Mirua eta Verde Prato izango dira protagonista Sormenetik-en

Ataria 2023ko ekainaren 9a

Bihar izango da hitzordua, 12:00etan hasita, Zerkausiaren azpialdean, eta Eneritz Furyak musikari irundarrak gidatuko du.

Urtero udaberrian eta udazkenean Sormenetik izeneko saio bana antolatzen ditu Galtzaundi Euskara Taldeak. Sormenari eta euskal kulturari buruz gogoeta egiteko saioak izan ohi dira Tolosako Zerkausiaren azpialdean antolatzen direnak.

2023ko lehen saioa bihar egingo da eta Mirua eta Verde Prato musikariak izango dira hitzorduko protagonistak. Eneritz Furyak musikari irundarra egongo da oholtza gainean, sormen prozesuaren, musika egiteko estiloaren hautuaren eta beste zenbait gairen inguruan protagonistak bideratzen. Elkarrizketaz gain, protagonisten musikaz ere gozatu ahal izango da ekitaldian. Hitzordua 12:00etan hasiko da, Tolosako Zerkausiko azpialdean, TAK arraun klubak duen gunean.

Mirua talde tolosarra, Maitane Iruiñek, eta Malentxo eta Mattin Zeberiok sortu zuten 2019. urtean. 2021ean, Harrobia saria irabazi zuten Gaztea irratiko maketa-lehiaketan eta geroztik musika sortzen jarraitu dute gaur egun arte.

Ana Arsuaga (Tolosa, 1994) margolariaren eta musikagilearen bakarkako proiektua da Verde Prato. Euskal kantu herrikoiak interpretatzen ditu teknologia garaikidea eta XXI. mendeko euskal folklorea uztartuz. Aurten kaleratu du bere bigarren albuma, ‘Adoretua’ izenekoa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!