ELKARRIZKETA

«Auzoan egiten ditugun hobekuntzak Tolosan egiten ditugun hobekuntzak dira»

Aitor Arroyo Askarai 2023ko eka. 30a, 12:00

Xabier Karrera eta Ramon Zubeldia. A. ARROYO

50 urte bete ditu Amarotz auzoak eta bertako elkarteak. Antzerki astea egin berri dute, eta asteburu honetan ospatuko dituzte festak.

Mende erdi bete ditu aurten Tolosako Amarotz auzoak eta bertako elkarteak. Esan gabe doa sobera aldatu dela ingurua, badira urte batzuk desagertu zirela paper fabrikaren hondarrak. Sorreratik izan da aktibitate handiko auzoa, eta bizirik mantentzeko lanean jardun dute auzotarrek. 50. urteurrenaren karian denetariko ekimenak antolatu dituzte: igaro berri da antzerki astea, berreskuratu egin dute Araxesko itzulia mendi martxa eta asteburu honetan ospatuko dituzte auzoko jaiak. Xabier Karrera (Tolosa, 1978) eta Ramon Zubeldia (Tolosa, 1957) auzo elkarteko kideak dira, eta zabal hitz egin dute festez, auzo izaeraz eta haren bilakaeraz.

Tolosartzat ala amaroztartzat duzue zeuen burua?

Xabier Karrera: Gu Amarozkoak gara.

Ramon Zubeldia: Tolosar? Ez, ez. Gu amaroztarrak gara. Tolosa da Amarozko auzo bat, ez alderantziz.

Zertan bereizten da bata bestearengandik?

Zubeldia: Hemen jende asko dago auzoan jaiotakoa. Ume txikiei galdetzen badiezu berehala nabaritzen da: «Zu nongoa zara?»; eta erantzuten dute: «Ni? Amarozkoa».

Karrera: Umeak dituztenekin eta hitz eginda, diferentzia gehien nabaritzen dut haien askatasunean. Umeak, hemen jolasean, nahi duten bezala ibiltzen dira; eta Tolosan hori ezberdina izaten da.



Zubeldia: Ni Tolosan Korreo kalean bizi nintzen; ezin da konparatu. Ezkondu nintzenean etorri nintzen hona; eta hau ezberdina da.

Karrera: Umeak hemen libre utz ditzakezu: haien eran ibil daitezke. Tolosan beti ere arreta handiagoz ibili behar zara.

Zer ematen dio Amarotzek Tolosari?

Karrera: Gauza batzuetan, gerra [barrez].

Zubeldia: Zentzu askotan gerra, bai: beti ari gara gauzak aldarrikatzen. Beste auzo batzuetako jendeak ere esaten digu: «Zuek Amarotzen hau daukazue, eta bestea ere bai…». Baina hori ez da zerutik erortzen. Amarotzen dago auzo elkarte bat, zeina astero-astero elkartzen den eta borroka egiten duen zenbait gauza lortzeko. Borroka ez udalaren aurka, baina badago hor harreman bat, negoziaketa batzuk… Eta horregatik egin dira gauza asko hemen: gerra emanda.



Karrera: Gerra hori ez da Tolosaren edo udalaren aurka besterik gabe. Tentsio batzuk sortzen dira auzoaren aldeko aldarrikapenak egiten ditugulako, eta horrek askotan negoziatzea dakar. Baina Tolosaren aurka ez daukagu ezer, jakina.

Zubeldia: Beste auzo batzuetan udalarekin arazoak izan dituztenean galdetu izan digute ea nola lortu ditugun gauzak, nola jokatu dugun.

Karrera: Auzoari bizia ematen saiatzen gara, eta horixe ematen diogu Tolosari ere: auzo bizi bat.

Zubeldia: Tolosari ematen diogu aukera bat. Hau hemen dago, ondo dago eta edonork disfrutatzeko dago. Auzoan egiten ditugun hobekuntzak Tolosan egiten ditugun hobekuntzak dira.

Karrera: Hori da, edonork erabiltzeko daude auzoaren alde onak ere.

Zubeldia: Frontoia hor dago, futbol zelaia ere bai… Badakigu hau Tolosa dela, nahiz eta ez dugun nahi [barre txikiarekin].

Zein da auzo elkartearen jatorria?

