Asuncion Klinikako langileek, 3 eguneko lanuzteak eta 10 greba egun burutu ondoren, beste 14 greba egun deitu dituzte ekaina eta irailerako, euren lan baldintzak hobetuko dituen hitzarmenaren aldeko borrokarekin jarraitzeko. «Tolosako Inviza enpresako langileok zerbitzu publikoa eskaintzen dugu, beste eskualde batzuetan Osakidetzak egiten duena, alegia. Hala ere, lan baldintzak oso urrun daude», gogorarazi dute langileek.
Ondorengoak izango dira greba egunak: ekainak 7, 8, 9, 12, 13, 19 eta 20, eta irailak 13, 14, 15, 18, 19, 28 eta 29.
Egun horietan, gainera, elkarretaratzeak eta kotxe-karabanak egingo dituzte. Horrez gain, ekainaren 12tik 13ra bitarte 24 orduko kanpaldia egingo dute Tolosako Trianguloa plazan. Hilaren 12an, astelehena, 11:30ean elkartuko dira bertan, elkarretaratzea egiteko, eta 12:00etan hasiko dira kanpaldiarekin. Biharamunean, kanpaldiari amaiera eman aurretik, beste elkarretaratze bat egingo dute.
Hona hemen ekaineko mobilizazioen egutegia:
- Ekainak 7, asteazkena:
- 11:00. Elkarretaratzea, udaletxe aurrean.
- 12:00. Elkarretaratzea eta manifestazioa, klinikaren aurrean.
- Ekainak 8, osteguna:
- 10:00. Kotxe-karabana, Usabal kiroldegiko aparkalekutik abiatuta.
- 12:00. Elkarretaratzea eta manifestazioa, klinikaren aurrean.
- Ekainak 9, ostirala:
- 11:00. Elkarretaratzea, Andoainen.
- 12:00. Elkarretaratzea eta manifestazioa, klinikaren aurrean.
- Ekainak 12, astelehena:
- 11:30. Elkarretaratzea eta kanpaldiaren hasiera, Trianguloa plazan.
- Ekainak 13, asteartea:
- 11:30. Elkarretaratzea eta kanpaldiaren amaiera, Trianguloa plazan.
- Ekainak 19, astelehena:
- 11:00. Elkarretaratzea, udaletxe aurrean.
- 12:00. Elkarretaratzea eta manifestazioa, klinikaren aurrean.
- Ekainak 20, asteartea:
- 10:00. Kotxe-karabana, Usabal kiroldegiko aparkalekutik abiatuta.
- 12:00. Elkarretaratzea eta manifestazioa, klinikaren aurrean.
LAB eta ELA sindikatuek adierazi dutenez, langileek 2021etik berritu gabe dute hitzarmena, eta urte hauetan eman den KPIa kontuan hartuta, %12,2ko eros ahalmena galdu dute. Nabarmendu dutenez, hitzarmen berriarekin, besteak beste, galdutako eros ahalmena berreskuratu, KPIari erreferentzia egingo dion soldata igoerak izan eta 35 orduko lan astea lortu nahi dituzte. «Enpresak orain arte ez du erakutsi negoziatzeko inongo borondaterik, eta abusuzko zerbitzu minimoak ezartzeko ahalegin guztiak egiten ari da, greba zapuztu nahian», salatu dute.