ELKARRIZKETA

«Asmo berezirik gabe, nahi gabe sortutako proiektua izan da»

Irati Saizar Artola 2023ko eka. 19a, 07:59

Lide Lertxundi eta Leire Uranga. I. SAIZAR

Kuadrillakoak izateaz gain, txikitako lagunak dira Lide Lertxundi (Tolosa, 2001) eta Leire Uranga (Tolosa, 2001). Buztina lantzen hasi eta belarritakoak egiten dituzte egun, Dilindan proiektuaren aterpean.

Buztin akrilikoarekin belarritakoak egiten dituzte, eskuz, bi artisau tolosarrek; urri amaieran hasi ziren osagarriak egiten eta sare sozialen bidez erakusten dituzte beraien lanak; azoketan ere badabiltza.

Nola sortu zaizue proiektua martxan jartzeko aukera?

Lide Lertxundi: Bioi gustatu izan zaigu betidanik eskulanak egitea. Behin, buztin polimerikoarekin probak egiten hasi ginen, belarritakoak egiten zehazki, eta egiten genuena gustatu zitzaigunez, horretan hastea erabaki genuen. Ez dugu ezer berezirik ikasi, gure kabuz sortzen dugu guztia.

Nork eman zuen belarritakoak egiten hasteko pausoa?

Leire Uranga: Buztin polimerikoa erosi nuen, eta Lide gonbidatu nuen etxera, denbora pasa moduan, belarritakoak egitera. Asmo berezirik gabe, nahi gabe sortutako proiektua izan da.

Lertxundi: Pieza batzuk egin genituen lehenik, bereziki laguntzentzat.

Uranga: Lagunei ez ezik, ingurukoei ere gustatzen hasi zitzaizkien, zabaltzen eta zabaltzen joan zen gero, eta momentu bat iritsi zen, serioago hastea erabaki genuena.

Eskuartean proiektu bat zenutela ikustean, zer egin zenuten?

Lertxundi: Proiektuarentzako izena pentsatu genuen lehenik, Instagram kontua sortu genuen gero, eta horrekin batera hasi ginen pentsatzen zein forma emango genion egiten ari ginenari.

Noiz izan zen hori?

Uranga: Urri amaiera, azaro hasiera izango zen. Ikasturte honetako kontua da, hasiberriak gara.

Zuen ikasketekin badu zerikusirik egiten duzuenak?

Uranga: Ikus entzunezko komunikazioa ikasi dut eta Lidek diseinu grafikoa. Berez, eskulanak eta belarritakoek ez dute zerikusirik, baina proiektua martxan jartzen lagundu digu.



Lertxundi: Diseinuak egiten edota Instagrameko profil txukun bat mantentzen laguntzen digu ikasi dugunak. Zuzenean ez du zerikusirik, baina zenbait alorretan harremana izan dezake.



Zergatik belarritakoak?

Lertxundi: Hala hasi ginelako. Belarritakoak egiten hasi ginen, eta ez genuen dudarik egin hala jarraitu nahi genuela. Interneten ere belarritako mota desberdinak ikusten genituen, eta misterio gehiagorik gabe jarraitu dugu egiten. Gustuko ditugun osagarriak dira, biok erabiltzen ditugunak.

Uranga: Gainera, ikusi genuen, funtzionatzen zuela, jendea erosteko prest zegoela.

Estilo zehatz batean mugitzen zarete?

Lertxundi: Berez ez dugu estilo zehatzik jarraitzen. Gure gustuen arabera aritzen gara.

Uranga: Molde berriak erosten ere bagoaz pixkana, eta estanpatu eta kolore berriak probatzen ere ari gara.

Non duzue tailerra?

Uranga: Gure etxeetan egiten ditugu, etxe batetik bestera ibiltzen gara. Beno, etxeak gurasoenak dira, eta sukaldea lapurtzen diegu momentu batzuetarako. Motxila batean trasteak hartuta mugitzen gara.

