«Euskararen entzule rola ezinbestekoa da euskaraz sortzeko»

Naiara Roldan de Aranguiz 2023ko eka. 10a, 16:49

Sormenetik ekimenaren barruan, eta Galtzaundi euskara taldeak antolatuta, hiru emakume sortzaileren solasaldia izan da Zerkausiaren azpian. Eneritz Furyak musikariaren galderei erantzuna eman diete Ana Arsuagak –Verde Prato– eta Maitane Iruiñek –Mirua–.

Galtzaundiren eskutik, gaurko protagonistak Verde Prato eta Mirua izan dira, Eneritz Furyak musikari iruindarraren galde-erantzunetan. Euren sormen prozesuaren, musika egiteko estiloaren hautuaren, gazte izatearen, emakume izatearen edota euskaraz sortzearen inguruan aritu dira, besteak beste, TAK arraun taldearen ontziralekuan.

Galtzaundik prest jarritako eserlekuak beteta, eta hiru emakume sortzaileen iritziak eta kantuak entzuteko prest gerturatu dira gaurkoan euskaltzaleak Oria ibai ingurura.

Sorkuntza prozesuaz

Aurkezpenei heldu eta lehen galdera kantuen sortzearen inguruan luzatu die Eneritz Furyak: «Nola eraikitzen dituzue kantuak?». Verde Prato gorpuzten duen Ana Arsuagak hartu du hitza lehenik, eta bere kasuan, ahotsa azpimarratu nahi izan du: «Ahotsa instrumentu gisa erabiltzen dut».

Mirua taldeko Maitane Iruiñen txanda iritsi da gerora eta taldeko Mattin Zeberio gertu zuela aprobetxaturik, hari begira, hasi da hizketaldia: «Guk entzuten dugun guztiaren ondorioa da Mirua. Gure sorkuntza, guri gustatzen zaigun espektro zabalean kokatzen da: musika tradizionala, pop-a, jazza... oso zabala da. Kolektibismotik ere badu, hiru partaide gara eta musika sorkuntza kaotikoa egiten dugu. Mattin –Zeberio– Madrilen dago eta Malentxo Zeberio eta ni Iruñean; elkartzen garenean, Mirua espazio komun batean sortzen dugu. Bakarka ere sortzen dugu, ideiak elkarri bidaltzen. Sorkuntza beraz, paraleloa ere bada gure kasuan».

Tolosaz

Eneritz Furyak musikariari erantzuna ematen Mirua eta Verde Prato; biek ala biek, besteak beste, tolosar izaera partekatzen dute eta honela, tolosar izateaz galdetu die Eneritz Furyakek: «Zer eman dizue Tolosak eta zer atzerriak?».

Ana Arsuagak adierazi du Tolosan garatu ezin zuen izaera hori kanpoan lantzeko aukera izan duela: «Sormen aldetik Bilbora joateak asko lagundu dit, giroa bazegoen, ez nintzen bertan arraro sentitzen». Gerora, Verde Prato proiektua garatzen hasi eta Tolosarekin erabateko lotura zuela jabetu zen: «Hemendik –Tolosatik– edaten ari nintzen, herri txikia eta natura inspirazio iturri nituen». Orain, Tolosara bueltan, bertan bizitzen dagoela, «beste toki batetik» sentitzen du. Kanpoan bidea eginda, errespetuz, hartu dutela bueltan sentitzen du. Eta galderaren iturrira bueltan, Tolosak tradiziotik edateko aukera eman diola aitortu du eta munduan barrena ordea, elektronikoa asko edan duela jakinarazi du.

Maitane Iruiñ bat etorri da Ana Arsuagarekin, «Tolosatik ateratzeko beharra izan dugu, ez zentzu txarrean baizik eta, beste hiri batzuen ikuspegia izateko». Ikasketak medio Iruiñ Iruñean ari da bizitzen, baina aurretik Bilbon edo Hego Amerikan ere izan dela kontatu du. Toki guztiek beregan eragina badute, baita sortzeko orduan ere.

Euskaraz

Eneritz Furyakek, euskaraz sortzen dela agerikoa denez, betiko galderari buelta eman eta honakoa luzatu die euskararen inguruan: «Euskaraz entzuten, kontsumitzen al duzue?». Eta honela, entzule roletik erantzuteko eskatu die musikariak.

Maitane Iruiñen esanetan berarentzat eta Mirua taldearentzat «euskararen entzule rola ezinbestekoa da sortzeko; ez baduzu input hori, ez baduzu ezagutza hori, ezinezkoa da sortzea». Eta jarraian, euskaraz asko kontsumitzen dutela aitortu du.

Ana Arsuagak bestalde, bestelako erantzuna luzatu du: «Ez dut entzulearengan pentsatzen, bestela sortze prozesua zaildu egiten zait. Nik neure buruarengan pentsatzen dut. Egia da bakarka ari naizela eta hori ere ezberdina dela. Sortzen dudanak arte aldetik balioa izatea nahi dut. Ez dut nahi muga artistikorik. Zerbaitengatik kanta bat erdaraz sortu nahi badut, sortuko dut».

Parekidetasunaz

Ana Arsuagak Serpiente taldeko garaiak ekarri ditu gogora. Taldea emakumeez osaturik zegoen eta berarentzat musika jolas modukoa izan zela kontatu du, musika lengoaian ikasketarik ez eta musika munduan aurrera egin du. Inguruko mutilek ordea bazituzten musika ikasketak eta hori «estrukturala» ere badela esan du: «Musika ez da neskentzat». Honela, bidean «beste lengoaia batzuk» topatzea ezinbestekoa izan du, «musikari bezala zentzua izateko».

Miruako abeslariak bere aldetik, emakume eta gazte izatearen topokoei aurre egin behar izateaz mintzatu da: «Gazteak infantilizatzeko joera dago; eta gazteok potentzia handiko subjektuak gara, iraultzaileak...». Mirua taldeak irudi goxoa eskaintzearekin batera, errealitatearen isla emateko gai dela iritzi du.

Musika ezinbestean egungo gizartearen errelatoa ere badela argi utzi dute bi musikariek. Euskarak esperimentaziorako aukera badela eta izan dela azpimarratu dute artistek eta genero ezberdinetan ere euskara entzun daitekeela argi dute.

Solasaldia eskaintzearekin batera, galdera eta galdera artean, kantuan ere aritu dira Mirua eta Verde Prato Zerkausiaren azpian, bertan bildu direnen gozamenerako. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!