Elkarrizketa

«Euskarak jakin-min handia pizten du nazioartean»

Leyre Carrasco 2023ko eka. 30a, 16:00

Euskarari, kulturari eta komunikazioari lotutako ibilbidea egiten ari da Irene Larraza. Herri Irratian, Koldo Mitxelenan, Syntorama musikarien agentzian eta Tolosako Udalean lan egina da. Etxepare Euskal Institutuan ari da 2012tik.

Euskarak eta euskal kulturak munduko hainbat txokotara bidaiatu dute euskal sortzaileen bidez, eta Etxepare Euskal Institutua da horren erantzule nabarmenetako bat. 2018az geroztik, hartako zuzendari da Irene Larraza (Tolosa, 1970). Aurrez sei urte eman zituen Etxeparen, bestelako ardura batzuetan lanean. Oso ondo ezagutzen du etxea, eta baita haren helburua ere: «Euskara eta euskal kultura mundura eramatea, ospez janztea eta ezagutaraztea». Aurretik, baina, komunikazioari, eta, batez ere, kulturaren sustapenari lotuta aritu zen lanean.

2012az geroztik, Etxepare Euskal Institutuko kide zara; komunikazio arduraduna izan zinen aurrena, eta kulturaren sustapen eta hedapen zuzendaria gero. Ondoren, 2018an, zuzendari kargua hartu zenuen. Erronka handia izan al da zuretzat?

Aldaketa handia izan da. 2011n egin nituen oposizio batzuen bidez lortu nuen komunikazio arduradunaren postua, eta berehala hasi nintzen lanpostu horretan lanean. Hasiera samarretik eta barrutik ezagutzen dut Etxepareren izaera, gertutik ikusi dut proiektua nola osatu den. Kultura sustatzeko zuzendari gisa lanean ari nintzela etorri zen aldaketa, Miren Arzallusi lekukoa hartuta.

Nola egiten duzue lan Etxepare Euskal Institutuan?

Euskara eta euskal kultura mundura eramatea, ospez janztea eta ezagutaraztea dira Etxepareren helburuak. Hori lortzeko, bi lan ildo ditugu: batetik, euskara zabaltzeko, euskararen irakaskuntza sustatzen dugu, eta, bestetik, euskal kultura lantzen dugu. Irakaskuntzari dagokionez, mundu osoko 35 unibertsitatetan ditugu euskara eta euskal kultura irakasten duten irakasleak. Hamabi katedra ere baditugu, doktoretza edo master mailan euskal gaien edo euskal ikasketekin lotura duten gaien inguruan ikerketak sustatzeko. Gai desberdinak proposatzen dituzte urtero, eta programa akademiko eta irakasle edo adituak aldatuz joaten dira. Euskarak jakin-min handia pizten du nazioartean.

Kulturan, zer ildo dituzue?

Kulturaren sustapenean, askotariko lan ildoak ditugu. Izan ere, kulturaren arloa oso zabala da, diziplina asko daude, eta oso desberdinak dira euren artean. Batetik, sortzaileen mugikortasuna sustatzeko diru laguntzak ditugu, eta, bestetik, itzulpengintzarako ildo zehatza ere badugu, gure literatura beste hizkuntzetara itzultzeko. Itzulpengintzari ikusgaitasuna emateko sariak eta online proiektuak ditugu. Eragile indartsua gara euskal kultura eta euskarazko kultura —literaturaren kasuan, batez ere— kanpoan ezagutarazteko.

Nola iristen zarete kultur eragileengana?

Geuk sustatzen ditugun azoka eta jaialdietara eramaten ditugu sortzaileak, Euskal Leihoak lan ildoaren bidez. Bidelagunak gara, eta erakusleiho horietan egon daitezen egiten dugu lan; ondoren atzerrian lan egiteko bokazioa eta indarra izanez gero, horretarako erraztasuna izan dezaten.

Eta nola iristen zarete nazioartera?

Badira ekoizpen bereziago batzuk; Quebecen egindakoa, esaterako. Eusko Jaurlaritzak akordio jakin batzuk ditu herrialde batzuekin, eta kulturari lotutako edukia osatzeko bidelaguna da Etxepare. Horri kultur diplomazia deitzen diogu guk; izan ere, herrien arteko harremanean eragiten dugu. Nor garen kontatzeko tresna da kultur diplomazia, eta [Espainiako] estatuko eta Europako hainbat instituturekin harremanak eta proiektu zehatzak ditugu horretarako. Orain, adibidez, New Yorkeko [AEB] Europako Institutuen Elkartean sartu gara. Horrez gain, badira beste sare batzuk ere, eragiten jarraitzeko.

Etxeparek Donostiako Tabakaleran du egoitza nagusia. Horrek errazten al du beste eragile edo sortzaile batzuekin elkarlanean aritzea?

Baietz esango nuke. Eragile asko gaude Tabakaleran, ikus-entzunezkoekin lotura dutenak asko. Etxeparen ez gara adituak; lantalde tekniko bat dugu eta hiru lagun gaude zuzendaritzan —euskara eta kultur arloko teknikariak eta ni neu—. Benetan adituak diren pertsonak, erakundeak eta eragileak daude Tabakaleran, eta haiekin batera egiten dugu lan. Tabakaleran, gertu ditugu Zinemaldia, Euskadiko Filmategia eta Elias Kerejeta Zine Eskola (EQZE), esaterako, eta horiek dira gure aholkulari zuzenak. Orain, adibidez, Tokioko zinema jaialdirako euskal zinemako ziklo bat antolatzen ari gara —udazkenean izango da—, eta, horretarako, Zinemaldiarekin batera ari gara lanean.