Nola lantzen da buztina? Zer prozesu eskatzen du?

Uranga: Eskuak behar dira, bigundu arte eskuarekin eragin behar izaten zaio, plastilinaren gisan. Arrabolarekin zabaltzen duzu ondoren, lauagoa izateko. Eta hor, nahi duzun forma eman diezaiokezu. Moldeak ere badaude forma ezberdinak sortzeko.

Lertxundi: Hurrengo pausoa labean sartzea izaten da. Gogortu egiten da horrela. Eta behin pieza esku artean izanda, muntatu egiten dugu.

Kolore aldetik, zein da zuen eskaintza?

Uranga: Hilabetero bilduma berria kaleratzen hasi ginen, eta hilabetero kolore paleta ezberdin bat hautatzen genuen. Azaroan, esaterako, laranja, marroia edota beixa erabili genituen; abenduan, gorria erabili genuen; eta urtarrilean, urdina. Orain, ordea, dinamika aldatu dugu eta denetik egiten hasi gara. Azoketan gabiltza azken aldian, eta bizpahiru hilabete dira bilduma zehatzik egiten ez dugula.

Lertxundi: Orain uda dator, eta kolore guztiekin egin nahi dugu lan. Aste honetan bertan, atera dugu udako bilduma.

Uranga: Bilduma berriak ez du kolore bakarra hartzen, denetarik dago.

Artisau erreferenterik baduzue?

Lertxundi: Ideiak gehienbat Pinterestetik ateratzen ditugu. Artisau zehatz baten lanak ikusi ordez, Pinterestek beste mundu zabalago bat erakusten digu.

Uranga: Estanpatuak egiteko ere milaka ideia daude eta tutorialak eta guzti daude Pinteresten.

Zenbat pare egiten dituzue modelo bakoitzetik?

Uranga: Behin hasita, hiru bat pare egiten ditugu modelo bakoitzetik. Inoiz ez da pare bat bestearen berdin-berdina izaten, eskuz egiten direlako, baina saiatzen gara.

Lertxundi: Horrela labea ere aprobetxatu egiten dugu behin pizten dugunean.

Oso handiak egitea ere ez da komeniko, pisuagatik.

Lertxundi: Erabiltzen dugun materialak ez du pisu gehiegi, baina handiak ez egitea baino oso lodiak ez egitea da garrantzitsuagoa, pisu handiagoa hartzen dutelako horrela. Arinak dira gainerakoan.

Baduzue buruan bestelako osagarri batzuk egitea?

Uranga: Aste honetan bertan, udako bilduma atera dugu eta koilare batzuk egin ditugu. Gure Instagram kontuan daude ikusgai. Azokan jarri genituen batzuk, eta harrera ona izan zuten. Eraztunak egiteko ere eskatu digute, eta buruan darabilgun zerbait da, baina ez gara horretan jarri. Horrez gain, beste material bat probatzea ere pentsatzen ari gara: erretxin mota bat, molde batzuetara bota eta koloreak erantsiz.

Lertxundi: Produktu berdinak izango lirateke, material ezberdinekin. Horrela, guretzat ere zerbait berria izango litzateke, berdinarekin jarraitu beharrean.

Gogoan duzue zein belarritako egin zenituzten lehen aldiz?

Uranga: Bai, eta gainera oraindik oso ondo saltzen dira. Azoketan gehiena saltzen den modeloa da.

Lertxundi: Nahiko sinpleak dira, baina jendeari gustatu egiten zaizkio. Belarrira itsatsita okre koloreko forma bat du, eta zintzilik beste forma bat du, luzeagoa, beix kolorekoa.

Azken aldian, gazte askok sortu dituzte zuena bezalako proiektuak.

Uranga: Joan garen azoketan, belarritakoak egiten dituen jende asko ezagutu dugu bai.

