Alondegi plaza izendatu dute aurten kerik gabeko gune

Tolosaldeko Ataria 2023ko mai. 31a, 17:58

Tabakorik Gabeko Nazioarteko Eguna da gaur, eta osasunaren eta ingurumenaren aldeko apustua egiten jarraituz, Tolosako ikastetxeek sentsibilizazio ekintzak egin dituzte.

Tabakorik Gabeko Nazioarteko Egunaren harira, Tolosako Alondegi plaza izendatu dute aurten kerik gabeko gune, Tolosaldea kerik eta zigarrokinik gabe proiektuaren baitan. Proiektua nerabeen prebentzio komunitario mahaian parte hartzen duten hainbat erakunderen elkarlanetik sortu zen orain bederatzi urte, Tolosako Udalaren, Minbiziaren Aurkako Gipuzkoako Elkartearen, Tolosaldeako ESIaren, eta Tolosaldea-Goierriko Osasun Saileko kideen elkarlanetik, zehazki.

Aurreko urtean, Osasun Sailak sustatutako Kerik Gabeko Guneak ekimenari jarraipena emanez, Lizardi plaza izendatu zen tabakorik gabeko gune Tolosan, eta aurten, berriz, Alondegi plaza. Ondorioz, eremu hori kerik gabeko gune izatea sustatuko da aurrerantzean. 

Aldi berean, Tabakorik Gabeko Nazioarteko Egunarekin bat eginez, azken astean sentsibilizazio eta informazio saioak egin dira tabakoaren inguruan udalerriko ikastetxeetan, eta gaur goizean Orixe eta Laskorain ikastetxeetako DBH-ko ikasleek ekintza kolaboratzailea egin dute Alondegi plazan: mural bat margotu dute Arantxa Orbegozo Txitxiren gidaritzapean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!