta elkarteetan ere lagunduko lukete. Baina guretzat, garrantzitsuena da zeinu hizkuntzako interprete bat izatea, zuzenean aritzeko, hitzaldietara joateko, epaitegira joateko, medikuarengana joateko... Bitartekari batek ez du horietarako balio. Interpretea profesionala da, eta unibertsitateko gradu bezala dago aurreikusita, lau urteko ikasketak dira. Bitartekariarena goi mailako ziklo bat da, bi urtekoa. Bi ikasketak behar dira, ez dutelako zerbitzu bera eskaintzen. Nik, adibidez, txupinazoa botatzeko interprete profesional bat izan nuen.

Zer lan egiten du Gainditzenek?

Lehen, pertsona batek baino gehiagok egiten zuen lan elkartean. Pertsona gorrei laguntzen zieten lana aurkitzen, ez bazuten zerbait ulertzen hori esplikatzen zieten, baina orain dena geldituta dago boluntarioen faltagatik. Lehen, diru laguntza gehiago zeuden, baina orain hori asko jaitsi da. Lehen zeinu hizkuntzako ikastaroak ere ematen ziren, baina orain ez, ez dago irakaslerik. Orain, Gainditzenen helburua da Sentsibilizazio Astea antolatzea, baina aurtengoan zerbait xumeagoa izango da. Bestalde, Zeinu Hizkuntzako Nazioarteko Zinema Jaialdia geldirik dago. Lantaldea falta da hori aurrera eramateko. Iristen diren curriculum gehienak, zeinu hizkuntzarik gabekoak edo maila baxukoak dira. Ez dakigu aurten egingo den. Aurreko urtean egin zen, baina boluntario gutxi daude, eta oso zaila da horrela aurrera egitea.

Beraz, gaur egun, Gainditzen elkartearen egoera ez da ona.

Pertsona gor boluntariorik ez dago, baina ezta pertsona entzuleak ere. Beste elkarte batzuekin ere hitz egin dut, eta boluntario falta dagoela esan didate. Beharrezkoak dira pertsona gorrak izatea boluntario moduan. Horrez gain, lanak egiteko interprete bat modu finkoan izatea beharrezkoa da. Nik 21 urte daramatzat boluntario moduan lan egiten, baina gogoa dut beste norbaitek nire lekua hartzeko. Baina ez dago, eta horregatik erabaki dugu hainbat ekitaldi etetea. Kontuan izan behar da zinema jaialdia ez dela egun bateko lana. Gauza asko antolatu behar dira: proiektua sortu, diru laguntzak eskatu, fakturak kudeatu, memoria idatzi... Lehen, dena paperean izaten zen, baina orain ez. Dena internet bidezkoa da, Izenpe bidez, eta oso zaila da guretzako. Ez gara informatikaren lagunak.

Gainditzen elkarteak Tolosaldea eta Goierri hartzen ditu. Zergatik eskualde hauek?

Gipuzkoan beste elkarte batzuk ere badaude. Donostian badago adibidez, Gipuzkoakoa dena. Gaur egun, Espainiako Estatuko gorren elkarte guztiak krisian daude. 80 elkarte zeuden lehen, eta gaur egun erdiak-edo geratuko dira. Ez dago gazterik. Beste bide batean dabiltza orain gazteak: eskolako integrazioan, inplanteak erabiltzen, teknologia berriak erabiltzen... Bestalde, pertsona helduek ez dute zertan geratu elkarte batean gaur egun, bideo dei baten bitartez komunikatu daitezke. Edo nahi badute taberna batean elkartzen dira. Garai batean, gazteak ginenean, ostegun eta ostiral guztietan elkartzen ginen. Planak egiten genituen astebururako. Denak ados jartzen ginen, eta orain ez da beharrezkoa. Alde batetik, teknologiak lagundu egiten du, baina, bestetik, pertsona gorren komunitatea zertxobait ahuldu egiten du.

