Eskola Agenda 30aren barruan garatuko duten proiektua adostu dute ikastetxeek

Ataria 2023ko uzt. 5a, 07:57

‘Energia, bizitzaren motorra’ izenburupean, jarraipena emango diote ikasturte honetan ekindako bi urteko erronkari; ikastetxe bakoitzak bere alorrean jardungo du.

Eskola Agenda 2030 egitasmoa herriko ikastetxeetako ikasleek, Tolosako Ingurumen Zentroarekin koordinatuta, ikasturtean zehar garatzen duten programa da, herrian garapen jasangarriarekiko konpromisoak ikastetxeetara hurbiltzeko.

Zortzi dira egitasmoa garatzen duten ikastetxeak eta aurtengo ikasturtean, Energia, bizitzaren motorra izenburupean, bi urteko erronkari eman diote hasiera. Erronka horri helduz, Tolosaldeko Lanbide Heziketako ikastetxeek ere bere ekarpena egingo diote proiektuari, eta datorren ikasturtean elkarlanean martxan jarriko duten proiektua adostu dute dagoeneko. 

Tolosaldea Institutuak, Inmakulada Ikastolak, Peñascal Kooperatibak, Don Boscok eta Fraisorok bakoitzak bere alorrekoak diren jakintzak aplikatuz egingo diote ekarpena erronkari, eta formakuntza, diagnostikoak, aholkularitza, ikerkuntza eta sentsibilizazioa landuko dituzte. 

Tolosaldeko Institutua, esaterako, etxebizitzetan energia ikuskaritza eta aholkularitza egiteko formazioaz arduratuko da, eta beraien ezagutzak Inmakuladako, Peñascaleko eta Fraisoroko ikasleei igorriko dizkie. 

Ikuskaritzak, halaber, Peñascal Kooperatibak dituen tutoretzapeko pisuetan egingo dira. Bertako erabiltzaileek energiaren erabilera egokia egiteko oinarrizko aholkuak jasotzeaz gain, etxe horietan identifikatutako arazoei irtenbideak emateko neurriak jasoko dituzte.  

Fraisoroko ikasleen kasuan, jasotako formazioa beraien eraikinean aplikatuko dute, zehazki, datorren ikasturtean martxan jarriko den elikagaiak eraldatzeko modulu berriko instalakuntzetan. Modulu honetan, kontsumo handiko makinaria erabiliko denez, energia arduraz erabiltzeko gomendioak nola aplikatu ikasiko dute. 

Don Bosco Paper Eskolako kimika industrialeko ikasleak, bestalde, fatxadak isolatzeko materialen ikerketa lanetan arituko dira. Horretarako Fraisoron sortutako azpiproduktuak erabiliko dituzte, egurra adibidez, eta ikerketaren emaitzak frogatzeko Peñascaleko eraikuntzaren paretak erabiliko dituzte. 

Herritarrekin partekatuz

Lanbide heziketako eskolek, baina, proiektua herritarrekin partekatu nahi dute, eta horretarako, oinarrizko ikuskaritza bat egiteko fitxa erraz bat sortuko dute, herritar bakoitzak bere etxean egin eta beharrezko hobekuntzak identifikatu ahal ditzan. 

Proiektua aurrera eramateko Tolosaldea Garatzenen, Tolosa eta Zizurkilgo Udalen, Tolosako Ingurumen Zentroaren eta Ingurugelaren laguntza izango dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!