45 milioi eurokoa izan zen 2022ko Tolosako behin betiko aurrekontua

Tolosaldeko Ataria 2023ko mai. 31a, 07:57

Pasa den ostegunean egin zuen udalbatzak 2019-2023 legealdiko azken osoko bilkura. Besteak beste, iazko aurrekontuaren likidazioa eta kreditu aldaketak izan zituzten hizpide, udal txistulari bandako zuzendariari lanaldia igotzea onartu zuten eta bi mozio jorratu zituzten.

Pasa den ostegunean, legealdiko azken osoko bilkura egin zuten Tolosako Udalean. Ohitura den moduan, Tolosako Udalaren maiatzeko osoko bilkuran 2022ko likidazioaren berri eman zen. Likidazioak adierazten du noraino gauzatu diren aurreikusitako gastuak eta sarrerak. Hasierako aurrekontua, 34,5 milioi eurokoa izan zen, behin betiko aurrekontua berriz, 45 milioi eurokoa, urtean zehar egindako kreditu aldaketak medio.

Inbertsioen atalean aurreikusitako proiektuak gauzatu, martxan jarri edota urte amaierarako (likidazioak abenduak 31 arte ordaindutako inbertsioak jasotzen ditu) abiaraztea lortu dela adierazi zuen udal gobernuak:

  • Gorriti eranskinaren erosketa eta eraispen lanak abiarazteko prozesua.
  • Arkauteko teilatuaren konponketa.
  • Asfaltatze lanak.
  • Haur jolastokien berritzea
  • Paper kalearen berrurbanizazioa
  • Izaskungo aldapako estolderia lanak
  • Amarozko Auzo-etxe alboko estalkia eta jolas parkea.
  • Eguzki plaka berriak
  • Zezen plazako 4 fasea (exekuzioan zegoena)
  • Emakumeen Etxea (exekuzioan zegoena)
  • Abegiko obra (exekuzioan zegoena)
  • Usabalgo 3. Fasea (exekuzioan zegoena)

Inbertsioez harago, arlo sozialean bereziki, iaz zerbitzuen indartzea «nabarmena» izan zela adierazi zuen udal gobernuak: «Familia esku-hartze programen sendotzea, Abegi etxean gau eta eguneko zerbitzu integrala, adineko pertsonentzako eguneko arretaren indartzea edota etxez etxeko laguntzaren sendotzea, besteak beste. Etxebizitza alorreko proiektuak, garapen ekonomikoari lotutakoak zein kultura edo berdintasun sustapenari lotutakoak ere kontuan izan behar dira, inbertsioei lotutakoak ez badira ere, herritarrei eskainitako zerbitzuan eragin zuzena dutelako».

Legealdi «konplexua» izan dela adierazi zuten udal gobernuko kideek. «Pandemia ondoren bi krisi etorri dira, ekonomikoa eta energetikoa, eta horiek eragin zuzena izan dute udalaren gastuen igoeran. Hala ere, udal baliabideen kudeaketa zorrotzari esker, udalaren egoera finantzarioa ona da eta horrek ahalbideratu du herritarren onurarako neurriak hartu ahal izatea, esaterako tasak eta zergak KPIaren azpitik igotzea».

Andu Martinez de Rituerto (bilkura egin zenean, oposizioan zegoen EH Bildu alderdiko bozeramailea) oso kritiko agertu zen udal gobernuaren kudeaketarekin. «2022ko aurrekontuen betetze maila %66,77koa izan zen eta legealdiko bataz bestekoa %70ekoa, eta inbertsioen exekuzioa aldiz %30ekoa, %35eko bataz bestekoarekin, exekuzio maila oso baxua alegia. Kontziente gara beti ez dela posible aurreikusitako guztia betetzea, baina legealdi osoan zehar ez dugu egindakoaren inongo azterketarik ikusi. Edozein planifikaziok izan beharko lituzkeen azken bi faseak faltan bota ditugu zuen kudeaketan, ebaluazioa eta hobekuntzarako neurriak», ondorioztatu zuen.

Kreditu aldaketak

Maiatzeko osoko bilkuran, halaber, 2,8 milioi euroko kreditu aldaketa egitea onartu zen, kreditu gehigarrien modalitatean. 1,7 milioi euro Giza Baliabideen alorrera bideratuko dira, lanpostuen balorazioak aurreikusitako igoerak ordaintzeko, udal lanpostuak egonkortzeko prozesua aurrera eramateko administrari bat kontratatzeko eta gizarte langile bat gehiago kontratatzeko. Bestetik, eraberrituak izan diren eraikin publikoen gastuak ordainduko dituzte (Topic-en egindako obrak eta Abastos eraikineko hezetasunak kentzeko lanak, besteak beste) eta etxez etxeko zerbitzuko lizitazioko aurrekontua %10 igoko da.

Diru laguntzei dagokienez, negozio berrien irekiera sustatzeko EKIN programako laguntzak ebazteko eta aurtengo deialdia egiteko dirua jarriko dute, guztira, 100.000 euro. Gauza bera egingo dute alokairu ordainketa errazten laguntzeko diru laguntzarekin. Iazkoak ebazteko eta aurtengo deialdia egiteko 125.000 euro, beharrezkoa balitz diru gehiago jartzeko konpromisoarekin, ez dadin inor kanpoan geratu.

