Tolosa CF mendeurrena

Urtzi Gurrutxagaren oroimenezko torneoa, zortzigarrenez

Imanol Garcia Landa 2023ko ekainaren 7a

Francisco Valor eta Haritz Doyharzabal, torneaoren aurkezpenean.

Alebin mailako mutilen futbol txapelketa jokatuko da larunbatean, Berazubi zelaian. 16 talde ariko dira lehian.

Urtzi Gurrutxaga oroitu eta omentzeko futbol torneoa jokatuko da Berazubiko zelaian larunbat honetan, ekainaren 10ean. Zortzigarren aldiz antolatu du Tolosa CF klubak txapelketa, eta bertan alebin mailako mutilen 16 taldek parte hartuko dute. «Orain dela bederatzi urte joan zitzaigun gure kapitaina, eta bere omenez antolatzen du klubak txapelketa hau», esan du Haritz Doyharzabal Tolosa CF-ko jokalari ohiak eta Urtzi Gurrutxagaren lehengusuak. «Tolosaldeko jende guztiari eta futbol munduko guztiei txapelketara etortzera animatzen diegu».

Tolosa CF-ko hiru taldek parte hartuko dute: Tolosa CF izenarekin aterako dena, eta besteak Urdina Txiki eta Tolosana izenekin. Beste taldeak ondorengoak izango dira: Danena, Billabona, Intxurre, Lazkao, Beasain, Touring, Vasconia, Zarautz, Martutene, Añorga, Eibar, Urnieta eta Reala.

Torneoa 09:00etan hasiko da. Lau multzo osatuko dira, bakoitza lau talderekin, eta goizean zehar multzo bakoitzeko taldeek elkarren aurka jokatuko dute. Multzo bakoitzeko lehen bi taldeak torneoaren adar nagusirako sailkatuko dira, eta arratsaldean jokatuko dituzte kanporaketak eta finala. Aurreko urtean egin zuten moduan, multzo bakoitzeko azken bi taldeek ere arratsaldean jokatzen jarraituko dute, kontsolazio torneoan. Hor ere finala jokatuko da. Bi torneoetan lau lehenengoei sariak banatuko zaizkie, eta bi finalak 18:15ak inguruan jokatuko dira.

Egun guztian futbola izango da protagonista Berazubin, beraz. Bazkaria eskainiko zaie taldeetako kideei, eta kamiseta bat banatuko zaie torneoaren oroigarri gisa. Publikoarentzat sarrera hiru eurokoa izango da, eta zozketak ere egingo dituzte.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!