Alpino Uzturrerekin, Pirinioetara

Ataria 2023ko ekainaren 28a

Tolosako mendi elkarteak antolatutako mendi irteera uztailak 15-16 asteburuan izango da. Irteeraren prezioa 70 eurokoa da eta izena emateko azken eguna uztailaren 12a, asteazkena, da.

Tolosako Alpino Uzturre Mendi Elkarteak irteera antolatu du Pirinioetara, uztailaren 15 eta 16rako. Aysa aterpetxean (Candanchu-Somport) hartuko dute ostatu, eta 15 lagunentzako edukiera duenez, izena lehenbailehen ematea eskatu dute. Aterpeak ura edangarria, dutxa beroa, taberna, wifia eta telebista dauzka.

Uztailaren 15ean 6:30ean aterako da autobusa San Frantzisko eliza ataritik. Lizara aterpean (1.540 metro) hasi eta Canfranc herrian (1.045 metro) amaituko da txangoa, Collado del Bozo lepotik (2.019 metro) eta Majada de Gabarditotik (1.520 metro) igaro ondoren. Mendi txango hau GR11 ibilbidearen 11. etaparen bide alternatibo bat da. 18 kilometroko luzera du, 890 metroko desnibel positiboarekin. 6 ordu eta erdian egitea aurreikusten dute.

Biharamunean, mendi txangoa Astun eski estazioan (1.730 metro) hasiko da, eta Ayous aterpetik (1.967 metro) eta Chemin de la Maturetik (798 metro) igaro ondoren, Etsaut (594 metro) frantziar herrian amaituko da. Mendi txango honen bigarren erdia GR10 ibilbidearen 33. etapa da. 21 kilometroko luzera du, 501 metroko desnibel positiboarekin. Ibilbide hau ere sei ordu eta erdian egitea aurreikusten dute.

Irteeraren prezioa 70 eurokoa da (autobusez bidaia eta pentsio erdia aterpean barne). Izena emateko azken eguna uztailaren 12a, asteazkena, da. Informazio gehiago izan edota izena emateko hiru aukera daude: Alpinouzturre.eus webgunean, info@alpinouzturre.eus helbide elektronikora mezua bidaliz edo 943 652 789 telefono zenbakira deituz.

Irteeraren bideoa:

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!