Irakurketa gidak prestatu dituzte Tolosako udal liburutegian

Ataria 2023ko eka. 22a, 19:59

Tolosako udal liburutegiak ekainaren 26tik irailaren 29ra arte interes gunea jarriko dute haur liburutegian eta gidan gomendatutako liburuak egongo dira ikusgai eta baita mailegatzeko moduan ere.

Tolosako udal liburutegiak Biblioporrak gidak prestatu ditu udako oporretan haur eta gazteek irakurketaz gozatzen jarrai dezaten. 2001etik urtero kaleratu izan dituzte gidak, eta Susana Larre liburutegiko arduradunaren esanetan, «oso arrakastatsua» da ekintza. «Irakurle mota guztiek gustuko liburu bat aurkitzea da helburua». Adin tarte bakoitzarentzat liburu gomendioekin gida bana osatu dute: Haur Hezkuntzarako bat, Lehen Hezkuntzako ziklo bakoitzarentzat bana eta DBHko ikasleentzat azkena. Ikastetxeetara zabaldu dituzte gidak, esteka bitartez, eta orain eskola bakoitzak erabakiko du nola banatu ikasleen artean.

Udal liburutegian interes gune bat ere zabalduko dute astelehenetik aurrera. Irailaren 29ra arte egongo da jarrita Haur Liburutegiko hirugarren solairuan eta bertan mailegagarri izango dira Biblioporrak gidetan agertzen diren liburuak. Katalogotik mailegu eskaerak eta erreserbak egiteko aukera izango da.

«Guk ez ditugu gidak argitaratzen maileguak sustatzeko. Udan haur eta gazteek jarraitzen dute irakurtzen, gertatzen dena da gutxiago egoten direla liburutegian». Haur Liburutegia, datorren astelehenetik aurrera, goizez baino ez da irekiko, 10:00etatik 13:30era. Helduena, berriz, asteazkenen arratsaldetan ere irekiko dute, 16:00etatik 19:00etara, eta goizez gerturatzeko aukerarik ez dutenek orduan jaso ahal izango dituzte eskatutako liburuak.

ASKOTARIKO ESKAINTZA

Adinka banatutako gida hauetako bakoitzean 80 liburu inguru gomendatu dituzte. Larrek nabarmendu du «ahalegin handia» egin dutela liburuzainek zerrenda osatzeko. «Tolosa osoan zehar zabaltzen da gida, beraz, eskaintzak handia izan behar du. Gidetan agertzen dira liburu berriak, eta baita aurretik argitaratutakoak ere, guretzat kalitate handikoak direnak. Saiatzen gara genero guztiak barnebiltzen: komikiak, ipuinak, eleberri motzak, eta luzeagoak, 12 urtetik gorakoentzat».

Aurten, lehen aldiz, irakurketa errazeko liburuak ere sartu dituzte zerrendan. «Denok ez dugu berdin irakurtzen eta ez ditugu gaitasun berberak. Beraz irakurketa errazean idatzitako liburuak ere sartu ditugu gidetan», esan du Tolosako udal liburutegiko arduradunak.

Liburutegiko web gunean herritar guztiek ere kontsultatu ditzakete aipatutako Biblioporrak gidak.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!