Irai Colas eta Lorea Berasategi txapeldunorde, Errioxan

Josu Artutxa Dorronsoro 2023ko eka. 28a, 11:58

Pasa den larunbatean, ekainak 24, zenbait mendi lasterketa jokatu ziren, eta tartean izan ziren Alpino Uzturre taldeko lasterkariak. Colas eta Berasategi tolosarrak bigarren postuan helmugaratu ziren Errioxako Trail Series lasterketaren bigarren proba puntuagarrian.

Batetik, Errioxako Trail Series lasterketaren bigarren proba puntuagarria jokatu zen, Najerilla gainan eta Urbionen. Hiru lasterketa izan ziren: Ultra Trail (66 kilometro eta 3.700 metroko desnibel positiboa), Klasikoa (27 kilometro eta 1.650 metroko desnibel positiboa) eta Promo (13 kilometro eta 650 metroko desnibel positiboa).

Promo lasterketan, gizonezkoetan, Irai Colas tolosarra txapeldunorde izan zen, Gorka Simon irabazlearengandik oso gertu. Simonek 1.03.51ko denbora egin zuen; Colasek, berriz, 1.04.11koa. Mikel Zabala izan zen hirugarren (1.05.18). Colasek, gainera, urrezko domina irabazi zuen promesa kategorian. Proba berean, emakumezkoetan, Alpino Uzturre taldeko beste tolosar bat izan zen bigarren: Lorea Berasategi. 1.21.42ko denbora egin zuen, Sara Reimondo irabazlearengandik urruti (1.13.18). Nagore Salgado izan zen hirugarren (1.23.16).

Gainerako lasterkariei dagokienez, promo lasterketan baita ere, gizonezkoetan, Endika Trula seigarren izan zen, Imanol Tubia hemeretzigarren eta Alberto Rey 50. postuan helmugaratu zen. Proba klasikoan, emakumezkoetan, Sandra Piñeiro bosgarren postuan helmugaratu zen; Piñeiro hirugarren izan zen senior kategorian.

Asteburuan, Gran Trail Picos de Europa lasterketak ere jokatu ziren, kasu honetan, Asturiasen. Bertan, Tolosako taldeko korrikalariak txapeldun eta txapeldunorde izan ziren 35 kilometroko bikote mistoko proban. Naroa Uria eta Ion Intxausti izan ziren azkarrenak (4.43.24) eta Asier Urbistondo eta Nuria Mendivi helmugaratu ziren bigarren postuan (4.56.34).

Azkenik, Triku Trail lasterketan, Nafarroako Kluben Txapelketan, Alpino Uzturre taldeko Ane Elzaurdiak Agerra Mendi Taldearekin parte hartu zuen eta laugarren postuan helmugaratu zen; taldekako sailkapenean, bigarren izan ziren.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!