Patxi Mongek urrezko hiru domina irabazi ditu Munduko Txapelketan

Ataria 2023ko ekainaren 29a

Gregorio Mancisidor eta Patxi Monge igerilari tolosarrak Kairoko Munduko Txapelketan.

Kairon (Egipto) jokatu dira master kategoriako hegats igeriketako Munduko Txapelketak. Patxi Monge tolosarrak hiru urrezko domina irabazi ditu eta munduko errekor berri bat ezarri du 55+ kategorian; Gregorio Mancisidorrek, zilarrezko hiru domina irabazi ditu 50+ kategorian.

41 herrialdetako 350 igerilari elkartu dira Kairon, tartean, Monge eta Mancisidor tolosarrak, Monge 55+ kategorian, eta Mancisidor 50+ kategorian.

Mongek urrezko hiru domina ekarri ditu Tolosara, apnea estiloko 50 metroko proban, ur gaineko 50 eta 100 metroko probatan, eta gainera, bere kategoriako munduko errekorra ezarri zuen 16.65eko denbora eginda; txapelketa guztiko laugarren denbora onena izan zen. Mancisidorrek, berriz, proba berdinetan, zilarrezko hiru domina irabazi ditu.

Tolosako igerilariek adierazi dutenez, «esperientzia oso polita» izan da beraientzat, «bai kirol emaitzengatik, baita beste herrialdetako kirolariekin bizi izandako esperientziagatik ere. Mundiala izan da».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!