ELKARRIZKETA

«Eleberriaren markoa gertaera erreala da, baina istorioa fikzioa»

Leyre Carrasco 2023ko eka. 15a, 07:59

Hirugarren liburua kaleratu berri du Xabier Ortiz idazle tolosarrak. Oraingo honetan, thriller munduan murgildu da, misteriozko eleberri bat sortuz: ‘El bosque sin retorno’.

Sukaldaritza ogibide eta literatura afizioa du Xabier Ortizek (Tolosa, 1974). Bere pasioari tiraka hirugarren eleberri bat kozinatu berri du idazleak, gainontzekoekin alderatuta guztiz desberdina dena. Fikzioa eta bigarren mundu gerrako istorio erreal baten emaitza izan da El bosque sin retorno eleberria.

Labetik atera duzun hirugarren lana da 'El bosque sin retorno'. Noiz eta nola sortu zitzaizun eleberri honekin hasteko ideia?

Literaturari buruzko talde bat sortu nuen Facebooken (Todo Literatura. Xabier Ortiz Gabarain, idazlea). Taldeak 12 mila kide baino gehiago ditu, eta horietako asko idazleak dira. Halloween iritsi zenean, beldurrezko kontakizun bat idaztea proposatu nuen. Ni ere idaztera animatu nintzen eta orrialde bateko kontakizun labur bat argitaratu nuen. Taldekideek kontakizun horren bigarren zati bat eskatu zidaten, eta bigarren zati bat sortu nuen. Kontakizunak jarraitu egin behar zuela esan zidaten, eta orduan istorioa sakontasun handiagoz bistaratu nuen, hortik nobela bat atera nezakeela pentsatu nuelako. Facebookeko taldean zortzi kapitulu idatzi nituen denera, argitaletxe batetik deitu zidaten arte.

Lehen aldia da beldurrezko eleberria idazten duzuna, ezta?

Bai, misterio puntua duen thrillerra da. Azkenaldian thriller asko ari naiz irakurtzen, dinamika handiko eta irakurtzeko entretenigarriak diren eleberriak direla iruditzen zaizkit.

Zure beste bi lanekin alderatuta nahiko desberdina.

Bakoitza ama batena da. Bata komedia bat da, bestea kontakizun nostalgikoa, eta azken hau misteriozko thriller bat. Oso kapitulu laburrak ditu, non ekintza etengabea da.

Zer kontatzen duzu bertan?

Madarikazio bat erori da Canfranceko biztanleengan, non biktimek eldarnioa jasaten duten heriotza iritsi arte. Daniela Bolaños, protagonista nagusia, gurasoen heriotza arraroa pairatu du eta hori ikertzen hasi da. Ikerketa Canfrancek bigarren mundu gerran jasan zuen okupazio naziarekin hasten da, naziak iritsi ziren Espainia osoko herri bakarra baita. Erantzunen bila, baso beldurgarri batekin eta bertan bizi den pertsonaia misteriotsu batekin gurutzatzen da. Pertsonaia hau elezahar ilun batean bilduta dago, non bere etxeari sua eman zion barruan zeuden bizilagun guztiak hilez. Hortik aurrera ikerketak jarraitzen du eta misterioa Canfrancen ondoan dagoen basoan zentratzen da, oso labirintikoa eta oso inguratzailea dena.

Daniela da protagonista nagusia. Nolakoa da?

Daniela zoro samarra da, batzuetan erotuta agertzen da eta bere senaren baitan mugitzen da. Idazle da eta ikertzen ari den bitartean eleberri bat idazten ari da, ikertzen ari den kasuaren inguruan, hain zuzen.

Fikziozko nobela bat da edo benetako kasu bat da?

Eleberriaren markoa benetakoa da, historian zehar gertatu diren guduak ere deskribatzen baitira, hala nola, Napoleonen batailak. Hala ere, istorioa fikziozkoa da.

Misteriozko eleberri bat idaztea erronka izan dela esango zenuke?

Bai, izan ere, egunetik egunera erronka desberdinak gainditzen saiatzen naiz. Adibidez, egun batean arabierraz hitz egiten ikastera animatu nintzen eta ikasi egin nuen, edota beste urte batean idaztera animatu nintzen eta hemen nago.

Nori dago zuzenduta?

Nobelak eta thrillerrak maite dituen orori, baina, batez ere, irakurle gazteei, 25-40 urteen arteko eta thrillerrak irakurtzeko ohitura duten irakurleei.

Maiatzean Tolosan aurkeztu zenuen. Nolako harrera jaso zuen?

Bikaina izan zen, aretoa betetzea lortu genuen. Gainera, Ane Odriozola idazlea ere etorri zen. Ez nuen aurretik ezagutzen, Facebooketik bakarrik. Liburua aurkeztera animatuko zen proposamena luzatu nion, eta, zalantzarik gabe, baiezkoa esan zuen. Hor nik uste dut hori izan zela gure helburua, hau da, saltzen duzun kopuruaz gain, herritarren interesa piztea. Hori oso polita eta aberasgarria da, norbaiti gonbita egin eta hona etortzeak merezi duela sentitzen duelako.

Beraz, oso harrera ona izan du.

Bai eta izaten ari da, bereziki, Tolosan. Adibidez, Babel liburu dendan zeuden eleberriak agortu egin ziren eta beste eskaera bat egin behar izan zuten.

Non erosi daiteke?

Tolosako edozein liburu dendan eros daiteke. Gainera, hemendik kanpo ere saldu da, Venezuelan, Amerikako Estatu Batuetan, Argentinan eta Mexikon bezalako herrialdeetan.

Kozinatzen jarraitzen duzula pentsatzen dut. Zein beste proiektu dituzu eskuartean?

Badakit idazten jarraituko dudala, baina ez dakit zer. Orain atsedena behar dut, gainera, Cebankeko (Donostia) sukaldaritzako eta ostalaritzako enpresen zuzendaritzako irakaslea naiz eta ikasturte amaiera dugu aurretik. Hala ere, argi daukat urte amaieran zerbaiti forma ematen hasiko naizela, baina ez dakit nola edo zeni. Ez dut presarik, nire argitaletxeak ez nauelako presionatzen, eta horrek lagundu egiten du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!