Egitarau zabala prestatu dute Amarozko Antzerki Asterako

Ataria 2023ko eka. 27a, 19:59

Amarozko Antzerki Astearen 25. urteurrena dela eta, ekitaldiak izango dituzte ostiralera arte; auzoko urteurrenagatik ere hainbat ospakizun dituzte.

Urteurren borobilen urtea dute Amarotz auzoan. Auzoak 50. urteurrena du eta Antzerki Asteak 25 urte betetzen ditu. Ospakizunekin bat eginez, ekitaldi ugari antolatu dituzte auzoan. Atzo eman zioten hasiera Antzerki Asteari, Pailaztana Junior taldearen Punto eta aparte! ikuskizunarekin. Ondoren, Zirkugintza taldearen eskutik zirku ikastaroaz gozatzeko aukera ere izan zuten gaztetxoenek.

Gaur beste hainbat emanaldi ikusteko aukera izan da. Tartean Badut taldearen Ipuinak jo eta musikak kontatu edota Pailaztana Klown Taldearen El Clownquis de Amarotz. Amaia Agirre eta Eli Pagola bertsolariek ere bertso saioa eskaini dute, 25 urte kopletan izenpean.

Bihar, Erraldoi Txikien Topaketa Handia izango dute gaztetxoek. Bertan, erraldoiak dantzatzen ikasteko tailerra egingo dute Amarozko erraldoien, Erraldoizale Lagunen eta Numen Dantza Eskolaren eskutik. 16:30ean izango dute masterclass-a, eta 17:30ean kalejira egingo dute auzoan. Ondoren, Triki Fest Erraldoia kalejira ere izango da Irma eta Ixone trikitilariekin batera, 19:00etan.

Datozen egunetan ere izango dute zertaz gozatu auzotarrek. Ostegunean, Eneko Gutierrez magoak Tilin-Tilin emanaldia eskainiko du 16:00etan auzo etxean. Ondoren, pintxopoteatroa egingo dute David Blanco, Diego Calavia eta Eneko Gutierrez magoekin batera, 17:30etik aurrera, auzoko tabernaz taberna. Poprockpomperoren 15 años cuesta abajo kale ikuskizuna izango dute osteguneko azken emanaldia, 19:30ean.

Ostiralean, Antzerki Asteko azken eguna ospatuko dute, eta Zorionak Amarotz izeneko gala berezia ikusteko aukera izango dute auzotarrek, 17:45ean, kalean. Bertan, Tortell Poltrona Payasos Sin Fronteras taldearen sortzailea izango da bere alaba Petita Lurekin batera, baita Bea Larrañaga eta auzoko zumba taldea ere.

Antzerki Asteak irauten duen bitartean Jabi Markezen aurreko edizioetan ateratako argazkiekin osatutako Klik nire txokotik argazki erakusketa izango da.

Auzoak 50 urte

Urteurrenaren harira ere hainbat jarduera burutu dituzte, horren adibidea da atzo egin zuten mendi martxa. Hala ere, hemendik aurrera beste hainbat ekitaldi ere izango dituzte.

Antzerki Astea bukatzearekin batera, auzoko festei emango diete hasiera, ostiralean hasita uztailaren 2ra arte. Irailaren 17an, berriz, Euskal Eguna izango dute, eta urriaren 7an auzoko kirol elkartearen eskutik futbolean parte hartu duten guztientzat bazkaria egingo dute. Inauterietan karrozan ateratzen direnen eguna ere antolatuko dute, baina ez dute data zehaztu oraindik.

Egitaraua

Ekainak 28, asteazkena

  • Erraldoi Txikien Topaketa Handia. Erraldoiak dantzatzen ikasteko tailerra Amarozko erraldoien, Erraldoizale Lagunak-en eta Numen Dantza Eskolaren eskutik. 16:30ean masterclass-a egingo dute eta 17:30ean kalejira. Umeentzat eta euskaraz.
  • 19:00. Irma eta Ixone trikitilarien Triki Fest Erraldoia, kalean.

Ekainak 29, osteguna

  • 16:00. Eneko Gutierrez magoaren Tilin-Tilin emanaldia, auzo etxean.
  • 17:30. Pintxopoteatro David Blanco, Diego Calavia eta Eneko Gutierrez magoekin, auzoko tabernetan, euskaraz eta gazteleraz.
  • 19:30. Poprockpomperoren 15 años cuesta abajo kale ikuskizuna, gazteleraz.

Ekainak 30, ostirala

  • 17:45. Zorionak Amarotz gala berezia Tortell Poltrona, Petita Lu, Bea Larrañaga eta auzoko zumba taldearekin, kalean, euskaraz eta gazteleraz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!