Karrera: Auzo elkartea sortu baino lehenago sortu zen mahai-inguru bat edo, elkartea sortzeko. Aurre talde moduko bat.

Zubeldia: Azkenean kuadrilla moduko bat zen. Jendea auzora bizitzera zetorren heinean osatu zen.

Mende erdiko ibilbidea ez da edonola betetzen. Zein izan dira irauteko gakoak?

Karrera: Auzo elkartean beti egon dira hamabi, zortzi, hamar bat pertsona. Baina gero edozein gauza antolatzen denean jendeak oso ondo erantzuten du, dena ematen du.

Zubeldia: Adibidez, joan den ostiralean tortilla patata txapelketa egin genuen. Hasieran, kalean hogei bat pertsona ikusten baziren, txapelketa hasi zenean berrehun bat edo elkartuko ziren.

Karrera: Jendeak parte hartzen du bai festan, bai aldarrikapenetan. Esaterako, botikinarena lortzeko lanketa martxan jarri zenean, edozein ekintza antolatuta —manifestazio bat, kotxe karabana bat—, jendea azaldu egiten zen.

Zubeldia: Eta hori asko eskertzekoa da. Gerta zitekeen jendeak beste alde batera begiratzea eta esatea: «Besteren batek egingo du». Baina ez da horrela. Eta hori gerta daiteke hemen eta beste edozein tokitan, baina hemen jendea mugitu egiten da.

Urtez urte aldatzen joango zen elkartea. Zerk mantendu du bateratuta?

Zubeldia: Ez dakit bizkarrezur deitzea egokia den, baina hor garrantzitsua da elkartea astero-astero biltzen dela. Festa batzordea aldizkakoagoa da: jaiak izan baino hiruzpalau hilabete lehenago edo hasten da biltzen. Auzo elkarteak duen izaeragatik eta gainerako eragileekin duen elkarlanagatik, aukera ematen du jendeak elkar ezagutzeko eta komunitate sentimendua indartzeko.

Karrera: Urte askoan talde bat egon da, baina horiek adinarekin eta erretiratzen joan dira. Orain, beste berri batzuk sartu gara.

Zubeldia: Festa batzordean, normalean, jende gaztea sartzen da. Baina denborarekin zahartzen doazen heinean, askotan, hortik auzo elkartera sartzen dira. Horrela ematen da erreleboa.

Zein ekarpen egiten du elkarteak auzoan?

Karrera: Laguntza.

Zubeldia: Hori da. Laguntza bai dirutan, bai lanean. Esku bat bota behar bada, esku bat botatzeko prest dagoen jendea da.

Karrera: Horrez gain, auzoko arazoak udalera eramateko ere balio du. Ez da inondik inora ofiziala, baina ordezkaritza moduko bat da nolabait. Festaren bat edo beste egun bereziren bat antolatu behar bada ere laguntza ematen du.

Zubeldia: Denetariko ekintzak egiten ditugu, eta askotan elkartekoa ez den jendea batzeko balio du.

Karrera: Antolakuntzan, oraintxe bertan, zortzi inguru izango gara. Baina gero edozein gauza eginda, berehala gerturatzen da jendea: antolatzaileen bikoteetatik hasi, eta lagunak, ingurukoak… Jende asko etortzen da laguntzera.

Zubeldia: Badago jende bat elkartearen parte ez bada ere, beti azaltzen dena. Auzokoak izatearekin nahikoa dute. Ezer esan gabe ere, etortzen dira beste asko, elkarlanerako ohitura errotu da.

Karrera: Jendeak gutxi gorabehera badaki zein gauza egingo diren, eta berari dagokion horretan laguntzen du. Auzoa martxan dago, eta elkartea da txinparta: mugitzen den lehen pieza.

 

Xabier Karrera: «Auzoa martxan dago, eta elkartea da txinparta: mugitzen den lehen pieza»



Zubeldia: Elkarteak txispa ematen dio, eta berehala hasten da dena mugitzen.

Karrera: Badira urtero errepikatzen diren zenbait gauza, eta horretarako jendea ere urtero errepikatzen da. Haur jolasetan, aldiz, maizago aldatzen dira: adin batetik aurrera parte hartzeari uzten diote, baina antolatzera pasatzen dira. Hori oso polita izaten da.