Bestalde, Hodeiertz eta Tolosako Ekinbide Etxearen urteurrenetarako diru laguntza berezia emango da aurten eta Tolosaldeko Lanbide Heziketari ere laguntza berezia emango zaio kotxearen erabilera murrizteko, bizikleta eta patinete elektrikoak eros ditzaten. Obrak iraun bitartean zaurgarritasun egoeran dauden pertsonei zerbitzua emateko beharrezkoa den aurrekontua ere baliatuko da kreditu aldaketaren bidez. Ondorengo lanak aurrera eramateko ere erabiliko da kreditu aldaketa:

  • Hilerriko sarreran obrak egiteko eta nitxo berriak egiteko.
  • Ados programa martxan jartzeko.
  • Iurreamendin babes ofizialeko etxebizitzak egiteko lurrak eusteko lanak.
  • Led argiak eta gizarte zerbitzuen aireztapena.
  • Aldaba auzoko estolderia obrak.

Kreditu aldaketan aipatutako diru laguntza guztiak emateko, 2023ko diru laguntzen eranskina aldatzeko proposamena eta 2023-2025 diru laguntzen plan estrategikoaren aldaketa egitea onartu zuten osoko bilkuran.

Puntu gehiago

Bestetik, behin betikoz onartuta geratu ziren bide publikoan aldamioen egiturak, garabiak eta obretarako beste bitarteko laguntzaile batzuk instalatzeko udal ordenantza berria eta Tolosako Udalaren ondasun eta eskubideen errolda. Azken honetan, EH Bilduko zinegotziek gogora ekarri zuten Gardentasun legeak Udal administrazioetako karguen ondasun eta ordainsarien informazioa publiko egitea agintzen duela, eta duela bi urte informazio hau publikatzea eskatu zuten arren, legealdi amaiera iritsita Udal Gobernuak legea bete ez duela salatu zuten.

Tolosaldeko Mankomunitatearen estatutu aldaketak ere onartu ziren. Nagusiki hiru aldaketa egin dira estatutuetan: artikuluak foru arau berrietara egokitzea, udalen ekarpenak egiteko irizpideen zehaztapena, biztanle kopuruaren arabera eta genero ikuspegia txertatzea. EH Bildu abstenitu egin zen gai honetan, «ez delako ziurra berme juridiko handiagoa ematearren egin diren azken aldaketak Mankomunitateko Batzarrak onartuko dituen».

Onartutako beste puntu batzuen artean daude herritarrei zerbitzu hobe bat eskaintzeko eta udala, udal lanpostuak eta langileen funtzioak egungo behar berrietara egokitzeko garatutako lanpostuen katalogoa eta balorazioa, sailen organigrama berria eta 2023ko lanpostuen zerrenda behin betikoz onartzea, aurkeztutako errekurtsoak ebatzi ondoren. Halaber, Emeterio Arreseko plazako egoitzako tabernako prezioak eguneratzea eta itxitako ekitaldiko fakturak ere onartu zituzten, eta Euskal Herria plazako 1 zenbakian kokatutako eraikinari zuzeneko emakida esleitzeko prozedura hutsik deklaratzea onartu zuten, Tolosako Ekinbide Etxeak atzera egin izanagatik.

Udaletxeko Lanpostuen balorazioari dagokionez, 2022ko abenduaren 15eko akordioaren (Tolosako Udaleko behin betiko lanpostuen katalogoa eta balorazioa, sailen organigrama berria eta 2023ko Lanpostuen zerrenda onartzen duena) aurka ELAk eta hainbat langilek jarritako errekurtsoa izan zuten hizpide. Ander Figueridok (bilkura egin zenean, oposizioko zinegotzia), prozesuan eman den gardentasun falta salatu zuen. «Horrenbeste luzatu den prozesu honetan, zuen iritziz ezin hobeto egindakoa, enegarren errekurtsoen aurrean aurkitzen gara, gehienak berriz ere atzera bota dituzue, inongo txosten teknikoren oinarririk gabe, erantzun oso orokorrekin, eta gure ustez lanpostu bakoitzaren lan, funtzio eta berezitasunak zehaztu eta balio objektibo bat eman gabe», leporatu zion udal gobernuari.

Txistu irakasle eta udal txistulari bandako zuzendariari lanaldia igotzea ere onartu zuen udalbatzak. EH Bilduk erabakia babestu eta bidezkotzat jo zuen, eta pozik azaldu ziren «kultura saileko buruaren txostena eskatu delako behingoz eta diru partida kontsignatuko zaiolako, urtarrilean ez bezala». Hala ere, kritiko agertu ziren atzera-eraginkortasun ezarekin. «Lanaldia handitzeko eskaria 2003tik dator, aurreko txistulari bandako zuzendariak egina eta alde batera utzi zena, eta egungo zuzendariak 2018an eskatu zuen. Zuzendari lanak ez ditu hasiko irizpen hau onartzean, beti egin izan ditu, bestela udal txistulari bandak ezin izango zuen bere lana orain arte bezain fin egin. Gipuzkoan geratzen den udal txistulari banda bakanetakoa da Tolosakoa, historia luzea duena eta egun Tolosari gainbalio bat ematen diona. Zaindu dezagun», gehitu zuen Figueridok.

Mozioak eta Usabalgo greba

Amaitzeko, bi mozio jorratu zituzten: lehena, Iocus Basque SL establezimenduaren jarduera mugatzeko eta hala badagokio ixteko neurriak har ditzan Eusko Jaurlaritzari eskatzea helburu zuen mozioa, eta bigarrena, Tolosako Udalean garatutako memoria eta bizikidetza prozesuari buruzko mozioa. Biak aho batez onartu zituzten.

Kiroldegiko langileen greba hizketagai izan zuten bilkura amaieran. Bertako langileek, negoziaketak desblokeatzeko nahiarekin, datorren urterako tarifen eguneraketa egiteko konpromisoa eskatu zieten Udalbatza osatzen duten alderdiei.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!