Bestalde, itzulpengintzari lotutako balorazio batzordean, euskal itzultzaileen elkartearekin egiten dugu lan. Alegia, elkarlanean oinarrituta dago gure lan egiteko modua: ez da Tabakaleran egotearen ondorio. Arte plastikoei dagokienez, Bilboko Arte Ederren Museoa eta Gasteizko Artium Museoa dira gure bidelagunak; aholkulari gisa aritzen dira. Gure lan egiteko moduan nahiko sustraituta dago elkarlana.

Geroz eta kultur diziplina gehiago daude. Horietakoren bat lehenesten al duzue?

Diziplina guztiei begirako laguntzak ditugu, baina egia da literaturak toki berezia duela sustatzen ditugun euskal leiho horietan. Izan ere, euskarazko literaturak asko du kontatzeko kultur adierazpen eta herri adierazpen gisa, eta modu nahiko zuzenean adierazten du nor garen. Sortzaileak euskal kulturaren enbaxadore bikainak dira; azken finean, modu oso sofistikatu, zehatz eta kritikoan kontatzen dutelako nor garen. Alor batzuen edo diziplina batzuen bidez errazago adierazten da nor garen.

Zein diziplina, adibidez?

Esaterako, dantza errazagoa da hitza daukan antzerkia baino. Denerako daude moduak: ez dago itzuli ezin daitekeen ezer, azpitituluak jar daitezkeelako, baina irismena ez da berdina.

Etxepare Euskal Institutura iritsi aurretik, Nafarroako Unibertsitatean Komunikazio Zientzietan lizentziatu eta Herri Irratian hasi zinen lanean. Nola gogoratzen duzu garai hura?

Kazetaritzarekin, eta, bereziki, irratigintzarekin lehen kontaktua izan nuen praktika haiekin. Geroztik, ikaragarri maite dut irratigintza; asko gustatzen zait. Baina, irratigintzaz gain, beste gauza asko ikasi nituen Herri Irratian; ekoizpenari buruz ikasi nuen, euskalgintzaren eta kultur giroaren inguruan…

Tolosako Udalean. Irene Larraza, eskuinean, 2009ko Ahoz Aho jaialdia aurkezten, May Gorostiaga Asvinenea elkarteko kidearekin batera. Garai hartan, Tolosako Udaleko kultur teknikaria zen Larraza.

Beraz, kazetaritzak eman zizun aukera kulturan murgiltzeko?

Bai. Izan ere, irratian nenbilela, kultur gaiak jorratzen nituen programa askotan. Hasieratik egokitu zitzaidan alor horretan murgiltzea. Urte horiek oso garrantzitsuak izan ziren niretzat, asko ikasi bainuen; jende asko ezagutu nuen, eta irratigintzan maisu izan nituen horietako asko. Irrati mota horri esker, kulturgile eta eragile asko ezagutu nituen. Neurri batean, horrek markatuko zuen, akaso, gero etorri zena, aukera horrek kultur eremutik gertu kokatu baininduen langile gisa.

Zuretzat zer da kazetaritza?

Asko maite dudan alor bat, oso beharrezkoa den lanbide eta ofizio bat. Gainera, komunikazioa bizitzako alor askotan garatu eta praktikatu behar dela uste dut. Azken urteetan, kudeaketan nabil gehiago, eta horretan ere formakuntza asko jaso dut, nahiz eta kazetaritzako ikasketak izan. Komunikazioaren tresnak eta abileziak alor guztietan aplika daitezke, eta interesgarria da hori. Ardura bat daukazunean, oso garrantzitsua iruditzen zait hori bideratzen jakitea. Beraz, esan dezaket ofizioa oso maitea dudala, eta oraindik asko laguntzen didala.

Noiz erabaki zenuen irratia uztea?

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean komunikazio arduradun bat behar zuten, eta, aukera hori ikusita, saiatzea erabaki nuen. Beraz, irratia utzi, eta han hasi nintzen komunikazio eta dinamizazio arduretan. Hiru bat urtez aritu nintzen. Zenbaitetan, nahastu egiten dira bizi profesionala eta pertsonala, eta etenaldi txiki bat izan nuen ama izan nintzenean. Gipuzkoako Foru Aldundiaren mende zegoen gazteentzako informazio zerbitzuan aritu nintzen ondoren, eta, azkenik, Syntorama musikarien ordezkaritza agentziako Sustapen, Komunikazio eta Editorial saileko arduradun izan nintzen zortzi urtez.

Etorkizunean gustatuko litzaizuke kazetaritzara edo irratigintzara bueltatzea?

Ez dut inoiz planteatu. Etxeparen zuzendari izateari uzten diodanean, nire postura itzuliko naiz; hau da, komunikazio arduraduna izango naiz. Kazetaritzara itzultzekotan, dudarik gabe, irratigintzara itzuliko nintzateke.

Tolosako Udalean ere hainbat ardura izan zenituen.

Ordezkapen bat egiteko proposamena egin zidaten Tolosako Udalean; urtebete egin nuen lan Kultura eta Gazteriako zuzendari gisa, eta Kultura, Gazteria, Jaiak eta Partaidetza saileko koordinatzaile gisa aritu nintzen gerora. Dena den, segituan jakin nuen Etxepare Euskal Institutuko oposizioak egiteko deialdia egin zutela, eta, nire ezaugarriek eskaintza publiko horrekin bat egiten zutela ikusita, oposizioetarako buru-belarri ikasten hasi nintzen.

Gipuzkoako Hitza-n argitaratutako elkarrizketa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!