Zubeldia: Badago jendea, baita ere, zeina gaur egun ez den auzoan bizi, baina ekimen horiek aurrera ateratzeko garaian etorri egiten den. Auzo sentimendu horrek hor jarraitzen du, eta berez ateratzen zaie laguntzera etortzea, deitu beharrik gabe. Garai batean, bazen kuadrilla bat ohitura zuena bazkaria zerbitzatzeko. Batzuk prestatu egiten zuten, eta haiek banatu. Txukun-txukun janzten ziren: denak berdin; eta haiek banatzen zuten bazkaria. Eta hori nahi zutelako egiten zuten: inork esan gabe, borondate hutsez.

Nola iritsi zarete auzo elkartean parte hartzera?

Karrera: Ni botikinaren kontuarekin sartu nintzen. Hor taldetxo independente bat sortu zen auzo elkartetik botikinaren bueltan lan egiteko. Bertan hasi nintzen parte hartzen, eta hortik sartu nintzen elkartera.

Zubeldia: Ni, berriz, Tolosan bizi nintzen, baina ezkondu nintzenean bikoteak esaten zuen hona etorri behar genuela, eta hona etorri ginen. Pixkanaka-pixkanaka jendea ezagutzen hasi nintzen, ondoren txarangan sartu nintzen eta, beno, konturatzerako elkartean nengoen.

Sartu aurretik nola ikusten zenuten?

Zubeldia: Niretzat irudi ona zuen.

Karrera: Nik gazte asanbladan nengoen bitartean ezagutu nuen auzo elkartea garai bateko auzo elkartea—. Baina orduan gazteagoak ginen eta lehia moduko bat sortu zen, baina ondo; orduan ere ez nion baliorik kentzen, jabetzen ginelako sekulako lana egiten zutela.

Zubeldia: Gertatzen dena da gazteek pentsatzen dutela gauzak modu batera egitea, eta hori beti ez datorrela bat helduagoek pentsatzen dutenarekin; baina txoke horiek normalak dira.

Karrera: Jakina, eta elkarren aurka ere ez genuen egiten. Azkenean, badakizu nolako lana dagoen atzean. Eta beno, behin sartzen zarenean, ohartzen zara kanpotik ikusten dena baino lan gehiago dagoela barruan [barrez].

Orain, barrutik ezagututa, zertaz jabetu zarete?

Karrera: Uste nuena baino lan handiagoa egiten dute.

Zubeldia: Bai, bai; lana badago.

Karrera: Kanpotik agian ikusten duzu lana badagoela, baina benetan zenbat eta nolakoa den barruan zaudenean ikusten duzu.

 

Ramon Zubeldia: «Udalari ere esan izan diogu haien lanaren zati bat egiten dugula elkartetik»



Zubeldia: Gero hor badago beste kontu bat, eta da auzoko jendeak elkartera jotzen duela arazoren bat duenean edo arazoren bat ikusten duenean; eta elkartea ez da Tolosako Udala. Zein da kontua? Udaletxera beste bat joatea nahi dutela? Ez dakit, erosokeria pixka bat nabaritzen zaie batzuei. Udalari ere esan izan diogu haien lanaren zati bat egiten dugula elkartetik. Izatez, hari dagokio auzoak nola hobetu pentsatzea, eta horren alde lan egitea. Baina elkarteak egingo ez balu, errealitatea oso bestelakoa izango litzateke.

Denetariko ekimenak antolatzen dira auzoan. Zergatik da garrantzitsua hori?

Zubeldia: Jendea mugiarazten dutelako, eta aktibitate horrek ematen diolako bizia auzoari.

Karrera: Zalantzarik gabe, auzoari kristoren bizia ematen dio.

Zubeldia: Espazio hau [auzo etxea], adibidez, zortziak arte irekita dago. Hona etor zaitezke irakurtzera, ordenagailuarekin lanak egitera… Honek ere bizia ematen dio auzoari. Lehen, hau ez zegoen erabiltzeko moduan, baina berritu egin zen eta orain oso ondo dago. Espazio hau erabilgarri dago, beste gela batzuk ere bai… Jendea etor daiteke nahi duenarekin, aukera asko ematen ditu. Euskaltegia ere hemen dago, eta baita KZgunea ere. Horrez gain jarduera gehiago ere egiten dira: yoga, gimnasia…

 

Xabier Karrera: «Horrelako gauzak antolatuta, aukera ematen diozu jendeari bizitza auzoan egiteko»



Karrera: Jendeak gauza horietan parte hartzen du, eta oso ondo funtzionatzen dute. Horrelako gauzak antolatuta, aukera ematen diozu jendeari bizitza auzoan egiteko. Eta ez naiz ari festaz bakarrik, baita ere kirola egiteko aukeraz, irakurtzeko aukeraz… Horrek, aldi berean, auzoko komunitate sentimendua indartzen du.

