Gipuzkoako Bazkundeak Kimetz denda saritu du

Ataria 2023ko ekainaren 23a

Juanjo Ruiz eta Ainara Etxeberria saria eskuetan dutela, Gipuzkoako Bazkundearen egoitzan. Iturria: Gipuzkoako Bazkundea

Gipuzkoako merkataritza ganberak Tolosako Kimetz arropa dendari eman dio 2023ko Gipuzkoako Merkataritza Enpresa saria.

Gipuzkoako Bazkundeak etorkizuna duen txikizkako merkataritzaren eredu gisa aurkeztu du Kimetz, tokikoarekiko duen konpromisoagatik eta bere negozio eredua merkatuaren eskakizun berrietara egokitzeagatik. Izan ere,  30 urte dira Kimetz proiektua abiarazi zutela eta urte hauetan guztietan mantendu ditu hasierako balioak eta filosofia bazkundeak nabarmendu duenez. Ainara Etxeberriak eta Juanjo Ruizek jaso zuten saria eta gaur egun Tolosan hiru denda dituzte. Saria ematerakoan bazkundeak esan du Kimetz proiektua merkatuaren eta kontsumitzaileen eskakizunetara egokitzen joan dela, webgune propioa duela eta sare sozialetan presentzia ona duela.

Ponpox Oinetakoak

Sari nagusiarekin batera aurten ere Gipuzkoako 10 denda saritu ditu bazkundeak, 10 Bitxiak saria emanaz. Herritarrek eurek aukeratu dituzte Gipuzkoako 10 merkataritza-enpresa nagusiak boto elektronikoaren bidez, lurraldeko saltoki nabarmenen mapa sortuz, eta Tolosaldeari dagokionez Tolosako Ponpox Oinetakoak dendak lortu du aipamena. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!