Bedaio eta inguruak ezagutzeko

Ataria 2023ko maiatzaren 31

Bedaioko Mendi Martxaren hamaseigarren edizioa egingo da igande honetan. Aurreko urteetan bezala, parte hartzaileek bi ibilbide izango dituzte aukeran.

Lehenengoak, luzeenak, 23 bat kilometroko distantzia hartzen du, Artubi mendiaren gailurrera iristen da (1.262 metro) eta guztira 1.800 metroko desnibel positiboa du. Ibilbideak mendiko eremuak, basoa eta mendi-pistak uztartzen ditu. Bigarren ibilbidea laburragoa da, 16 kilometro inguruko distantziarekin, mendian ibiltzen ohituta dauden zortzi urtetik gorako haurrak dituzten familientzat diseinatua, betiere heldu baten begiradapean.

Igandean bertan eman daiteke izena ekitaldian, baina antolatzaileek eskertzen dute aurrez izena ematea prozesua arintzeko eta aurreikuspenak egiteko. Izena emateko, nahikoa da mendimartxa@bedaio.com helbidera mezu elektroniko bat bidaltzea, parte hartzaileen izen-abizenak eta ibilbide luzea edo laburra egingo den adieraziz. Izena ematearen kostua 10 eurokoa da eta 14 urtetik beherakoak doan dute. Bi ibilbideek abiapuntua eta helmuga Bedaioko frontoian izango dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!