Hainbat borroka eman dituzue; botikina lortzearen aldekoa da horietako bat. Zein rol izan du elkarteak ekimen horietan?

Karrera: Burokraziako kontu asko egiten dira elkartetik. Udalarekin egin behar diren tramite guztiak eta…

Zubeldia: Abokatu bat kontratatu zen baita ere. Azkenean, legearekin ari zara borrokan eta ez du balio edonor aritzea eztabaidan.

Karrera: Hori da. Aurrena burokraziako kontu guztia egin zen elkartetik, eta gero ikusi genuenean ez zihoala inora, ez zuela martxa hartzen; hor hasi ginen protesta moduan erantzuten, eta gauza pila bat egin ziren.

Zubeldia: Udala erren ibili zen. Bestalde, guk ikusi genuen agirien bidetik jarraituz gero, ez zegoela zer eginik, eta protestan hasi behar genuela. Hori dena auzo elkartearekin egin zen.

Karrera: Auzo elkarteak biltzen zituen ateratzen ziren ideia guztiak, eta martxan jartzen zituen. Hor elkarlana sortu zen auzo elkartearekin eta botikinaren alde egiteko sortu zen taldearekin. Elkarteak deialdia egin zuen, eta bertara agertu ginen mordoxka bat, eta horrela sortu zen taldea.

Nola aldatu da auzoa urte hauetan?

Zubeldia: Aldatu-aldatu egin da. Lehen etxeak txikiagoak ziren. Komertzio asko itxi egin dituzte… Lehen bazeuden harategia, arrandegia... Tabernak ere, hiruzpalau.

Karrera: Horietako asko itxi egin dituzte. Asko jaitsi da.

Zubeldia: Nabaritzen den beste gauza bat da kanpotar asko etorri dela eta horiek auzoan asko ari dira sartzen. Aldaketa handia egon da.

Hazi ere egingo zen, ezta?

Zubeldia: Baita ere. Orain konturatzen bazara, etxebizitza bat jartzen duzu salgai auzoan eta hamabost egunean salduta dago.

Karrera: Etxeetan adineko jende asko ari da geratzen, eta horietako asko bakarrik… Lehen etxe bakoitzean lauzpabost seme-alaba izaten ziren, orain hori ere aldatu da.

Auzoa hazi bada ere, komertzioan beherakada egon da. Orain kanpotar batek ireki du denetik saltzen duen denda txiki bat, eta oso ondo dago. Baina, adibidez, harategia falta da: haragia bakarrik saltzen duen betiko tokia; eta hori nabaritzen da.

Zubeldia: Gainera, jendea adin batetik aurrera erdigunera joaten da bizitzera.

Karrera: Neroni Tolosara jaitsi nintzen, eta gerora bueltatu naiz.

Zubeldia: Ni ere orain erdigunera jaitsi naiz bizitzera. Azkenean, emaztea eta biok bakarrik bizi gara eta erosoagoa da. Adinarekin anbulatoriora gehixeago joan behar izaten da, eta erdigunetik gertuago dago.



Kanpoko jende asko etorri dela aipatu duzue. Horiek topatu al dute euren tokia auzoan?

Karrera: Gaur egun dezente.

Zubeldia: Auzo etxea ireki zenean aldaketa nabaritu zen.

Karrera: Hori da, auzo etxeak betetzen du biltzeko funtzioa edo.



Zubeldia: Orain, estalpearekin-eta, gehiago. Pixkanaka elkarrengana hurbiltzen joan da jendea.

Karrera: Umeek ere asko eragin dute zentzu horretan: umeak batera ibiltzen direnez, gurasoak ere batera ibiltzen hasten dira, eta pixkanaka harremanak sortzen dira.

