Haurren Hiria egitasmoan landutako ideiak aurkeztu dituzte Tolosako ikasleek udalbatzan

Tolosaldeko Ataria 2023ko mai. 30a, 16:00

Osasun mentalaren eta emozionalaren baitan, emozioak, heriotza eta dolua, jazarpena eta bakardadea izan dira ikasturte honetan landu dituzten gaiak.

Tolosako Haurren Hiria proiektuaren bidez, haurren ikuspegitik herria nola bizi duten ezagutu nahi da, baita haurrak herritar sentiaraztea, komunitate baten parte direla ikusaraztea eta beren hitzak garrantzia duela erakustea. Ikasturte bakoitzean gai jakin bat jorratzen dute eta aurten osasun mentalaren eta emozionalaren baitan, emozioak, heriotza eta dolua, jazarpena eta bakardadea izan dituzte hizpide Herrikide, Laskorain eta Samaniego ikastetxeetako 8 eta 12 urte bitarteko ikasleek.

Ikasturtean zehar bost bider elkartu dira gaiaren inguruan hausnartzeko, eta saio bakoitzean aditu baten laguntzaz jorratu dituzte gaiak. Arlo horietan haurren ikuspegitik Tolosan zein hobekuntza egin daitezkeen identifikatzea izan da helburu nagusia.

Adostu dituzten proposamenak ostegunean aurkeztu zituzten udal ordezkarien eta parte hartu duten haurren senideen aurrean, udaletxeko udalbatza aretoan, maiatzeko osoko bilkuraren aurretik.

Besteak beste, ongizate emozionalaren inguruan hauek dira egin dituzten proposamenetako batzuk: arreta psikologikoa doan eskaintzea eta eskola publikoa bermatzea haur guztientzat, doluaren inguruan hitz egiteko tertuliak antolatzea, eskoletan bullying-ari buruz laguntzeko irakasle bat ahalbidetzea, eskoletan jazarpenaren inguruko saioak antolatzea eta bakardadea pairatzen duten pertsonentzat topagune bat jartzea, besteak beste.

Zezen plaza zabalik

Horrez gain, Tolosako haurrek aterpe gehiago ahalbidetzea eskatu dute, euria egiten duenean jolasteko leku bat izateko, eta baita asteburuetan zezen plaza eta eskolak irekita egotea ere. Herriko toki ilunak argiztatzea da beste proposamenetako bat, seguruago sentitu daitezen.

Ikusi hemen osteguneko aurkezpena:

Argazkiak eta bideoa: Tolosako Udala

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!