Ehunmilak lasterketako Tolosako anoa gunea Beotibar frontoira lekualdatuko dute

Ataria 2023ko eka. 30a, 11:57

Iaz, Ehunmilak lasterketako korrikalariak Usabal kiroldegiko anoa gunean.

Uztailaren 7tik 9ra izango dira aurtengo Ehunmilak lasterketak. Hiru proba jokatuko dira, eta korrikalariak eskualdeko zenbait herritatik igaroko dira, tartean, Tolosatik. Aurten, ordea, anoa gunea Beotibar pilotalekuan egongo da, Usabal kiroldegian egon beharrean.

Uztailaren 7an aterako dira Ehunmilak lasterketetako korrikalariak Beasaingo plazatik. Hamabigarren edizioa izango da aurtengoa, eta bi parke natural (Aralar eta Aizkorri-Aratz) eta 30 herri gurutzatuko dituzte parte hartzaileek. Eskualdeko sei herritatik igaroko dira: Abaltzisketa, Albiztur, Altzo, Amezketa, Bidania-Goiatz eta Tolosa.

Aurten ere urteroko hiru probak mantenduko dira:

  • Ehunmilak Ultra Trail proba (168 kilometro eta 11.000 metroko desnibel positiboa).
  • Goierriko 2 Handiak (88 kilometro eta 6.000 metroko desnibel positiboa).
  • Marimurumendi maratoia (42 kilometro eta 2.300 metroko desnibel positiboa).

Coloradoko (AEB) mendi garaietan egiten den Hardrock 100 Mile Endurance Run lasterketarako proba kalifikagarria da Ehunmilak lasterketa. Aurten, Goierriko 2 Handiak lasterketa Euskal Mendi Federakuntzako ultra txapelketa eta EMF ultra kopako azken proba izango da. 

Antolatzaileek adierazi dutenez, marka berria ezarri dute, eta guztira, 14 herrialde ezberdinetako 1.300 lagunek baino gehiagok eman dute izena.

Probaz proba honela daude banatuta partaideak:

  • Ehunmilak Ultra Trail proba: 472 partaide, horietatik 28 emakumeak (11 talde taldekako modalitatean).
  • Goierriko 2 Handiak: 547 partaide, horietatik 53 emakumeak.
  • Marimurumendi maratoia: 350 partaide, horietatik 73 emakumeak.

Aurten, baina, aldaketak izango ditu Tolosan. Usabal kiroldegiko langileen greba mugagabea dela eta, Ehunmilak lasterketako Tolosako anoa gunea lekuz aldatu behar izan dute antolatzaileek. Hau, Usabal kiroldegian egon beharrean, Tolosako Beotibar pilotalekuan egongo da; Zelatunetik jaitsi ondoren, bertan atseden hartu eta jateko edota edateko aukera izango dute korrikalariek; fisioterapia zerbitzua ere egongo da.

«Aldaketa horrek ez du eraginik izango antolakuntzak parte-hartzaileari eman beharreko zerbitzuaren kalitatean, baina laguntzailearentzat deserosoagoa izan daiteke hornidura ondoko aparkalekuaren gaian. Aldaketa egitera behartuta gaude, eta horregatik barkamena eskatzen dizuegu», adierazi dute antolatzaileek.

Hemen ikusi daitezke horniduraren kokalekua eta handik hurbil dauden aparkalekuak:

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!