Zubeldia: Duela urtebete ere, festa bat egin genuen Saharakoen alde, eta kristoren arrakasta izan zuen. Nik ere harreman oso ona egin dut Palestinako auzotar batekin. Esango nuke auzoan ere, orokorrean, harrera ona egiten diegula, eta iruditzen zait ez dutela kexarik izango.

Haiei ere nabaritzen diezue auzoaren alde egiteko grina?

Karrera: Bai. Agian ez dira elkartean sartzen, baina beste edonor bezala, edozein jarduera antolatzen duzunean, berehala azaltzen dira; guztietara, gainera.

Zubeldia: Guk beso zabalik hartzen ditugu, eta hori nabaritzen dute haiek ere. Polita da nahiz eta kanpotar asko egon, euskara asko aditzen dela, umeengatik batez ere. Lehen ere horrela izan zen: paper fabrikan lan egitera kanpoko jende asko etorri zen, baina zortez edo ez dakit zergatik —umeengatik edo— euskara ondo mantendu da eta asko erabiltzen da.

Amarotz zertan ezberdintzen da gainerako auzoengandik?

Karrera: Boteprontoan esango nuke hemen gauza gehiago antolatzen direla, baina ez dakit ziur esaten. Egia da Berazubi ere indar asko hartzen ari dela: auzo elkarte bat ere sortu dute.

 

Ramon Zubeldia: «Gu ezberdintzen gaituena da, agian, esperientzia edo ibilbide handiko elkartea dugula»



Zubeldia: Hor nabaritzen den aldea da lokala falta dutela. Larramendin, San Estebanen… Eskatzen ari dira, baina ez daukate lokalik. Leku bat behar da gauzak antolatzeko. Gu ezberdintzen gaituena da, agian, esperientzia edo ibilbide handiko elkartea dugula; urte asko dira martxan dagoela. Hemen dauden baldintzak beste batzuetan ez dira posible, baina asko da esperientziagatik.

Eta hori zor diegu hau martxan jarri zutenei. Haiei esker gaude gaur egun gauden tokian; haiena da meritua.



Aipatu dugu oso auzo aktiboa izan dela beti. Bizitasun hori nabaritzen duzue belaunaldi berrietan?

Zubeldia: Gazte jendea… Ez da konturatzen edo…

Karrera: Iruditzen zait gaztetan gehiago jotzen dela Tolosa aldera edo. Behin edade batetik aurrera, hasten zara gehiago bertan gelditzen; edo hori da sentsazioa, behintzat.

Zubeldia: Orokorrean, gazte jendeak beste gauza batzuk ditu buruan. Ni konturatzen naiz urte askotan sanblasetan eta Gabonetan kantari atera izan garela. Gaur egun, berriz, ez dira ateratzen. Hasi zirenak eta gu ere zahartu gara, eta orain ez du inork egiten. Atzetik datozenek ez dute jarraitu; baina egingo dute haiena ere, ziur.

Errelebo falta dagoela esango zenukete?

Zubeldia: Bai. Elkartean sartu dira berri batzuk, baina falta da erreleboa.

Karrera: Ni 45 urtera bidean nago, eta sartu diren besteak ere hor inguruan dabiltza. Hutsunea nabari da 20-30 buelta horren tartean. Gero, adinarekin etorriko da; nire ustez erreleboa beranduxeago etorriko da, baina etorriko da. Edo hori da nire sentsazioa, behintzat.



Belaunaldi berriek ba al dute auzoaren parte izateko sentimendu hori?

Karrera: Auzoaren parte izateko sentsazio hori nabari zaie, bai.

Zubeldia: Askotan nabaritzen da hemen jaio direnengan. Agian, kanpoan pasatzen dute denbora bat, baina gero itzuli egiten dira. Amarotzen jaio dena… Kontuz, hemen geratzeko joera du, ziur.

Karrera: Eta itzultzen ez bada ere, nik uste geratzen dela auzoaren parte izateko sentimendu hori.

Zubeldia: Hori garbi ikusten da nongoak diren esaten dutenean [barre txikiarekin].

Asteburu honetan auzoko jaiak ospatuko dituzue. Zer nabarmenduko zenukete egitarautik?

Karrera: Nabarmentzekotan, tipikoena ostiral gaueko afaria izaten dela esango nuke. Musika berdintsua izaten da normalean... Larunbateko ajoarrieroa ere urtetan mantendu da.

