Hiru ekitaldi bertan behera utzi behar izan ditu eskubaloi atalak

Ataria 2023ko eka. 14a, 11:57

Ekainean zehar egitea aurreikusita zituen ekitaldiak Tolosa CF Eskubaloiak, tartean San Joan Torneoa berreskuratzea.

Tolosa CF Eskubaloitik jakinarazi dutenez, BPXeko langileen greba dela-eta Usabal udal kiroldegira sartzea ezinezkoa izanik, ekainean zehar 50. urteurrena ospatzeko aurreikusita zituzten ekitaldiak bertan behera uztera behartuta ikusi dira. «Jarduera guzti hauek aldez aurretik eta klubeko arduradun zein laguntzaileen esfortzu handiz antolatuta zeuden, Gipuzkoa mailako eskubaloia, berdintasuna eta gazteenen arteko kirola sustatzeko helburu nagusiarekin. Gure borondatearen aurka utzi behar izan ditugu bertan behera», zehaztu dute Tolosa CF-ko eskubaloi ataletik.

Ekainaren 3rako Emakumea eta Eskubaloia izeneko jardunaldia antolatuta zuten klubetik. Bertan kadete nesken mailako 12 talderen arteko txapelketa azkarra egiteko asmoa zuten. Bestalde, Zure taldekoak gara informazio-hitzaldia ere egitekoak ziren, Eusko Jaurlaritzaren eskutik. Horrez gain, 150 nesken lagun arteko bazkaria, senior nesken arteko torneoa eta senior nesken Gipuzkoako Kopako finala egin asmo zuten.

Ekainak 17rako, infantil mailako San Joan Torneoa antolatu nahi zuen klubak, herriko San Joan jaien barruan sartzeko asmoz. «Pandemia urteen ostean eta honek ekarritako eraginengandik berreskuratzen hasita, eragin bereziki larriak izanik maila gazteenetan eta eskola-kirolean, aurten sanjoanetako infantilen torneoa berreskuratu nahi genuen», azaldu dute klubetik. Huarte, Leitzaran, Bera Bera, Urola, Bidasoa eta Tolosa CF klubek hartu behar zuten parte torneo horretan.

Azkenik, ekainaren 25ean, nazioarteko partida bat jokatzekoa zen Usabalen. Junior mailako Euskadi eta Finlandia selekzioen artekoa neurketa, hain justu, eta hau ere San Joan jaien egitarauan sartzekoa zen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!