Arimaz kamera orkestrak kontzertu berezia egingo du ostiralean, Tolosan

Tolosaldeko Ataria 2023ko eka. 6a, 11:58

Harizko instrumentuen Tolosako taldea Santa Klara elizan ariko da, 20:15ean hasita; Ane Artetxe harpa-jotzaile donostiarraren laguntzarekin, Gluck, Haendel eta Sanmartiniren obrak interpretatuko dituzte, Sara Liton zuzendari berriaren gidaritzapean.

Tolosako Arimaz Kamera Orkestrak, kontzertua eskainiko du ostiral honetan, hilak 9, Santa Klara komentuan. Kontzertu berezia izango da, alde batetik, Ane Artetxe harpa-jotzaileak parte hartuko duelako, eta bestetik, orkestraren zuzendari berria den Sara Litonen aurkezpen kontzertua izango delako. Kontzertu honetarako, barrokoaren eta klasizismoaren egileen lanak aukeratu ditu orkestrak, hain zuzen, Haendel, Sanmartini eta Gluck musikagileenak.

Ane Artetxe Rodriguezek (Donostia, 1980), Bilboko kontserbatorioan egin zituen harpa ikasketak, eta ondoren, goi mailako gradua egin zuen Aragoiko goi mailako Kontserbatorioan. Antropologia Kulturalean lizentziatua da (EHU) eta Musika pedagogiako masterra burutu zuen Bartzelonako Lizeoko goi mailako kontserbatorioan. Bere ibilbide profesionalean, Euskadiko Gazte Orkestrako (EGO) eta Aragoiko goi mailako kontserbatorioko orkestra sinfonikoko harpa-jotzaile titularra izan zen. Gaur egun, Araoz Txiki, Easo eta Landarbaso abesbatzetako ohiko kolaboratzailea da, Musika Hamabostaldian eta Jazzaldian kolaboratu du, Donosti Ereski abesbatza gregorianoarekin eta hainbat orkestra, kamera talde eta abesbatzekin. Hiru disko kaleratu ditu eta baita harpa jotzen hasteko metodo didaktiko bat ere: Harpa Airean. Horrez gain, Harp&Co harpa orkestrako zuzendaria da eta Bilboko Crisostomo Arriaga kontserbatorioko irakaskuntzako jarduna eta bakarlari gisa burutzen duen musika-jarduera zabala uztartzen ditu.

Artetxeren eta Arimaz Kamera Orkestraren arteko lehen elkarlana 2015. urtean izan zen. Orduko hartan, Debussyren Danse sacrée et danse profane obra interpretatu zuten, Kepa Martinez de Albenizen zuzendaritzapean. Oraingo honetan, berriz, Haendelen Harpa eta orkestrarako kontzertua Si bemol maiorrean obra joko dute.

Sara Liton Castillok (Leganes, Madril, 2003), Getafeko musika kontserbatorio profesionalean burutu ditu bere musika ikasketak, piano espezialitatean. Egun, Donostiako Musikene goi-mailako kontserbatorioan ari da orkestra zuzendaritza ikasketak egiten, 2. mailan, Arturo Tamayoren tutoretzapean eta abesbatza zuzendaritzako alorrean prestakuntza garatzen dihardu, Basilio Astulez maisuaren laguntzarekin. Aldi berean, Donostiako Francisco Escudero musika kontserbatorioan abesbatza espezialitateko ikasketak egiten ari da, 5. mailan, eta Euskal Herriko Koru Zuzendaritza Akademian ere prestakuntza jasotzen du. Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin kolaboratu du zelesta-jotzaile moduan. Abesbatzen alorrean ere kolaborazio ezberdinak egin ditu, besteak beste, Vocalia taldeko partaide moduan, Euskadiko Gazte Abesbatzan, Espainiako Orkestra eta Abesbatza Nazionalean, Gustav Mahler Jugendorchester orkestran, Madrilgo komunitateko orkestran eta abesbatzan, eta Espainiako Irrati Telebistako Abesbatzan, ospe handiko maisuen zuzendaritzapean, abesbatza sinfonikoko errepertorio obrak interpretatuz.

Honenbestez, Arimaz Kamera Orkestran ongi etorria emango diote Sara Liton zuzendari berriari. Kepa Martinezen erreleboa hartuko du; azken honek, 15 urte eman ditu Arimaz Kamera Orkestrako zuzendari lanetan. «Hemendik, gure esker ona adierazi nahi diogu Kepari, orkestraren gidari lanetan egin duen lanagatik eta berarekin landu ditugun askotariko programak, anbizio handikoak batzuk, aitortu nahi dizkiogu, hala nola, 2014an, Rheinbergeren Orkestra eta Organorako kontzertua obraren estreinaldia Tolosan eta Donostian, 2016an Leidor aretoan burututako kontzertu sinfonikoa, Sibeliusen, Schuberten eta Griegen obrak interpretatuz, edota Mozarten Bastien und Bastienne operaren irudikapena 2018an. Eskerrik asko Kepa!», adierazi dute orkestrako kideek.

Kontzertuko programa:
  • C. W. Gluck (1714-1787)
    1. Harizko instrumentuentzako sinfonia Sol maiorrean.
    2. Orfeo eta Eurídiceren espiritu zorionduen dantza. 2. eszena, 2. ekitaldia.
      *Flauta-jotzaile bakarlaria: Amaia Arostegi
  • G. H. Haendel (1685-1759)
    1. Harpa eta orkestrarako kontzertua Si bemol maiorrean. 4. opera, 6. zenbakia.
      *Harpa-jotzaile bakarlaria: Ane Artetxe
  • G. B. Sanmartini (1700-1775)
    1. Harizko instrumentuentzako 1 zenbakidun sinfonia, Do maiorrean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!