Lertxundi: Nik uste sare sozialek ere badutela eragina. Horrelako proiektuak sare sozialen bidez erraz zabaltzen dira, eta jendeak hortik ideiak ere hartzen ditu. Etxean modu erraz batean egiten dira belarritakoak, eta kostua ere ez da handia, kantitate txikian egiten baduzu.

Uranga: Edonork eros dezake guk erabiltzen dugun materiala, baina gero denbora eskaini behar zaio, lana eskatzen du txukun egiteak, mimoz aritzeak.

 

Leire Uranga: «Denbora eskaini behar zaio, lana eskatzen du txukun egiteak, mimoz aritzeak»



Zein da bakoitzaren egitekoa proiektuan?

Uranga: Eskulanean biok aritzen gara. Gero, akaso, Lide gehiago aritzen da diseinu lanetan, eta ni argazkiak ateratzen eta sare sozialak kontrolatzen. Baina beti gaude harremanetan. Lidek diseinu berri bat prestatzen duenean, beti erakusten dit, eta bion oniritzia izaten du erabaki bakoitzak.

Azoketara joaten ere hasi zarete.

Uranga: Lehen aldiz Ikaztegietako azokan jarri genuen postua, apirilean. Ondoren, Oiartzunera joan ginen, eta duela bi asteburu Tolosako 3 tabernak eta Durunbele elkarteak antolatutako Eskuz Feri Festan ere jarri genuen postua.

Eta zer moduzko esperientziak izan dira?

Uranga: Asko gustatu zaigu. Jende ezagunaz gain, ezezagunak ere gerturatu egiten dira, eta hori ikustea polita da.

Lertxundi: Postura gerturatzen denak interesa erakusten du, galderak egiten dizkigute eta ahoz aho gure proiektua zabaldu egiten da horrela.

Gainerakoan, Instagram kontuan jartzen duzue indarra.

Uranga: Beste baliabiderik ez daukagu. Denda bat ezin dugu ireki eta webgune bat sortzeak ere bere kostua du, beraz, daukagun aukerarik egokiena da Instragam kontua.

Maiz-maiz aplikazioari begira egotea ere eskatuko du horrek.



Uranga: Mugikorrean daukagu, beraz, ez digu lan gehiegi eskatzen. Erabat gainean izaten dugu, eta mezuren bat sartzen denean, momentu bateko kontua izaten da erantzutea.

Zenbat denbora eskaintzen diozue proiektuari?

Uranga: Astean behin gutxienez elkartzen gara. Gero beharren arabera, egokitu egiten dugu.

Lertxundi: Asteburuan azoka badaukagu, asteko egun guztietan geratu gaitezke.



Azokak prestatzeak uste baino lan gehiago eskatzen du?

Uranga: Badu berea bai. Zailena da, ez dakizula zenbat salduko duzun eta ez dakizula zenbat prestatu behar duzun. Egin ere asko egiten ditugu badaezpada, eta gero batzuetan sobratu egiten dira eta hurrengo azoketarako jasotzen ditugu.

Belarritakoak egiteak zenbat denbora eskatzen du?

Lertxundi: Egun batean hasi eta bukatu egiten ditugu. Formak eginda, labean sartu daitezke, eta behin labetik aterata, hozten utzi eta lixatu egiten ditugu, ertzak perfekzionatu eta itxigailuak jartzeko.

Uranga: Orain arte kolaz itsasten genituen, eta orain erretxinarekin itsasten ditugu eta segituan jantzi daitezke.

Zer etorkizun du proiektuak?

Lertxundi: Momentuan momentukoa egitea gustatzen zaigu, ez gara jarri etorkizunaz hitz egiten. Momentu honetan biok langabezian gaude, beraz denboraldi hau behintzat eskaini nahi diogu proiektuari.

Uranga: Egiten duguna zaletasunagatik egiten dugu. Aurrera begira, denbora librearekin jarraitzen badugu, naturalki aterako zaigu proiektuan gehiago zentratzea, baina, momentu honetan, lehentasunezkotzat dugu lana bilatzea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!