Gorka Sorarrain bosgarren izan da Errepideko Espainiako Txapelketan

Ataria 2023ko eka. 26a, 11:55

BAI-Sicasal-Petro de Luanda taldeko txirrindulari tolosarrak emaitza bikaina lortu du, Madrilen jokatutako profesional mailako lasterketan ezustekoa emanda. Oier Lazkano txapeldunarengandik hamabi segundora helmugaratu da.

Gorka Sorarrain txirrindulari tolosarrak bizitzako egunik zoriontsuenetakoa bizi zuen atzo, Madrilen jokatutako Espainiako Txapelketan. Oraindik TAKE saskibaloi taldean jokatzen zuela, pandemia garaian etxean bizikleta probatzen hasi ondoren, martxa zikloturistetan lehiatzen hasi zen, eta bertan lortutako emaitza onei esker, Baque taldearen eskaintza jaso, eta afizionatu mailan lehiatzen hasi zen. Aurten, lehen urtea burutzen ari da Portugalgo BAI-Sicasal-Petro de Luanda taldean, eta asteburuan, Madrilen jokatutako Espainiako Txapelketetan parte hartzeko hautatu zuten. Bada, parte hartu ez ezik, emaitza bikaina lortu zuen Sorarrainek. Bosgarren postuan helmugaratu zen, UCI World Tour mailako txirrindularien erritmoan.

«Sorpresa galanta izan da. Gorputzaldi onarekin etorri naiz, baina ez nuen espero lehen postuetan egotea, maila handiko txirrindularien atzetik. Oso pozik nago», adierazi zuen lasterketa amaitu ondoren.

Ostiralean erlojupeko lasterketan parte hartu zuen Sorarrainek, 23. postuan sailkatuz. Jonathan Castroviejo irabazlearengandik ia lau minutura. Lazkano bigarren izan zen erlojupeko proban. «Berez erlojupekoa lehiatzera nentorren, oso ondo prestatu nuelako, baina ez nuen bizikleta gainean gozatzerik izan, beroagatik akaso», azaldu zuen.

Errepideko Espainiako Txapelketako sailkapena:

  1. Oier Lazkano (Movistar Team): 4.13.12
  2. Juan Ayuso (UAE Emirates): 4.13.18
  3. Alex Aranburu (Movistar Team): 4.13.18
  4. Jesus Herrafa (Cofidis): 4.13.22
  5. Gorka Sorarrain (BAI-Sicasal-Petro de Luanda): 4.13.24

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!