Zinegoak film laburren zikloa Topic-en, LGTBIQ+ Egunaren harira

Ataria 2023ko eka. 26a, 16:51

Bertako zein nazioarteko zazpi film labur desberdin ikusteko aukera egongo da, bihar, kolektiboaren egoera, eskubideak edota aldarrikapenak ezagutzera emateko.

Ekainaren 28an, asteazkena, Gay, Lesbiana, Transexual, Bisexual, Intersexual eta Queer-en Eskubideen Nazioarteko Eguna ospatuko da, aipatu kolektiboaren eskubideak defendatzeko eta aldarrikatzeko eguna, alegia.

Horren harira, Tolosako Udalak babestuta, Zinegoak film laburren zikloa egingo dute Topic-en, bihar, hilak 27, 19:30etik aurrera. Artearen, zinemaren eta kulturaren bitartez sexu-, identitate- edota genero-aniztasunaren inguruan ikusgaitasunerako, aldarrikapenerako, topaketarako eta gogoetarako esparruak sortzen dituen ekimena da Zinegoak.

Film laburren zikloaren bitartez, helburua da herritarrak aniztasunean sentsibilizatzea, oraindik ere kolektibo honetako pertsonek jasaten dituzten jazarpen, bazterkeria edota indarkeria errotik ezabatzeko.

Hori horrela, zazpi film labur desberdin ikusteko aukera egongo da Topic-en, guztiak, noski, LGTBIQ+ kolektiboaren egoera, eskubideak edota aldarrikapenak ezagutzera emateko. Filmak estatu zein nazioarte mailako ekoizleek eginak dira: Brasil, Frantzia, Euskal Herria, Iran…

Hauek dira eskainiko diren film laburrak:

  1. Irrits Maider Oleaga – Euskadi / 2022 / 15 minutu: Izaro eta Clara, 17 urteko neska nerabe bi, begirale lanetan ari dira haurrentzako udalekuetan. Egun bero batean, Clarak irrikaz musukatzen du laguna. Izaro, grinak itsututa, noraezean dabil gertatu zaiona kudeatu nahian, baina prest dago Clarari jarraitzeko, hark nahi duen eremura.
  2. Son Marta Nieto – Espainia / 2022 / 15 minutu: Anak ez daki nola tratatu bere sei urteko seme Son, eta mendi ibilalditxo bat egitea erabakitzen du elkar nolabait aurkitzeko asmoz. Bidetik labirinto batean galtzen dira, non beren harremanaren nahasmena, inkontzientzia eta tentsioa berpiztuko diren, iraganeko zauriak irekiz, haiek sendatu eta aurkitzen hasteko.
  3. Warsha Dania Bdeir – Libano, Frantzia / 2022 / 15 minutu: Warshak Mohammadi jarraitzen dio, Beiruten garabilari lanetan ari den migratzaile siriarrari. Goiz batean bolondres moduan garabi handi eta arriskutsuenetako batera igotzeko aurkezten du bere burua. Guztien begiradatik urrun, bere ezkutuko grina bizitzeko eta askatasuna aurkitzeko gai da.
  4. Ezohikoak Alejandra Bueno – Euskadi / 2022 / 10 minutu: Euskal Herrian hazkuntza prozesuan Euskal matriarkatuaren existentzian sinetsiz eta familia eredu oso normatiboak asimilatuz hazi ohi gara. Protagonistak ez du bere burua eredu horien barruan islatzen, eta argazkien bidez berrikuspen historiko bat egiten du gizarte hori nolakoa den ulertzeko. Historia normatibo bakarra kontatzeko balio izan duten argazki berberek bizia hartzen dute historiarik gabeko emakume historikoen, matriarkaturik gabeko emakumeen eta beste emakume batzuen historia kontatzeko.
  5. Arnasa Raul Barreras – Euskadi / 2022 / 15 minutu: Muino batean eserita, Inaxiok emaztearen heriotzak sortzen dion atsekabea adierazten du bertso baten bidez. Ekaitz biloba, baserrira itzultzen da aitonaren kantuak deituta, aitona bera eta honen animaliak zaintzera. Biek, inguruaren ikuspegi ezberdinekin, berriro bat egingo dute eta etorkizuneko zailtasunei aurre egingo diete elkarrekin.
  6. It´s a grey, grey worldSeyed Mosen – Pourmohseni Shakib – Iran / 2022 / 5 minutu: Mundu guztiz gris batean, gazte kontserbadore baten nortasun koloretsua ustekabean, haur baten jolasek agerian jartzen dute. Jendeak, izututa, poliziari deitzen dio gaztea atxilotzeko. Baina gazteak ihes egitea lortzen du, eta biharamunean itzultzen da askatasunerako eskubidea defendatzeko.
  7. Dating internet strangersEduardo Wahrhaftig – Brasil / 2022 / 12 minutu: Dozenaka milioi pertsona ari dira erabiltzen hitzordu aplikazioren bat. Kontakizun honetan, zenbait erabiltzailek hitzordu on eta txarrei buruzko istorioak, eta smartphone-en aroan ligatzeari buruzko iritziak partekatzen dituzte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!