«Gaur egun, Espainiako Estatuko gorren elkarte guztiak krisian daude. Ez dago gazterik»



Zer eskatuko zenieke entzuleei?

Lehen, pertsona gorrek ez genituen arazoak ikusten. Baina lanean hasterakoan, orduan konturatzen zara informazioa falta zaizula, ez zarela ohartzen gauza askotaz. Adibidez, sindikatuetako bileretan, ez genuen interpreterik, eta ez genuen jakiten zer gertatzen zen. Gaur egun ere, askotan ez dago interpreterik. Beraz, gizarteari eskatuko nioke zeinu hizkuntza ikas dezala eta pertsona gorrak ezagutu ditzala, hori da garrantzitsuena. Gertatu izan da entzulea den pertsonak zeinu hizkuntza ikasi duela kredituak edo puntuak lortzeko, gero lana topatu ahal izateko. Baina behin lana bilatzerakoan, zeinu hizkuntza ahaztu egiten zaie.

 

«Gizarteari eskatuko nioke zeinu hizkuntza ikas dezala eta pertsona gorrak ezagutu ditzala»



Gurpildun aulkian doan norbait segituan errekonozitzen da, baita itsua dena. Baina pertsona gorra zein den ez da antzematen. Eta hasten denean norbait zeinu hizkuntzaren bidez komunikatzen, orduan konturatzen da jendea. Baina nola komunikatu berarekin? Orain bi urte egon nintzen Ertzaintzaren egoitza nagusi batean, Erandion. Bost egunez egon nintzen ertzainei ikastaro bat emanez. Denek zioten oso interesgarria zela. Azken egunean, bertako buruetako batek esan zidan ikastaroari buruzko inkesta bat egin zela eta gehienak oso gustura zeudela, eta zoriondu ninduen. Baina ikastaro hori egin eta gero, zer gehiago egingo da? Gero, egunerokotasunean, zer gertatuko da? Ez badago jarraipen bat... Osakidetzatik ere zeinu hizkuntzako ikastaroa emateko aurrekontua eskatu didate eta zain nago ea zer erantzuten didaten.


Gainditzen elkarteko kideak «Gainditzen» adierazten zeinu hizkuntzan. I.G.L.


Nola sortu zen ertzainei ikastaroa emateko aukera?

Maskara jantzita izatea derrigorrezkoa zen garaian, egun batean, kalean bakarrik nengoen, eta dena huts-hutsik zegoen. Maskara kendu nuen mugikorraren bitartez, bideo bitartez, norbaitekin hitz egiteko. Ertzain batzuk gelditu egin ninduten eta sekulako errieta egin zidaten, maskara jartzeko esanez. Eta nik esan nien egoteko momentu bat, zeinu hizkuntza erabiltzen ari nintzela eta bakarrik nengoela. Zeinu hizkuntzetan aurpegiaren keinuak ere erabiltzen dira. Nik esan dezaket «aita» aurpegiarekin poza adieraziz edo tristura adieraziz. Beraz, aurpegiaren keinuekin ere komunikatzen gara. Gertaera horren ondoren, bilera bat izan nuen Ertzaintzarekin, gure egoera azalduz, eta azkenean Erandiora joan nintzen ikastaroak ematera. Gainera, txartel bat atera genuen, geure burua pertsona gor bezala identifikatzeko eta gure beharrak zein ziren egoki komunikatzeko.

Osakidetza aipatu duzula, konfinamendua eta maskara jartzeko derrigortasunaren garaia nola bizitu zenuten?

