1.000 kilo elikagai, egoera zaurgarrian dauden familientzat

Josu Artutxa Dorronsoro 2023ko eka. 1a, 20:00

Zutani elkarteak 'Jarri beste bat' elikagai freskoen elkartasun azoka antolatu du ekainaren 10erako, Tolosako Trianguloa plazan, eskualdean dagoen pobrezia eta kalteberatasuna bistaratzeko.

Urtebete igaro da Zutani Elkarteak Tolosaldean aitzindaria den Batu Sarea proiektua martxan jarri zuenetik. Tolosaldean zerbitzuen sare solidarioa sortu eta elkartasuna garatzea helburu duen egitasmoa da. Bada, orain, Kutxa Fundazioaren Hitzetatik Ekintzetara deialdiaren baitan, proiektu hori plazaratu eta herritarrei ezagutarazteko ekitaldia antolatu dute: Elikagai freskoen elkartasun azoka. Ekainaren 10ean izango da, larunbata, Tolosako Trianguloa plazan, Jarri beste bat izenburupean.

Azokara eraman aurretik, baina, elikagai freskoak bildu nahi dituzte, eta horretarako kanpaina bat abiatuko dute etzi, ekainaren 3an. Saltokietan eta kalean ariko dira, eta Trianguloa plazan etxola bat jarriko dute. «Erronka 1.000 kilo lortzea da, Tolosan egoeran zaurgarrian dauden 100 familiarentzat. Hala ere, gehiago dira herrian bizi eta elikadura osasuntsua eta orekatua lortzeko zailtasunak dituztenak; 220 familia inguru». Dagoeneko larunbateroko Tolosako Azokako ekoizleen babesa jaso dute, eta hauek ere kolaboratuko dute proiektuan. Izan ere, azoka egunetan herritarrek utzitako elikagaiak nahiz beraien soberakinak emango dizkiete elkarteari. Horiez gain, 250 herritar inguru aktibatzea da antolatzaileen asmoa.

Antolatzaileen esanetan, pobreziaren eta kalteberatasunaren inguruan herritarrak kontzientziatzea eta aktibatzea da ekimenaren helburu nagusia. «Elikadura egokirako eskubidea eskubide unibertsala da. «Tolosan eskubide hau ez da bermatzen. Herrian erroldatuta dauden 600 lagun inguruk ezin dituzte astero fruta eta barazkiak eskuratu. 190 adingabe desnutrizio arriskuan daude Tolosan».

Horregatik guztiagatik, herritarren parte hartze zuzena eskatu dute Zutaniko kideek. Aukera desberdinak izango dira horretarako. Batetik, elkartasun bonuak erosiz; 5 eta 10 eurotan jarriko dituzte salgai, ekainaren 3tik 10era bitarte, Trianguloa plazako etxolan. Bestetik, barazki eta fruta dendetan egongo diren itsulapikoetan ekarpenak eginez. Azkenik, ekainaren 10eko azokaren antolaketan parte hartuz edota azokara bertara elikagai freskoak eramanez (9:00-12:00).

Azokaz gain, 11 ekintza

Baina guztia ez da elikagai freskoen salerosketa izango. Elkartasun azokaz gain, ekainaren 10ean, sentsibilizazio jarduerak egingo dituzte. Batetik, lehen aipatutako etxolan, informazio gunea jarriko dute, eta bertan, Lurtaro kooperatibaren kolaborazioari esker, elikagai agroekologikoen garrantzia azalduko dute. Bestetik, elikadura osasuntsuari buruzko tailerra izango da, 7 eta 12 urte bitartekoentzat. Guki Ekodendako kideek dinamizatuko dute, eta parte hartu nahi dutenek aurrez eman behar dute izena, 2 euro ordainduz, aurrez aipatutako etxolan, ekainaren 5etik 9ra bitarte.

Horrez gain, elkartasun pintxoak egin eta salgai jarriko dituzte, eta errezeten txokoa ere izango da. «Beste herrialde batzuetako herritarrek beren herrialdeetako fruta edota barazkiak nola erabiltzen dituzten kontatuko digute». Azkenik, ikastetxeetan ere eman dute kanpainaren berri, eta bertako ikasleek pobreziaren inguruan egin dituzten marrazkiak ikusgai jarriko dituzte etxolan. Kale animazioa ere egongo da azokaren egunean.

Amaitzeko, Zutani elkarteak herritarrak animatu nahi ditu ekimenean parte hartzera animatu nahi ditu herritarrak, «gehien komeni zaien eran, elkarlanean aritzeko, esku eta gogo guztiak beharrezkoak eta ongi etorriak dira eta». Azoka posible egingo duten herritar eta taldeez ere oroitu dira, eta eskerrak eman dizkiete denei: karteletako pertsonaia ezagunei eta horien diseinuan aritu diren langileei, azokan parte hartuko duten saltokiei, larunbateroko azokako ekoizleei, herriko ikastetxeei, erakundeei eta herritar eta boluntario aktibo guztiei. «Espero dugu elkartasun azoken inguruan sortutako lankidetzak denboran irautea, sinergia berriak sortuz.
 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!