Zabalik dago Tolosanklisk lehiaketan argazkiak aurkezteko epea

Ataria 2023ko eka. 7a, 20:00

Iazko azaroan egin zuten aurtengo egutegiaren aurkezpena eta sari banaketa.

'Tolosa, kultur herria' da 2024ko egutegia osatzeko argazkien gaia; parte hartzaileek irailaren 30a bitarte aurkeztu ahal izango dituzte lanak Tolosako Udalaren webguneko Tolosanklisk atalean.

Urtero bezala, 2024ko egutegia osatzeko Tolosanklisk lehiaketa abiatu du Tolosako Udalak. Aurtengo gaia, Tolosa, kultur herria da. «Izan ere, Tolosa kulturalki bizi handia duen herria da eta gai honen bitartez, aitortza egin nahi zaio herrian antolatzen diren kultur ekitaldiek duten garrantziari», adierazi dute antolatzaileek.

Hori horrela, dagoeneko zabalik dago lehiaketara argazkiak aurkezteko epea, hain zuzen, irailaren 30a bitarte. Pertsona bakoitzak 5 argazki aurkeztu ahal izango ditu gehienez, eta horiek aurretik argitaratu gabeak eta beste lehiaketetan saritu gabeak izan beharko dute.

Tolosan erroldatuta dauden eta proposamenak aurkeztu nahi dituzten guztiei irekita dago lehiaketa, eta aurten ere epaimahai talde batek aukeratuko ditu egutegia osatuko duten argazki guztiak. Lanak Tolosako Udaleko webgunean, Tolosanklisk atalean aurkeztu behar dira.

Egutegiko hilabete bakoitzak kultur ekintzei loturiko irudi bat jasotzea da asmoa, kulturak herriari eta herritarrei ematen dien bizia islatzeko eta, aldi berean, kulturak egunerokotasunean duen garrantzia hori jasotzeko. «Kultura baita, hain zuzen, herri baten motor nagusietako bat, alaitasuna, giroa eta elkartasuna eskaintzen dizkiona, besteak beste», nabarmendu dute. 

Hainbat sari izango dira parte-hartzaileentzat. Irabazleak, bere argazkia egutegiaren azala izateaz gain, 600 euro jasoko ditu. Gainerako finalistek, argazkia egutegiko hilabeteetako batean agertzeaz gain, 200 euroko sari bana jasoko dute.

Lehiaketaren oinarriak eta xehetasun guztiak esteka honetan ikusi daitezke. Informazio osagarria behar izanez gero, kultura@tolosa.eus helbide elektronikora idatzi, 943 67 03 83 telefono zenbakira deitu edota kultur etxera jo daiteke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!