Orain hiru urte oso gaizki pasa genuen pandemiarekin. Asko eragin digu maskararen erabilerak gorrei. Gizarte osoarentzat izan da arazoa, baina guretzat batez ere arazo handia izan da hitzordua hartzeko medikuarekin. Familiakoek deitzen zuten telefonoz hitzordua hartzeko, baina ez zuten hartzen; beraz, bertara joan behar izaten zenuen, baina maskara ezin da kendu... Asko eztabaidatu dugu horren inguruan. Beste egoera berezi bat ere bizi izan nuen nire elkarte gastronomikoan. Batzar orokorra egin zen, eta denoi maskara jartzea derrigortu ziguten. Atea eta leihoak irekita zeuden, hotz handiarekin, eta ezin zen interpreterik egon lekua txikia zelako. Maskara jarrita egoteak niretzat ez zeukan zentzurik, eta azkenean ez nintzen joan, ezin nuelako ezer ulertu.

Beste kontu bat izan zen telebistan zeinu hizkuntzaren zerbitzua areagotu egin zela. Telebistan asko azaltzen zen Fernando Simon azalpenak ematen, eta zeinu hizkuntzan hitz egiten zuen norbait izaten zen bertan, eta horrek asko laguntzen zuen. Telebista kate batzuetan orain segitzen dute zerbitzu horrekin, baina ez beti, eta gutxitu egin da.

Lana bilatzea zaila da pertsona gorrentzako?

Lehen, gure garaian, ez genuen OHOko titulurik eta orduan laneko zentro berezietara joaten ginen. Orain, gazteak unibertsitateetara joaten dira, eta hori oso ondo dago, baina gero lana bilatzea asko kostatzen zaie. Orduan, berriro ere lan zentro berezietara joaten dira. Batzuk ondo daude, baina beste batzuk ez. Enpresa askok diote gorrak ez dituztela nahi, denbora galtzen dutelako, eta nahiago dituzte entzuleak. Hori ez da bidezkoa, berdintasunaren aurkakoa da.

Zeinu hizkuntzan gaztelera erabiltzen duzue. Euskarazko zeinu hizkuntzarik badago?

Zaila da azaltzea kontu hau. Estatu mailan, 1960 inguruan, hasi ziren berdintzen zeinu hizkuntzak, pixkana, gizartean bertan, komunikatzeko aukera gehiago zeudelako. Bestalde, katalanezko zeinu hizkuntza ezberdina da, baina ondo ulertzen da. Gaur egun, Europan zehar egiten diren gazteen topaketetan, bilera eta kanpamentuetan, pixka bat nahastu egiten dira zeinu hizkuntza ezberdinak. Eta badago nazioarteko zeinu hizkuntza bat, baina ez da gehiegi erabiltzen. Orain gutxi, Pili emaztearekin batera, Okzitaniako Tolosara joan nintzen zeinu hizkuntzako zinema jaialdira. Frantsesekin hitz egiten genuen, eta ulertzen ginen.

 

«Guretzako bi hizkuntza ikastea oso zaila da»



Entzuleek ez dute ulertzen guk zergatik ez dakigun euskaraz. Guretzako bi hizkuntza ikastea oso zaila da. Orain gorrak diren umeak euskaraz ikasten ari dira, baina zaila da. Pili, nire emaztea, txikia zela gorra geratu zenean, bere amak medikuarengana eraman zuen, eta medikuak esan zion hizkuntza bat aukeratu behar zuela, bestela bi ikastea oso zaila izango zela. Eta bere amak gaztelera aukeratu zuen. Etxean denek euskara egiten zuten, eta Pili beti besteei galdetzen aritzen zen ea zer esaten ari ziren. Guretzako oso zaila da hizkuntza bat jakitea. Gaztelera ikastea asko kostatzen zaigu, hitzak-eta ikastea, horregatik guretzat hobea da hizkuntza bakarra jakitea. Gizarteak ez du ezagutzen gure egoera hau.

Aipatu duzu nazioarteko zeinu hizkuntza bat badagoela. Ondo moldatzen zarete beste herrialde batera joaterakoan?

