Ikastetxeen karabana ekimenak jarraipena izango du hurrengo ikasturtean

Ataria 2023ko ekainaren 28a

Amaitu berri den ikasturtean, Laskorain Ikastolako 20 ikaslek jarraitu dituzte Tolosako Udaltzaingoaren azalpenak; irailetik aurrera beste ikastetxeetako haurrek ere parte hartzea nahi dute.

 

Dagoeneko 2022-2023 ikasturtea amaituta, balorazioak egiteko garaia ere bada, eta horri lotuta, Tolosako Udalak positiboki baloratu du udaltzaingoaren zuzendaritzapean irailean martxan jarritako Ikastetxeen karabana ekimena.

Ekimen horren funtsa izan da, ikasturte guztian zehar, Tolosako ikasleak udaltzainez lagunduta bizikletaz edo patinetez modu arduratsu, ordenatu eta seguruan ikastetxera joatea. Izan ere, kurtsoan zehar haur eta gazte asko dira goizero talde txikitan elkartzen direnak ikastolara patinetez zein bizikletaz joateko, baina modu sakabanatuan eta inolako zaintzarik gabe egin ohi dituzte joan-etorriak.

Hori aintzat hartuta, Tolosako Udaltzaingoak irailean martxan jarritako ekimen honek, ikasleen artean mugikortasun eredu jasangarri eta iraunkorren erabilera bultzatzeaz haratago, erabilera hori modu seguruan egitea izan du helburu, guztien segurtasuna eta ongizatea bermatuta egon dadin.

Bide-heziketa nozioak goizero

Ikastetxeen karabanaren bitartez, bizikleta zein patinetez mugitzen diren ikasleak Triangulo plazan elkartu dira egunero 8:30ean eta bertatik ikastetxeetara joan dira, udaltzaingoz lagunduta eta modu ordenatu, arduratsu eta seguruan. Bideari ekin aurretik, ordea, 10 minutuko bide-heziketa formakuntza jaso dute udaltzainen eskutik, egunero.

Ekimen hau herriko ikastetxe guztietara zabaldu den arren, aurten Laskorain Ikastolako ikasleak izan dira karabanan parte hartu dutenak. Guztira 20 ikasle inguru izan dira egunero Trianguloan elkartu eta bide-heziketa formakuntza jaso ostean ikastetxerantz udaltzainez lagunduta joan direnak. Partaidetzari erreparatuz, beraz, datorren ikasturtean ere ekimenak jarraipena izango duenez, Samaniego eskolako zein Herrikide ikastetxeko ikasleak ere karabanara gehitzea espero du udaltzaingoak.

Behar bereziak dituzten haurrentzat

Ikastetxeen karabanarekin batera, Tolosako udaltzaingoak bide heziketa saioak ere eskaini ditu Orixe eskolako bost haurrez osaturiko taldearentzat. Ekimen honek zuzenean erantzun dio aipatu ikastetxeak udalari egindako eskaerari, eta abenduaz geroztik, hamabostean behin elkartuta, saioek helburu izan dute haur horiei errepidea noiz pasa dezaketen erakustea, beraien autonomia sustatze aldera.

Saioak, noski, haurren beharretara egokitu ditu udaltzaingoak eta irudien bitartez eskaini zaie heziketa, umeek semaforoak, zebra-bideak eta zebra-bide bakoitzaren aurrean izan behar duten jokabidea ondo identifika dezaten. Saioen dinamikari dagokionez, lehenbizi ikasgelan bertan egunean egin behar zituzten ariketak erakutsi zaizkie eta ondoren kalera irteten ziren, hori praktikan jartzera.

Ekimen honek ere oso harrera ona izan du ikasle zein hauen irakasle eta gurasoen artean, eta datorren irailean berriro helduko diotela ziurtatu du udaltzaingoak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!