ERREPORTAJEA

Zortzi kontzertu, bluesaz gozatzeko

Irati Saizar Artola 2023ko eka. 30a, 07:59

Iazko Tolosand Blues jaialdian, Bluebird taldearen kontzretuko irudia. R.C.

Tolosand Blues jaialdia iristear da Tolosara; ekainaren 29tik uztailaren 3ra ospatuko da. Zortzi kontzertu antolatu dituzte guztira Tolosako txoko ezberdinetan eskaintzeko, eta Tommy Castro gitarra jotzaile kaliforniarra da aurtengo programako izarra, antolatzaileen arabera.

Ekainaren 29tik uztailaren 3ra Tolosa bete-betean murgilduko da bluesaren doinuetan. Tolosand Blues jaialdiak hemeretzigarren edizioa izango du honakoa eta zortzi kontzertuko egitaraua prestatu dute. Iñigo Martin antolatzaile tolosarrak esan moduan, programazio «irekia» lotu dute.

Berrikuntza moduan, azken egunean, eskola magistral bat eskainiko du Tommy Castro artistak, Tolosako kultur etxean, 19:00etan. «Berak dakiena erakutsiko die bertaratzen direnei, bere trikimailuak, jotzeko erak...».

Hemeretzigarren edizioarekin bere bidea osatzen ari da jaialdia, «egonkortuta dago dagoeneko», eta Euskal Herriko blues panoramaren barruan Tolosand Blues «goi mailakoa» dela dio Martinek. «Orain arte, jaialdirik onena zen, iaz Bilbon antolatu zuten arte», dio barrez. «Guk geurean jarraitzen dugu, etxeko taldeak ekarriz, kanpotik ere gonbidatuz, emakumeak tartean izanez... Saiatzen gara programazio ahalik eta orekatuena osatzen, eta musika estilo guztiak biltzen: rhythm and blues, blues, rock and roll, rockabilly, swing, soul, gospel...»

Ekainaren 29tik uztailaren 3ra, beraz, zortzi emanaldi izango dira Tolosako txoko ezberdinetan. «Etxeko hiru talde ditugu, eta Espainiatik, Kataluniatik, Frantziatik eta Ameriketako Estatu Batuetatik etorriko dira besteak; tartean, emakume abeslariak ere bai». Kanpoko taldeei dagokienez, beti saiatzen dira «punta-puntako banda bat» ekartzen. Aurten, Tommy Castro izango da izarra, Kaliforniako gitarra jotzaile ospetsua. Bere bandarekin etorriko da, eta lehen aldiz eskainiko du kontzertu bat Euskal Herrian.

Larunbat arratsalde eta gaueko programa ere «polita» izango dela aurreratu du. «Arratsaldean, Cecilya Mestresek eta bere bandak rock and roll klasikoko kontzertua eskainiko dute, eta dantzan jarriko gaitu hasten denetik amaitzen duen arte; gauean, blues doinu serio eta dotoreagoak entzuteko aukera izango da, soul eta gospel ukituekin, Shanna Waterstownen ahotsaren bitartez».

Sortzen duen ikusminarekin eta inguratzen den jendearekin «oso pozik» daudela dio antolatzaileak. «Pixka bat gora egingo balu hobe, baina ez dugu masifikaziorik nahi, neurria oso ondo hartuta daukagu guk nahi dugunarentzat».

Hogeigarrenaren bila

Behin aurtengoa pasata, datorren urtekoak urteurren zenbaki borobila izango du. «Berezia izatea nahiko nuke, behintzat, talde kopuruari dagokionez; aurten zortzi kontzertu ditugu, eta gustatuko litzaidake hurrengo urtean hamar izatea». Uste du urteurrenak «merezi» duela, eta «baita herritarrek ere». «Hogei urte zifra polita da, ez genuen inolaz espero horra iristerik. Hau guztia martxan jarri genuenean esan izan baligute 20 urtera iritsiko ginela, ez nukeen inoiz halakorik pentsatuko».

Aurtengo edizioa hasi gabe dago, eta dagoeneko hurrengorako zerrenda prestatzen hasita dago Martin. «Urtero zortzi talde ekartzen ditugu eta itxaron zerrenda luzea izaten da; beraz, ez ahazteko apuntatu egiten ditut». Iraila aldera hasten da lehen kontaktuak egiten taldeekin, pixkana guztia lotzen joateko. «Talde berriak sortzen joaten dira, eta beste batzuk ekarri ezin izan ditugunak dira. Amets asko dauzkat, eta horietatik asko, bete ezin direnak, aurrekontuagatik».

