Txotxongilo udalekuak egingo dituzte Topic-en

Ataria 2023ko eka. 23a, 17:59

Txotxongiloen eraikuntza eta eszenografia landuko dituzte material birziklatuen bidez, ekainaren 26tik 30era bitarte, 10:00etatik 13:00etara. 6 urtetik gorako haurrei zuzendutako tailerrak izango dira, eta izena emateko aukera zabalik da oraindik; 943650414 telefonora deituz edo pedagogia@cittolosa.com helbidera idatziz.

Proiektua haurren sorkuntza jasangarri eta sortzaile baten inguruko kontzientzia landu eta garatzeko helburuarekin abiatu zutela kontatu du Izaro Olano Topic-eko Pedagogia arloko langilea: «Pedagogia arloan egon ziren aurreko langileak lehenago ere halako proiektu bat gauzatu zuten, baina ez zuten espero bezalako erantzuna jaso. Horregatik, etenaldi baten ostean, proiektua birplanteatzen eta egituratzen egon gara, erakargarriagoa egiteko asmoz. Oraindik prozesuan gabiltza, baina prozesu interesgarri bat izatea aurreikusten dugu».

Txotxongilo mundua gaur egun «oso prekarioa» dela aitortu du Olanok, «eta bere presentzia aregotzeko interesgarria suertatu zitzaigun halako proiektu bati hasiera ematea, honek izan ditzazken onurak azaleratzeko. Topic-en daukagun espazioa eta baliabideak edukita, udalekuak berreskuratzea eta gure kabuz antolatzea erabaki genuen, Topic-en ere gure identitatea dugulako».

Hortaz, bost saio eskainiko dituzte guztira, ekainaren 26tik 30era bitarte, 10:00etatik 13:00etara. Lehen egunean materiala aztertu eta txotxongiloa eraikitzen ikasiko dute. Bigarren egunean txotxongiloaren eraikuntzarekin hasiko dira. Hirugarren egunean, berriz, eraikuntza bukatzea aurreikusten dute, eta horren ostean, sortutako figura zein testuingurutan kokatuko duten erabakiko dute. Izan ere, azken egunean, sortu duten guzti horrekin dramatizazioa landu eta antzerki bat sortzea izango dute asmoa.

«Interpretazio jolas bat egitea izango litzake azken eguneko planteamendua. Alegia, txotxongilo antzerki bat eraikitzea, bakarka edo taldeka, bakoitza erosona sentitzen den bezala», azaldu du Olanok. «Udaleku hauetan ere txotxongiloei bizia ematen irakatsiko diegu; nola egiten den, zein rol hartu behar diren eta espazioekiko arreta jartzea eskatzen digun ariketa bat ere egingo dugu, besteak beste», gehitu du.

Bigarren bizitza

Txotxongiloen sorkuntzarako material birziklatua erabiliko dute. Txotxongiloaren egitura papereko komuneko «tutu» eta plastikozko boteilekin sortuko dituzte, eta horiek apaintzeko hariak eta bestelakoak erabiliko dituzte.

Olanok adierazi bezala, «ez da diru asko behar sorkuntza prozesu bat garatzeko.  Gainera, zaborra nahi genukeena baino gehiago pilatzen dugu, eta tailer hau etxean daukagun materialari beste bizitza bat ematen ikasteko interesgarria ere izan daiteke».

Horrez gain, haurren irudimena lantzeko baliagarria izan daitekeela ere aipatu du: «Geroz eta helduagoa izan fikziozko munduan sartzeko konplexu gehiago izaten ditugu. Umeek, berriz, orduntse hasten dira sortzen, eta ez dute inongo konplexurik izaten».

Izena ematea zabalik

Txotxongilo udalekuak 6 urtetik gorako haurrentzat bideratuta daude, eta 50 euro ordaindu beharko dira. Guztira 15 plaza daude, eta izena emateko interesa dutenek oraindik horretarako aukera izango dute 943650414 telefonora deituta edo pedagogia@cittolosa.com helbidera idatzita.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!