Urrea Tolosa Judo Klubeko bi bikoteentzat

Imanol Garcia Landa 2023ko eka. 7a, 14:00

Unai Regillaga, Joseba Regillaga, Unai Saralegi eta Joseba Etxarri.

Unai Saralegi eta Unai Regillagak seniorretan, eta Joseba Regillaga eta Joseba Etxarrik juniorretan irabazi dute Espainiako Txapelketa katan.

Oraindik gertatu gabekoa lortu dute Tolosa Judo Klubeko bi bikoteek Nage No Kata modalitatean: biak geratu dira Espainiako Txapelketan lehen postuan. Unai Saralegik eta Unai Regillagak senior mailan lortu dute, eta Joseba Regillagak eta Joseba Etxarrik junior mailan. «Badaude Madril aldeko klub batzuk hori lortu dutena, baina Euskadi mailan lehenengo aldia da, eta Madrildik kanpo ere bai. Oso kontentu gaude, eta lana ondo egiten ari garen seinalea da», esan du Saralegik.

Senior mailako Saralegi eta Regillagarentzat berezia izan da lortu duten urrea. Beren bigarrena da, baina aurrekoan ez zegoen euren aurkari nagusia den Extremadurako Antonio Marinek eta Eduardo Ayalak osatzen duten bikotea, eta oraingoan bai. 435 puntu lortu zituzten Tolosa klubekoek, eta 432,5 puntu aurkariek. «Oraingo honetan zozketan erdialdean tokatu zitzaigun parte hartzea, beraz bikote batzuek aurretik egindakoa bagenekien», esan du Saralegik. «Kontuan izanik datorren astelehenean Europako Txapelketa izango dugula, entrenamendu moduan hartu genuen Espainiako Txapelketa. Ondo atera zitzaigun, eta ikusten denez epaileei gustatu zitzaien, eta azkenik lortu dugu gure aurkari nagusiei irabaztea».

Junior mailan Regillagak eta Etxarrik nagusitasunez irabazi zuten, 437 puntu lortu baitzituzten eta bigarren bikoteak 406. Lehen urrea dute Espainiako Txapelketan. «Hasieran oso urduri geunden, bigarren geratu ziren Gayarre anaien aurka orain dela bi urte lehiatu baikinen azkenekoz. Aurrekoan beraiekin berdinduta geratu ginen, baina urrea eurentzat izan zen», esan du Etxarrik. «Behin puntuazioa ikusita, oso pozik jarri ginen».

Bi bikoteen hurrengo erronka Eslovenian egingo den Europako Txapelketa izango da. Datorren astelehenean izango da jokoan kanporaketa eta hori gaindituz gero, finala izango dute asteartean. «Azken bi urteetan zilarra lortu dugu, eta aurten urrearen bila joango gara», esan du Saralegik. Juniorrentzat lehen Europako Txapelketa izango da. «Espero dugu finalera pasatzea, eta ahal bada lehenengo postua lortzea», dio Etxarrik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!