Euskaldun Torneoaren irabazlea erabakiko da Tolosako proban

Ataria 2023ko eka. 16a, 19:58

Aurreko urtean IƱaki Diaz tolosarra, orduan Caja Rural taldean, bigarren izan zen. KARLIS

Bihar goizean izango da jokoan Oriako Txirrindulari Eskolak antolatzen duen Jose Mari Anzaren Oroimenezko XLV. Saria, eta txirrindularitzako afizionatu mailako Euskaldun Torneoaren azken proba izaki, bertan jakingo da zein izango den lehen sailkatua.

Proba 10:00etan abiatuko da Tolosako San Frantzisko etorbidetik, eta txirrindulariek 128 kilometro egingo dituzte. Alegiara joango dira, N-1 errepidean tartetxo bat eginez, eta ondoren Ordiziara joan eta alegiara itzuliko dira. Hortik aurrera hiru itzuli emango diote Alegia-Ordizia-Zaldibia-Larraitz-Amezketa-Alegia ibilbideari. Azkenekoan, Alegiara iritsi aurretik Altzora igoko dira, eta Txarama aldera jaitsiko dira, Tolosarantz abiatzeko. Helmuga San Frantzisko etorbidean bertan izango dute, Araba etorbidetik sartuta. 13:00ak pasatxo espero da lehen txirrindulariak iristea.

Caja Rural taldeko Julen Arriola-Bengoa doa Euskaldun Torneoko lehen postuan, 128 punturekin. Ondoren, Laboral Kutxako Iker Mintegi dago sailkapenean, 120 punturekin. Bien artean egongo da torneoaren irabazlea, eta bi talde indartsu direnez, borroka polita egotea espero da. Laboral Kutxako Unai Zubeldia ibartarra dago sailkapeneko hirugarren postuan, 104 punturekin, baina azken egunetan gaixo izan da, eta ez da bere sasoi onenean izango.

Laboral Kutxa taldeko beste bi eskualdeko txirrindulari ere proban izango dira: Iñaki Murua altzotarra eta Iñaki Diaz tolosarra. Baque taldeko Eneko Arrospide leaburuarrak eta Unax Iztueta abaltzisketarrak ere parte hartuko dute. Debabarrena taldeko Eneko Arozena tolosarra eta Jon Mikel Artola ikaztegietarra ere bertan izango dira, eta baita Hostal Latorre taldeko Ibai Gabarain tolosarra ere.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!