Bi ibilbide Abraham Olano zikloturista martxan parte hartzeko

Imanol Garcia Landa 2023ko mai. 31a, 19:59

Igande honetan egingo da, eta irteera zein helmuga Tolosako Usabal kiroldegi ondoan izango du; ibilbide motzak 90 kilometro inguru izango ditu, eta luzeak 133

Oriako Txirrindulari Eskolak VIII. Abraham Olano Martxa - 11 Tontor zikloturista martxa antolatu du igande honetarako. Bi ibilbide izango ditu martxak: luzeak 133 kilometro inguru ditu eta motzak 90 kilometro inguru. Parte hartzaile guztiek ibilbide motza egingo dute, eta luzea egitera animatzen direnek ibilbidea osatu ahalko dute.

Tolosako Usabal kiroldegiaren parean hasiko da martxa, 08:30ean. Irura, Villabona eta Asteasu igaro ondoren Andazarrate mendatea igoko dute. Ondoren, Aia, Zarautz eta Getaria pasa ondoren, Garate mendatea igoko dute eta gero Aizarnan anoa puntua izango dute. Etumeta gaina igotzea egokituko zaie jarraian, eta Errezilera jaitsi ondoren Bidaniara igoko dira. Albizturtik igaro eta gero Tolosara iritsiko dira, irteera puntutik pasatzeko. Ibilbide motza egiten dutenek hor bukatuko dute bere martxa, eta luzea egiten ari direnek aurrera jarraituko dute, Txarama aldera joanez. Ondoren, Altzora igoko dira, eta hortik Alegiara joango dira, gero Orendainera igotzeko. Abaltzisketatik eta Amezketatik pasa ondoren, berriro Altzora igoko dira, eta behera jaisterakoan, Lizartza aldera joko dute. Hortik Gaztelu aldera igoko dira aldapa piko baten bitartez, eta handik Leaburu aldera jaitsi eta Tolosara joango dira, Usabalgo helmugara iristeko.

Aitor Aiertza Oriako Txirrindulari Eskolako lehendakariak azaldu duenez, «ibilbide motzaren itzuli hori asko gustatzen zaigu. Baditu kilometro batzuk eta bere gogortasuna ere badu; hemengo zikloturisten artean hain ezaguna den Larraizko buelta baino gogorragoa da. Itsaso aldera joateko aukera ematen dizu eta oso polita da».

Izena eman nahi duenak Kirolprobak.com webgunean eman dezake, eta larunbata da horretarako azken eguna. Azken aste honetan federatuta daudenak 30 euro ordainduko dute, eta federatu gabe daudenak hamar euro gehiago. «Jasotzen den dirua, martxaren gastuei aurre egiteaz gain, Oriako Txirrindulari Eskolaren jardunari laguntzeko izaten da», zehaztu du Aiertzak. «Horregatik, zikloturistei animatzen diegu parte hartzera, eskualdeko txirrindulari gazteei bultzada bat ematen laguntzen dutelako». Abraham Olano Oriako Txirrindulari Eskolako lehendakariordea da eta bera ere parte hartzekoa da igandeko martxan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!