Hasi dituzte herriko eskulturak zaharberritu eta garbitzeko lanak

Ataria 2023ko ekainaren 9a

Lan horien bitartez, datozen bi hilabeteotan espazio publikoetan kokatuta dauden hiru eskultura zaharberritu eta garbituko dira, obra horiek zaindu, balorean jarri eta guztien iraunkortasuna bermatzeko. 

Joan den martxoan esan bezala, dagoeneko hasi dira herriko eskulturak zaharberritu eta garbitzeko lanak. Izan ere, urteen poderioz, eta egoera klimatologiko eta bestelakoen ondorioz herriko eskulturak narriatu egin dira eta horien balorea aintzat hartuta, guztien egoera ona mantendu eta iraunkortasuna bermatze aldera, Tolosako jarduneko udalak herriko eskulturak zaharberritu eta garbitzeko lanei ekin die.

Eskulturen garbiketa eta zaharberritzea eskulturagintzan adituak diren pertsonek egingo dituzte eta faseka garatuko dira. Lehen fase honetan, esaterako,  Juan Loperen Baserritarrei omenaldia, Koldobika Jauregiren Kantu ixila IX eta Eduardo Txillidaren Lizardiren leihoa eskulturak ari dira zaharberritzen. Lehena Lizardi plazan dago kokatuta, Koldobika Jauregirena, halaber, Zabalarreta parkean dagoen harrizko pieza da eta Eduardo Txiillidaren eskultura Aranburu Jauregiaren aurrean dagoena da. 

Egingo diren esku-hartzeen bitartez, eskulturetan urteen poderioz jasandako narriadurak garbitu eta obren jatorrizko itxura berreskuratuko dira. Horretarako eskuz kenduko dira zikinkeria, zementu-hondarrak, gorotzak, likenak edota pintura-hondarrak, eskulturen harria eta materiala hondatzen ez dituen material eta produktuekin.  

Zaharberritze lanek bi hilabete inguruko iraupena izango dute, betiere baldintza klimatologiko egokiekin eta erabilitako materialak behar bezala lehortzeko denborak errespetatuz. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!