Euskadiko Amateur Txapelketan bi urre eta bi brontze Tolosa CF-ko gimnastentzat

Ataria 2023ko eka. 8a, 18:00

Pasa den asteburuetan Tolosa gimnasia erritmiko taldeko kadete eta jubenil gimnastak amateur mailako denboraldia amaitu zuten Euskadiko Txapelketan parte hartuz.

Jubenil taldea Leioan izan zen beren azken txapelketan. Lan bikaina egin zuten tapizean hamar mazoekin eta beren ikasketak entrenamenduekin uztartzearekin batera, esfortzu handiz Euskadiko txapeldun izatea lortu zuten Ane Aizpurua, Maddi Conde, Xubane Plazaola, Luzia Echart eta Ixone Sanchez gimnastek.

Kadeteak Durangon izan ziren denboraldia amaitzen. Kadete A mailako Tolosa H taldeko neskak, Irati Zubizarreta, Lorea Perez, Irati Movellan, Claudia Valkov eta Saioa Garmendiak, lehen denboraldia izan dute A mailan, eta beraien ariketa defendatuta brontzezko domina ekarri zuten Tolosara. Tolosa U taldeak bederatzigarren postua lortu zuten. Maddi Zabalegi, Zihara Oreja, Lexuri Ayerza, Ainhoa Cardona, Naroa Arregi eta Maddi Auzmendirentzat ere lehen denboraldia izan da A mailan lehiatzen.

Kadete B mailako taldea mistoa izan da denboraldi honetan. Lorea Zaldua, Laura Gonzalez, Naiara Intxausti, Sofia Mugica eta Ibai Lekuek lan bikaina egin zuten tapizean eta Euskadiko Txapelketako urrea leporatu zuten.

Bakarka Ibai Lekue eta Ane Martinez kideka jardun zuten. Ibaiek mazoekin aritu eta hirugarren sailkatu zen. Anek hamalaugarren postua lortu zuen pilotarekin egindako ariketarekin.

Absolutu mailako junior taldeak Espainiako Koparako txartela lortu du

Leioan ere izan dira Tolosa gimnasiako ordezkariak Espainiako II. Koparako kontrolean. Xingola eta pilotan egindako ariketa zoragarri baten ostean, bertan izateko txartela lortu zuten. Aipatzekoa da, Espainiako Kopako lehen fasean, June Bengoetxea, Aiora Vega, Naroa Asenjo, Nora Perez eta Eneritz Diaz de Gereñu txapeldunorde izan zirela.

Denboraldi ezin hobea izan da tolosarrentzat, eta eskerrak luzatzen dizkie bide batez, babesle bezala dituzten laguntzaile guztiei: CMO Valves, Garaje Tolosa, Udarko Promo, Mecanizados y Pulidos Nazabal eta Ehun Fisioterapia.

Egun 2023-2024 ikasturterako izen-emate epea zabalik dute. Informazio gehiago jasotzeko cgrtolosa@gmail.com edo gimnasia.tolosacf@gmail.com helbideetara idatzi daiteke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!