Ohiko kantxan ez, ohiko giroan bai

Josu Artutxa Dorronsoro 2023ko eka. 27a, 15:59

Kirolagunak Kirol Elkarteak antolatuta, CMO Valves XXXV. Areto Futbol Txapelketa jokatzen ari dira Herrikide ikastetxean (Eskolapioak). Eskualdeko zenbait herritako 51 talde ari dira lehian, lau mailatan banatuta.

Bueltan da San Joan jaien inguruan jokatu ohi den haurren areto futbol txapelketa. Ohiko txapelketa da, baina ezohiko kantxa batean jokatzen ari direna. Izan ere, Usabal kiroldegiko langileen greba mugagabea dela eta, Herrikide ikastetxera (Eskolapioak) lekualdatu behar izan dute. Giro ederrean ari dira jokatzen partidak, uneoro, harmailak gurasoz zein haurrez beteta baitaude. Elkarteak eskerrak eman dizkio ikastetxeari, instalakuntzak erabiltzeko aukera emateagatik.

35. edizioa du aurten, eta inoiz baino talde gehiago ari dira parte hartzen, guztira, eskualdeko zenbait herritako 51 talde, alebin eta benjamin mailatan banatuta. Alebin mutiletan hogei talde (lau taldeko bost multzo) daude, nesketan, berriz, zortzi (lau taldeko bi multzo); benjamin mutiletan hamasei talde daude (lau taldeko lau multzo), eta nesketan, zazpi. Atzo hasi ziren multzoen faseko partidak, eta bihar iluntzera bitarte jokatuko dituzte. Hiru egunotan, 9:00etan izango da lehen partida, eta azkena, 21:00etan. Partida bakoitzaren iraupena 25 minutukoa izaten ari da.

Ostegunean emango zaio hasiera bigarren faseari. Benjamin nesken eta mutilen mailan eta alebin nesken mailan, multzo bakoitzeko bi talde onenak sailkatuko dira. Nesken kasuan, zuzenean finalerdietarako sailkatuko dira; mutilei dagokienez, final-laurdenetarako. Alebin mutilen mailan, multzo bakoitzeko talde onenak eta multzo horietan bigarren postuan geratzen diren hiru talde onenak sailkatuko dira hurrengo fasera; kasu honetan, final-laurdenetako kanporaketara sailkatuko dira. Aurten, finalak ez dira igandez jokatuko, ikastetxean asteburuan beste txapelketa bat jokatuko baita; ostiral arratsaldean izango dira txapeldunak erabakitzeko lehiak.

Kirolagunak Kirol Elkartearen instagram kontuan ikusi daitezke partiden ordutegiak eta emaitzak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!