Tolosako ikasleek landutako bederatzi proiektu jaso ditu ‘Non bizi naiz’ egitasmoak

Ataria 2023ko eka. 8a, 11:57

323 ikaslek hartu dute parte, eta unitate didaktiko bat lantzeaz gain, 66 proiektu garatu dituzte; horietatik hiru aukeratu ditu ikastetxe bakoitzak. Herritartasun aktiboa eta gazteen parte hartzea eta gazteen eta instituzioen arteko elkar ezagutza sustatzea dira proiektuaren helburuak.

Joan den apirilaren 21ean Tolosako Laskorain Ikastolako, Herrikide ikastetxeko eta Orixe institutuko Batxilergoa mailako hainbat ikasle udaletxeko batzar aretoan elkartu ziren Non bizi naiz egitasmoaren baitan landutako proiektuen berri emateko.

Gazteen eta instituzioen arteko elkar ezagutza sustatzeko eta euskal erakundeak gazteen artean ezagutzera emateko landutako egitasmoa da Non bizi naiz eta helburu izan du, hain zuzen, erakundeak eta gazteak elkarlanean jartzea eta instituzioak gazteengana gerturatzea, instituzioak zer diren edota zer nola eragiten dieten ezagutarazteko.

Tolosako Udalak eta Foru Aldundiak elkarlanean sustatutako proiektua da, herriko ikastetxeekin batera. Tolosatzen Eskola Irekiaren elkar ezagutzaren  lan lerroen baitan kokatu da eta lotura zuzena izan du Tolosako Udaleko Gazteria saileko ildo estrategikoekin, garatu berri den Haur, Nerabe eta Gazteen Planean jasotako helburu eta lan ildo nagusietako bat baita herritartasun aktiboa eta gazteen parte hartzea sustatzea. 

Arlo eta mota desberdineko 9 proiektu

Non bizi naiz egitasmoa lantzeko, ikasleek unitate didaktiko bat landu dute, lan dinamika eta ariketa desberdinekin batera. Unitate didaktiko hori, gainera, Tolosako ikastetxeetako bi ikasle ohiek garatutakoa izan da, Izaskun Egilegorrek eta Andoni Mateosek, hain zuzen. Horrekin batera, ikasle zein irakasleentzako gidak ere sortu dira.

Orotara 3 saio egin dituzte ikastetxeetan eta 323 ikaslek parte hartu dute, Laskoraingo 153k, Orixeko 102k eta Herrikideko 63k. Ikasle horiek 66 proiektu landu dituzte; horietatik, ikastetxe bakoitzak 3 proiektu lehenetsi ditu eta horiek izan ziren, hain zuzen, apirilean udaletxean egindako saioan aurkeztu zirenak.

Proiektuei dagokienez, mota eta alor desberdinekoak izan dira guztiak, eta gehien errepikatu dira, besteak beste, gazteriari loturikoak (%28), aisialdia edota kirolari loturikoak (%22), kultura arlokoak (%21), ingurumena zein lurralde arlokoak (%19) edota lan munduko proposamenak (%8). Horrez gain, osasunarekin, gizartearekin edota hirugarren adinarekin loturiko proiektuak ere garatu dituzte ikasleek.

Orain, iraila bitartean, teknikoki eta sakonki aztertuko dira ikasleen lehenetsitako 9 proiektuak, bai udalean baita aldundian ere, bereziki haien bideragarritasuna ahalbidetze aldera. Bien bitartean, egitasmo honi jarraipena emate aldera, eta ikasleak jarraipen horretan ere inplikatu daitezen, etengabeko laguntza zein aholkularitza eskainiko dieten erreferentziazko pertsonak izendatu dituzte udalak zein aldundiak, ikasleak horiekin harremanetan jarri eta proiektuaren egoeraren berri jakiteaz haratago, proiektuen definizioari eta justifikazioari forma ematen jarraitu ahal izateko.  

Ondorengoan dira ikasleek aurkeztutako proiektuak:

Laskorain Ikastola:

  • Abeltzaintza: Inguruko baserritarrekin hitz egin eta abeltzaintza sustatzeko laguntza eskatu, gazteei animaliekin kontaktuan egoteko aukera eskainiz.
  • Ingurumena: Tolosako Oria ibaia garbi mantentzeko helburuz, teknologia berriaren sustapena, auzolana eta boluntariotza sustatzea, lanpostu berriak ere sortuz.
  • Sukaldaritza: Gazteei kozinatzen irakasteko tailerrak egin eta bertako jakiak kalean bizi diren pertsonei banatzeko proposamena.

Herrikide ikastetxea:

  • Aisia: Gazteei zuzenduriko dantzatokia sortzea.
  • Lan mundua: Gazteek lan mundua gertuagotik ezagutzeko ikastaroak antolatzea udan.
  • Harremanak: Gazteentzako lokal bat sortzea, beren garapen emozional eta sozialean laguntzeko eta gazteen arteko harremanak sustatzeko.

Orixe institutua:

  • Kirola: Euskal mendietan bide berriak eraiki eta seinaleztatzea, ondoren lasterketak egin ahal izateko.
  • Etorkizuna: Gazteei heldu bilakatzeko ezjakintasunaren aurrean laguntzeko tailerrak antolatzea.
  • Ikus-entzunezkoak: Pobreziari buruzko dokumentalak proiektatzea, herritarren kontzientzia pizteko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!