Tolosand Blues jaialdiaren 19. edizioa, ekainaren 29tik uztailaren 3ra

Ataria 2023ko eka. 21a, 11:59

Musika estilo ezberdinak batzen dituen zortzi kontzertu hartuko ditu Tolosak; aurten, berrikuntza moduan, eskola magistral bat eskainiko du Tommy Castro musikariak. 

San Joan jaien ostean, badator Tolosand Blues musika jaialdia. Ekainaren 29tik uztailaren 3ra ospatuko da. Jaialdiaren 19. edizioa izango da, eta ohiko moduan, estatu zein nazioarte mailako talde eta musikariak elkartuko dira Tolosan: besteak beste, Bilbotik, Bartzelonatik, Donostiatik, Floridatik edota Kaliforniatik etorriak.

Goiuri Eceiza zinegotziak azaldu duenez, udal batek izan behar duen «elkarlanerako funtzioaren adibide» da Tolosand Blues. «Udalak bere kabuz antola ditzake hamaika ekitaldi; baina horiek bezain garrantzitsuak dira herritik edota herriko kultur taldeetatik datozen proposamenak», gehitu du. Iñigo Martin herritarra arduratzen da guztia antolatzeaz, eta udalak eskerrak eman dizkio «jaialdiaren egitura, musika taldeen bilaketa, harreman eta bestelako koordinazio lana» egiteagatik. 

Zortzi kontzertuz osatutako egitaraua aurkeztu dute, musika estilo ezberdinak batzen dituena: blues, swing eta twist, rockabilly, rock and rolla, gospel, jazz... Horrez gain, berrikuntza moduan, eskola magistral bat eskainiko du Tommy Castro artistak, jaialdiaren azken egunean, kultur etxeko areto nagusian.

Blues Morning Singers, Micky and The Buzz, Mingo Balaguer & Pablo Sanpa Blues Band, Fake Cousins, Cecilya Mestres & The Candy Kings, Shanna Waterstown, Balta Bordoy & The Bad Boys, eta Tommy Castro & The Painkillers arituko dira Tolosan.

Musika emanaldiak herriko txoko desberdinetan izango dira; aurten lehen aldiz izango da kontzertu bat Trianguloa plazan. Gainerakoan, Gipuzkoa plazan, Txurrerian, Plaza Berrian, Zerkausian eta Euskal Herrian zein Lopez Mendizabal plazan izango dira.

Egitaraua

  • Ekainak 29
    • Blues Morning Singers. 20:00etan, Trianguloa plazan.
  • Ekainak 30
    • Micky and The Buzz. 19:30ean, Gipuzkoa plazan.
    • Mingo Balaguer & Pablo Sanpa Blues Band. 23:00etan, Txurrerian.
  • Uztailak 1
    • Fake Cousins. 13:00etan, Lopez Mendizabal plazan.
    • Cecilya Mestres & The Candy Kings. 19:30ean, Plaza Berrian.
    • Shanna Waterstown. 23:00etan, Plaza Berrian.
  • Uztailak 2
    • Balta Bordoy & The Bad Boys. 13:00etan, Zerkausian.
    • Tommy Castro & The Painkillers. 20:00etan, Euskal Herria plazan.
  • Uztailak 3
    • Eskola magistrala, Tommy Castroren eskutik. 19:00etan, kultur etxean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!