Bai, horren bitartez komunikatu gaitezke. Gu Pragan egon ginenean, arazoak izan genituen dirua aldatzeko. Ez genuen ezer ulertzen. Bankura joan ginen dirua aldatzera, baina ez zekiten gazteleraz, eta arazo handia genuen. Orduan, Pragako gorren elkarte batera joan ginen, eta oso atseginak izan ziren; lagundu ziguten bankura, eta dirua aldatu ahal izan genuen. Atzerrira joaten garenean oporretan, nazioarteko zeinuen hizkuntza ulertzen da. Baina bakoitzak bere herrialdean bere zeinu hizkuntza du, eta guk ez genuke hori ulertuko.

Tolosako zinema jaialdia aitzindaria izan da.

Tolosakoa lehenengoa izan zen Europan, zeinu hizkuntzan egindako pelikulekin, eta munduko bigarrena izan da. Orain, ez dago inor lan hori egiteko, eta hori da arazoa. Beste leku batzuetan desagertu egin dira jaialdiak. Okzitaniako Tolosako jaialdira joan ginenean, harrituta geratu ginen zenbat gazte zeuden han. Bertan, kultura gehiago dago zeinu hizkuntzen inguruan. Jende gazte asko dago lan egiteko gogoarekin: interpreteak, guraso elkarteak... Frantziako gor pertsona asko Tolosara joan dira.

Hurrengo urtean, zinemaldia antolatuko al da?

Ikusiko dugu. Aurrekoan, Tolosara joan ginenean gonbidatu bezala joan ginen. Orain bi urte hamar pertsona etorri ziren bertatik, ikusteko nola antolatu jaialdia, eta azaldu nien hemen nola egiten genuen. Gero ikusi da han zer-nolako emaitza izan duen. Boluntarioen talde asko zeuden. Hori bai, kontuan izan behar da han 800.000 biztanle inguru daudela, eta hemen 20.000 biztanle inguru gaudela. Animoak eman zizkiguten aurrera jarraitzeko.

Beraz, zer behar ditu Gainditzenek?

Langile bat behar dugu, tekniko bat zeinu hizkuntza dakiena. Horrela funtzionatuko luke elkarteak. Lehen izaten genuen, baina diru laguntzen bitartez izaten zen. Orain, lege berriak direla-eta, sei hilabetez egoten bada norbait lanean, gero finko egin behar izaten da, eta guk ez dugu horretarako ahalmenik. Ez dago dirurik urte guztian norbait elkartean lan egiteko.

 

25 Pertsona gor Tolosaldean


Zeinu hizkuntza dakiten 25 pertsona gor inguru daude Tolosaldean. Tolosan hamabi dira.

 

«IZAN GAITEZEN HERRI ERREFERENTEA ANIZTASUNAREKIKO ERRESPETUA ERAKUSTEN»

Julian Rodriguezek, Gainditzen elkartearen izenean, San Joan jaietako txupinazoa botatzeko aukera eskertu zuen udaletxeko balkoitik: «Udalak eskaintzen digun aukera hau garrantzitsua da guretzat». Honela, elkartearen beraren lana goraipatu zuen: «Elkarteak lan handia egin du urte hauetan zehar, Tolosan bizi garen pertsona gorren eskubideen eta ongizatearen aldeko borrokan». Bide batez, txupinazoa botatzearekin batera, eskuratutako ikusgarritasuna nabarmendu nahi izan zuen Rodriguezek: «Ekitaldi honi esker, gizartean oharkabea den kolektibo bati ari gara ikusgarritasuna ematen, eta horrek asko harrotzen gaitu. Beraz, urrats nabarmena da kolektibo gisa ditugun eskubideak aitortzeko eta gizarteratzeko bidean aurrera egiten jarraitzeko. Egin dezagun topa jai inklusibo batzuen alde, kolektibo guztiek izan dezagun gozatzeko aukera. Izan gaitezen herri erreferente bat aniztasunarekiko errespetua erakusten duena».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!