Oinarrizko erlezaintza ikastaroa egingo dute, Tolosan

Ataria 2023ko uzt. 4a, 07:59

Balerdipeko Erleak proiektuko kideen eskutik, uztailaren 14an, 15ean, 21ean eta 22an, saio teorikoak eta praktikoak egingo dituzte, Tolosako Bizziz dendan eta Bedaioko erlategian.

Balerdipeko Erleak proiektuko kideek oinarrizko erlezaintza ikastaroa eskainiko dute datozen asteetan, Tolosan. Aurrez, udaberriko zenbait larunbatetan, Bedaion aritu ziren. «Ikastaroaren funtsa erlearen funtzionamendua, erlezaintzako materiala eta erleen oinarrizko maneiuak ezagutzea izango da», adierazi dute. «Erleen inguruan kuriositatea baduzu, etxean erleak badituzu, edota baratz edota fruta-arbolak polinizatzeko zure inguruan erleak jartzeko asmoa baduzu, ikastaro hau zuretzako da».

12 orduko ikastaro teoriko eta praktikoa izango da, lau egunetan banatuta.Uztailaren 14an eta 21ean, 17:00etatik 19:30etara, saio teorikoak egingo dituzte, Tolosako Bizziz dendan. Hilaren 15ean eta 22an, berriz, 15:30etik 19:30era, saio praktikoak egingo dituzte, Bedaioko erlategian.

Taldea gutxienez 6 lagunekoa eta gehienez 12 lagunekoa izango dela esan dute antolatzaileek, eta pasa den ostegunerako 5 plaza libre besterik ez ziren geratzen. Izena emateko, info@balerdipeko.eus helbide elektronikora mezua bidali edo webgune honetan agertzen den galdetegia bete behar da. Ikastaroaren prezioa 90 eurokoa da, eta izena ematerako garaian, galdetegian agertzen den kontu korrontera transferentzia egin beharko da. «Plaza gordetzeko ezinbestekoa izango da transferentzia bitartez ordainketa egitea», ohartarazi dute. Horrez gain, izena ematen duenak erlezain jantzirik baduen jakinarazi beharko du. Uztailaren 10a da izena emateko azken eguna.

Saioen inguruko informazioa:

  • Lehen saioa, oinarri teorikoak:
    • Erlearen garrantzia
    • Erlea eta erle beltza
    • Erlauntzaren antolaketa
    • Erlezaintzarako materiala
  • Lehen saio praktikoa:
    • Materiala
    • Erlauntza nola ireki
    • Erlauntzaren antolaketa ulertu
  • Bigarren saioa, oinarri teorikoak:
    • Loraldien garrantzia
    • Etsaiak
    • Erlategian erabakiak nola hartu
    • Erlauntzako produktuak
  • Bigarren saio praktikoa:
    • Erlategian hartutako erabakiak praktikan jarri
    • Erlea etsaiengandik babestu
    • Erlauntzako produktuak nola eskuratu

*Ikasle bakoitzak Gipuzkoako Erlezaintza Gidaliburua eramango du etxera. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!