Azken urteetan hasieran gertatzen ez zen zerbait sumatu du Martinek: «Datak hurbildu ahala, jendeak galdetu egiten du aurtengo jaialdia nola datorren, ikusmina sortzen du orain, lehen sortzen ez zuena».

 

BLUES MORNING SINGERS

Bilbotik datorren boskotea da, hamar urte baino gehiago oholtzetan daramatzana. Doinu «freskoak» eskaintzen dituzte, rhythm and blues, musika garaikidea, moldaketaz betetako errepertorioarekin. Mario Gomez ahotsa eta gitarrarekin, Carlos Jover ahotsa eta harmonikarekin, Jorge Gomez baterian eta Javier Acarregui kontrabaxuan.

 

MINGO BALAGUER & PABLO SANPA BLUES BAND

Mingo Balaguer Europan dagoen harmonika jotzaile ezagunenetakoa da. Pablo Sanpa Madrilgo gitarra jotzailearekin batera eskaintzen ditu zuzenekoak. Blues klasikoa dute ardatz, Chicagokoak zein Californiakoak.

 

THE FAKE COUSINS

Ibilbide luzea egin duten hiru musikarik osatutako taldea. Tartean da Paul San Martin piano jotzaile donostiarra. Jon Aira du ondoan gitarrarekin eta Javier San Martin bateriarekin. Boogie woogie, blues klasikoa, rock and roll, twist... hamaika estilotan mugitzen dira oholtzan.

 

MICKY AND THE BUZZ

Blues esparrutik ateraz, rock and rollaz blaitzen da Bilbotik datorren boskotea. 2018an elkartu ziren talde modura, bakarka beste zenbait taldetan ibili ostean. Micky Paiano italiarra da abeslaria, «sekulako ahotsa» duena; Carlos Beltran gitarrarekin, Ivan Ted baterian, Willy Calambres saxoarekin eta Dabid Martin kontrabaxuarekin.

 

TOMMY CASTRO & THE PAINKILLERS

Aurtengo izarra: Tommy Castro. Kaliforniatik iritsiko da, bere banda eta guzti. 30 urte baino gehiago daramatza musika ibilbidean, eta lehen aldiz eskainiko du kontzertua Euskal Herrian. Blues, soul, rock and roll eta swing erritmoak ekarriko ditu Tolosara, munduan aski ezaguna den musikariak.

 

SHANNA WATERSTOWN

Floridatik iritsiko da Shanna Waterstown musikaria, eta gospel, blues edota soul doinuak eramango ditu oholtzara. Gaur egun, emakumezkoen artean ahotsik «ederrenetakoa» duena da. Abeslaria izateaz gain, konposatzailea ere bada, eta bere musika ibilbidean James Brown eta Maceo Parker bezalako artistekin elkarbanatu izan du agertokia.

 

BALTA BORDOY & THE BAD BOYS

Mallorcatik etorriko da Balta Bordoy gitarra jotzailea. Bartzelonako beste hiru musikari izango ditu ondoan, eta tartean izango da Victor Puertas, Tolosand Blues jaialdian behin baino gehiagotan parte harte duen piano jotzailea. Blues klasikoaren doinuak edota swing pixka bat entzuteko aukera izango da.

 

CECILYA MESTERS & THE CANDY KINGS

Paristik datorren boskotea. Publikoa dantzan jarriko du 50. eta 60. hamarkadetako rock and rollarekin. Zuzeneko indartsuak dituen taldea. Cecilya Mesters abeslariarekin batera izango dira, Rodolphe Dumont gitarrarekin, Paul San Martin pianoan, Jorge Otero kontrabaxuarekin eta Adrian Carrera baterian.

 

EGITARAUA

  • EKAINAK 29, OSTEGUNA
    • 20:00. Blues Morning Singers, Trianguloa plazan.
  • EKAINAK 30, OSTIRALA
    • 19:30. Micky and The Buzz, Gipuzkoa plazan.
    • 23:00. Mingo balaguer & Pablo Sanpa Blues Band, Txurrerian.
  • UZTAILAK 1, LARUNBATA
    • 13:00. The Fake Cousins, Lopez Mendizabal plazan.
    • 19:30. Cecilya Mesters & The Candy Kings, Plaza Berrian.
    • 23:00. Shanna Waterstown, Plaza Berrian.
  • UZTAILAK 2, IGANDEA
    • 13:00. Balta Bordoy & The Bad Bpys, Zerkausian.
    • 20:00. Tommy Castro & The Painkillers, Euskal Herria plazan.
  • UZTAILAK 3, ASTELEHENA
    • 19:00. Tommy Castroren eskola magistrala, kultur etxean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!