Agenda 2030eko ikasturteko lanketaren emaitzak aurkeztu dituzte Udal Foroan

Tolosaldeko Ataria 2023ko eka. 2a, 11:58

Aurten bi urteko erronkari eman diote hasiera Tolosako ikastetxeek. Ikasleek hainbat proposamen egin dizkiote udalari eta udal ordezkariek Tolosa energetikoki herri jasangarriagoa egiteko lanean jarraitzeko konpromisoa hartu dute.

Urtero legez, Tolosako ikastetxeetako ikasleek Eskola Agenda 2030 programa garatu dute ikasturtean zehar, herrian garapen jasangarriarekiko konpromisoak ikastetxeetara hurbiltzeko. Asteazkenean, landutakoa udalari aurkezteko Eskola Agenda 2030 Udal Foroa ospatu zen, udaletxeko batzar aretoan, eta bertan, ikastetxe desberdinetako ikasleen ordezkariak elkartu ziren, aurrez aurre, udal ordezkariekin, landutakoaren emaitzen berri emateko.

Eskola Agenda 2030 egitasmoa Tolosako Ingurumen Zentroak koordinatzen du ikastetxeekin, eta aurten, Tolosako 8 ikastetxetako 4.400 ikasle inguruk parte hartu dute. Gainera, ‘Energia, bizitzaren motorra’ izenburupean, hasiera eman diote bi urteko erronkari eta Garapen Iraunkorreko 7. Helburua izan dute abiapuntu, hau da, ‘Energia irisgarria eta ez kutsakorra’ izan da 2022-2023 ikasturtean landu duten gaia.

Irailaz geroztik, jarduera desberdinak jorratu dituzte ikasleek aurtengo gaira hurbiltzeko eta lantzeko, Lehen Hezkuntzatik hasita, Lanbide Heziketaraino. Lehenik eta behin, ikastetxeetako egoerak aztertu dituzte eta, ondoren, herriaren diagnosia egin dute: herriko argiteria aztertu dute, kontsumo ohiturei buruz galdetu diete herritarrei eta ikasleek mugitzeko dituzten ohiturak aztertu dituzte.

Behin diagnosia eginda eta emaitzak jasota, ondorioak aztertu dituzte eta horietan oinarrituta, energia gutxiago gastatzeko eta arduraz kontsumitzeko konpromisoak hartu dituzte, hala nola, ur txorrota ixtea edota argia itzaltzea behar ez dugunean, bizikleta eta garraio publikoa ahalik eta gehien erabiltzea, berogailua piztu aurretik arropa gehiago jartzea, argi naturala ahalik eta gehien erabiltzea edota elektrizitaterik gabeko baliabideak ahalik eta gehien erabiltzea, pantailen erabilera murriztuz eta gailu elektrikoen kargadoreak gauean eta behar ez direnean deskonektatuz. 

Udalari egindako proposamenei dagokienean, hauek dira ikasleek Tolosa jasangarriagoa egite aldera proposatutakoak:

  • Bizikletaren erabilera bultzatzea, txirringa guneak eta aparkalekuak jarriz, bizikletak alokairuan jarriz edota bidegorria ondo jarriz eta luzatuz.
  • Ingurumenaz gehiago arduratzea.
  • Eraikin publiko guztietan eguzki plakak jartzea eta erabilera bultzada bat ematea Tolosaldean, horretarako diru laguntzak eskainiz, adibidez.
  • Tolosako argiteriaren egoeraren ikerketa sakona egitea: faroletan sentsoreak jarri, gutxi kontsumitzen duten argiak jarri, argiteria berritu, pizteko ordutegia berrikusi…
  • Herriko etxe promozio guztietan etxe pasiboak edo antzekoak izateko baldintzak jarri.
  • Udal eraikinetan energia murrizteko neurriak hartu: led argiak, berogailua egokitu…

Udal ordezkariek halaber, proposamenei erantzun eta Tolosa herri jasangarriagoa eta atseginagoa egiteko lanean jarraitzeko konpromiso irmoa azaldu dute, ikasleen proposamenak aintzat hartuta. Horrekin batera, eskerrak eman dizkie guztiei egindako lanketagatik, ikasleek aurkeztutako proposamenak udala jasangarritasunaren alorrean lantzen ari den lan ildoekin oso bat baitatoz.

Tolosaldeko hainbat herrik ere parte hartu dute Eskola Agenda 2030 egitasmoan; Aduna, Alegia, Anoeta, Asteasu, Berastegi, Ibarra, Irura, Tolosa, Amasa-Villabona eta Zizurkilek hain zuzen ere. Eskualde mailan, guztira, Haur Hezkuntzatik Lanbide Hezkuntzara, adin ezberdinetako 7.500 ikasle inguruk aztertu dute energia irisgarria eta ez kutsakorra.

Esan bezala, aurten bi ikasturtetarako erronkari ekin diote ikasleek eta horri jarraiki, datorren kurtsoari begira, esku-hartze fasean murgilduko dira, ekimenak diseinatu eta martxan jarriz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!