 

Xabier Karrera: «Nabarmentzeko, tipikoena ostiral gaueko afaria izaten dela esango nuke»



Zubeldia: Txapelketa egiten da: jendeak janaria prestatzen du eta gero horrekin herri bazkari moduko bat egiten da. Bakailaoa prestatzen dute askok, baina etxetik edozer ekar liteke.

Karrera: Irabazleari sari bat ematen zaio, eta denen artean jaten da prestatu dutena.

Zubeldia: Arratsaldean, sagardo dastaketa egiten dugu, eta horrek ere arrakasta polita izaten du.

Karrera: Larunbat gauean ere, afaria egiten da: parrillada izaten da. Eta igandean, auzo bazkaria eta danborrada egiten dira.

Eta ba al dago momentu berezirik?

Karrera: Txupinazoa botatzen da. Normalean festen hasierako suziria edonork botatzen zuen, eta ez zuen aparteko esanahirik. Aurten, arratsaldean botako da suziri bat erraldoien eta buruhandien irteera iragartzeko, baina gero beste bat, ofiziala, festa batzordeko norbaitek botako du. Eta hori sorpresa izango da.

Joan den urtean dantzarako tartea ere izan zenuten.

Karrera: Joan den urtean atera zen flashmob edo horrelako istorio bat. Ostiralean mozorro gaua izaten da eta joan den urtean, hori baliatuz, denak mozorrotu ginen berdintsu eta dantzatxo bat egin genuen aurretik entsegu batzuk eginda.

Zubeldia: Horrez gain pintxo pote musikatu bat ere egiten dugu.

Karrera: Aldatzen joaten gara. Joan den urtean trikitilari batzuk izan genituen, aurten, aldiz, beste moduren batera egingo da.

Ekimen asko antolatzen dituzue. Nola moldatzen zarete aurrekontua lortzeko?

Zubeldia: Hemen ez dago aurrekontu handirik.

Karrera: Egitaraua osatzeko aritu gara musika talde batzuekin eta hitz egiten, baina diru asko eskatzen dute.

Zubeldia: Eta, gainera, esaten dizute auzoa izanda, gutxiago eskatzen dutela beste toki batzuetan baino. Baina, hala ere… Hemen ez dago gauza handirik. Gastatzen dugun kopuruaren %70 diru laguntzetatik jasotzen dugu; beste %30 hori urtero mantentzen da, baina horrekin ere ezin duzu aparteko ezer egin. Segituan husten da poltsa. Prezioak igo dira, taldeenak eta… Ikaragarri.

 

Ramon Zubeldia: «Aparteko ezer ez dugu egingo, gehiago da egiten ditugun gauzei ukitu berezi hori ematea»



Aurrera begira, egingo al duzue beste ekimenik urteurrenaren harira?

Karrera: 50. urteurrenaren kontuarekin martxoan hasi ginen. Pirritx eta Porrotx etorri ziren, umeek haiekin abesten aritu ziren… Gero auzora etorri ziren eta bazkaria egin zen ume guztiekin. Hurrena helduen eguna izan zen, maiatzean. Eta, izatez, helduentzako bazen ere, azkenean auzo guztiarentzat zabaldu zen: 160 pertsona inguru bildu ginen bazkaltzen. Auzoko erretiratuen elkartearekin, Beti gazteak elkartearekin, bingoa ere antolatu zen, asko jokatzen baitute. Dantzaldia ere egin genuen iluntzean… Oso ondo atera zen.



Eta festei, berriz, urteurreneko kutsu hori emango zaie. Kamisetak egin ditugu -denek jantziko dute-, antzerkiarekin ere egingo da beste zerbait… Eta, aurrera begira, irailean daukagu euskal eguna antolatzeko asmoa.

Zubeldia: Aparteko ezer ez dugu egingo, gehiago da egiten ditugun gauzei ukitu berezi hori ematea. Beste ezer egiteko ere, poltsari begiratu behar zaio.

Karrera: Mendi martxa ere egin zen. 2017tik ez zen egiten, eta taldetxo bat elkartu ginen berreskuratzeko asmotan, eta azkenean oso ondo atera zen. Hasieran, beldur ginen jenderik ez ote zen etorriko, eta, azkenean, beldurtuta geunden ea gehiegi etorriko ote zen [barrez].

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!